GARA Euskal Herriko egunkaria
F LIGA

Era ezberdineko baina min berbereko kolpeak hartu dituzte Realak eta Athleticek

Sevillak Zubietan irabazi zuen (0-3), talde biek bizi duten sasoia erakutsiz. Atleticok luzapenean sari barik utzi zuen bizkaitarrek egindako lana.

Maitane eta Peke, lehian. (ATHLETIC CLUB)

Larunbatean gaizki hasi eta igandean gaizki amaitu zen otsaileko etenaldi luzearen aurreko azken jardunaldia. Era ezberdineko porrot mingarriak jaso zituzten Realak eta Athleticek, bezperan Alavesek egin zuen bezala.

Realak eta Sevillak bizi dituzten momentu kontrajarriak ikusi ziren Zubietan. Antzeko helburuekin ekingo diote Ligaren azken herenari; baina donostiarrak minduta daude aldartez, azken asteotan euren hiru ilusioak desagertu ondoren, eta fisikoki urte hasierak izan duen exijentzia handiagatik eta, gainera, hiru jokalari -Ceci, Gaby, Specht- galdu dituztelako. Sevillak, aldiz, denboraldi hasierako atsekabeak ahaztu ditu eta beren unerik goxoena bizitzen ari da. Berdinketa bat eta lau garaipen ospatu ditu azken bost jardunaldietan, eta atzoko puntuekin Reala bera harrapatu du sailkapenean.

Hori guztia ikusi zen zelaian. Etxekoek jokoa menderatu zuten fase batzuetan, baina ez zuten asmatu horiek ez aprobetxatzearen frustrazioa kudeatzen, ez eta aurkariaren arma nagusiak neutralizatzen ere. Honek ideiak argi izan zituen eta eraginkortasunez gauzatu zituen.

Hobeto zelairatu zen Reala, baina bere bi aukera garbiak ez ziren sartu. Sevillak, berriz, hirugarren saiakeran asmatu zuen. Paynek, Zubietan onena izan zenak lortu zuen. Atsedenaldiak ez zuen dinamika aldatu, eta Paynek berak handitu zuen aldea gol eder batekin. Zuri-urdinak aurrera joaten saiatu ziren, baina aukera garbienak eta hirugarren gola kanpokoek lortu zituzten.

AZKEN MINUTUAN

Hobea izan zen Athleticek emandako irudia, sari barik geratu arren. Bosgarren porrota jarraian izan da, eta jaitsieratik hiru puntutara besterik ez da geratu.

Atleticok jokoa menderatu zuen, baina bizkaitarren lanak saihestu zuen etxeko taldeak gol aukera larregi edukitzea. Quiñonesen geldiketak, hala ere, ezinbestekoak izan ziren atea hutsean mantentzeko. Lehen zatiko azken minutuetan Athleticek jokoa orekatu zuen, eta horrela segitu zuen atsedenaldiaren ondoren.

Epaileak neurriz gorako txartel gorria erakutsi zion Zubietari 67.ean, partida are gehiago gogortuz bizkaitarrentzat. Tinko eusten eta sufritzen jakin zuten Atleticoren etengabeko ofentsibaren aurrean, baina luzapenean puntuak ihes egin zien.