GARA Euskal Herriko egunkaria
KOLABORAZIOA

Borondatea vs hezkuntza eskubidea


Ratio altuak, burokrazia, prestakuntza orduak eskas, ikasleen beharrei erantzuteko baliabideen murrizketa... Hori al da inklusioa? Larria da pentsatzea sei urteko haurrek bizi duten patologiaren aurrean (diabetesa) Hezkuntza Departamentuak soilik web orrian zintzilikatutako paper soil bat izatea, protokolo bat. Bertan zer egin behar den zehazten da, baina Hezkuntza Departamentuak ez ditu baliabideak ematen hau aurrera eramateko. Hortaz, irakaslearen borondatearen esku gelditzen da nola zaindu eta bermatu ikasle hauen beharrak.

Nahi izatekotan, paper bat sinatu gurasoen baimenarekin eta, formakuntza jaso ondoren, ikasleek behar dituzten osasun zaintzak burutu ditzake tutoreak edo eskolako beste langileren batek; norberaren esku dago, borondate kontua.

Zein da beste aukera? Kasu gehienetan, ama baten esku uztea; badakigu, gizarte patriarkalean lana utzi eta haurren zaintzaz arduratzea emakumeari egokitu ohi zaio. Bitartean, eskolak ez du baliabide pertsonaletan ordu bakar bat ere jasotzen behar hauek asetzeko; hortaz, berriz ere zuzendaritzaren borondate onari esker baliabide hauek honetara bideratzen dira, beste behar batzuetarako diren baliabideak murriztuz.

Kalkulua: 24 ikasle artatu, zaindu eta hezten ditugu (bere behar anitzekin) eta egunero jostaldi eta bazkal aurretik bi irakasle behar ditugu gelan, intsulina jartzen dugun bitartean ikasleak zaindu nahi baditugu. Horri gehitu behar zaio egunerokotasunean hainbeste estimatzen ditugun familiekin koordinazioa, beharrezko tresna guztien kudeaketa egunero, jantokiarekin koordinazioa... Eta, noski, gure ordutegian ez da funtzio hau kontenplatzen, eta are gutxiago arrisku biologikoa gure soldatan; borondate kontua.

Irakasle, terapeuta, erizain, zaintzaile bihurtu gara, gure ikasleen beharrei ahal dugun moduan erantzunez. Eta zer edo zer larria gertatu arte, gure borondateak dihardu! Badakizue politena zer den? Eskolak ez duela erizain baten zerbitzua izateko inongo aukerarik. Beraz, haurren hezkuntza eskubidea bermatzeko aukera bakarra familiako kide baten lana uztea, irakasleon borondatea edo eskola kontzertatura joatea litzateke! Diru publikoarekin ordaintzen dugun hezkuntza kontzertatuak bere kuotekin aukera du erizaina haien diruarekin kontratatu ahal izateko, eta gu, bitartean, baliabiderik gabe.

Eskerrak gure familiek eskola publikoa defendatu eta maitatzen duten! Haserre gaude, nekatuta, zamatuta. Kalitatezko hezkuntza nahi dugu, borondatea albo batera utziz, denon eskubideak bermatzen dituena! Osasun etxeetatik bideraturiko erizainak behar ditugu eskoletan!

Ratioen jaitsiera, kidego bakarraren eraketa, hezkuntza publikoan BPGaren %6ko inbertsioa orain behar dugu! Inklusioaren, berdintasunaren eta ekitatearen pegatina hutsez nekatuta gaude! Kalitatezko hezkuntza ez dago gure borondatearen esku! Hezkuntza eta Osasun kontseilaritzek baliabideak bermatu behar dituzte, ikasle guztien hezkuntza eskubidea bermatuz! Eskoletan erizainak behar ditugu orain!