GARA Euskal Herriko egunkaria
KOLABORAZIOA

XXI. mendeko «Gernikak»


Kapitalismoa sistema harraparia da. Bizitza bera kolokan jartzerainoko fase batera garamatza, natura eta jendartea jomugan jarriz. Testuinguru aztoratua bizi dugu, eta memoria dugunok ezin dugu egungo errealitatea onartu. Besteak beste, bizi izan ditugun gertaera lazgarrien ondorioak ederki ezagutzen ditugulako.

Askatasuna, demokrazia, justizia eta elkartasuna urratzen dituzten eliteen interes politikoak daude erdigunean, eta horien aurrean ahotsa altxatzea dagokigu Gernikatik. Nola ez egon, bada, Irango emakumeen «emakumea, bizitza, askatasuna» aldarrien ondoan!

Mendeetan pertsona migranteen sehaska eta inperio kolonialen sorburua izan den Europa honek bere mugak lotsagabe itxi dituenean, Mediterraneoa hilobi erraldoia bihurtzen jarraitzen du; are gehiago, giza laguntzan ari direnen lana oztopatzen ari dira; hor dugu Aita Mari salbamendurako euskal itsasontzia, isun erraldoi bat jasotzeko arriskuan.

Bitartean, Europako estatuek Leopard izeneko tankeak Ukrainara bidaliko dituztela iragarri dute, NATOren estrategiarekin erabat lerrokaturik, deseskalada belikoa, diplomazia eta elkarrizketa inoiz baino gehiago aldarrikatu eta garatu behar diren unean. 37 urte beteko dira Hego Euskal Herriak NATOri ezezko borobila eman zionetik. Ez da maiz gertatzen herriari funtsezko gai baten inguruan zuzenean galdetzea; eta euskal herritarrok ez genuen pasatzen utzi gerra inperialistarako aliantza militarraren parte ez genuela izan nahi esateko aukera. Gaurko egunez, herri mandatu hura berresteko arrazoiak baino ez ditugu.

Baina ez gara inozoak; jakin badakigu pertsona ugariren sufrimendua eragiten duten gerren logikek arma industria indartsu bat dutela atzean eta kontziente gara tartean euskal herritar eta enpresa ugari daudela. Bi adibide, lagin gisa: Leopard tankeen kateak eta gurdien tren-errodajeak Aperribay buru duen SAPA euskal enpresak fabrikatzen ditu, eta Satlantis Microsats satelite-enpresa bizkaitarra «Gerra Hotz Berrian» Mendebaldeari laguntzen diola aldarrikatzen ari da. Europako defentsa programaren esparruan lidergoa darama 4,8 milioi euroko dirulaguntza jaso duten bi proiekturen bidez. Gerra hemen hasten da, zalantzarik gabe.

2022. urtea izan da palestinarrek 2004tik bizi izan duten hilgarriena: 240 palestinar baino gehiago hil dituzte, tartean 40 haur eta nerabe. Gaur egun, Israelgo espetxeetan 4.700 palestinar inguru daude, horietatik 15 adingabeak, eta 800 baino gehiago kargurik eta epaiketarik gabe daude preso, palestinarrekiko elkartasun elkarteen datuen arabera. Aurten jada 40 palestinarretik gora erail ditu Israelgo Armadak.

Orain gutxi Israelgo Segurtasun Nazionaleko ministro ultraeskuindarrak Palestinako ikurrina espazio publikoetan erakustea debekatu du, errepresioari, lurren okupazioari eta jazarpenari eutsiko diotela adieraziz. Hau guztia, nazioarteko komunitateak ezer esan eta egin gabe jarraitzen duenean.

Mendebaldeko Sahara da kolonialismoaren beste adibide bat. Espainiar Gobernuak Marokorekin goi-bilera egin berri du, eta azken honek Sahararekiko interesa izatea «ulergarri» egiten zaiola adierazi du. Gerrara kondenatzen ari dira saharar herria: bai Marokoren zapalketa eta bai Espainiaren konplizitate isila. Ordainean Europa hornitzeko Afrikako mendebaldeko kostaldetik joango den petrolio eta gas hodi zirkuitu berria dago. Horretarako, noski, Maroko sozio printzipala da.

«Gernika gehiagorik ez, ez hemen ez inon» irmoki tatuaturik dugu. Horregatik ozen diogu gerren aurka eta herrien eta jendarte askatzaileen alde gaudela.