GARA Euskal Herriko egunkaria

LHAKPA XERPAK HIMALAIAKO BESTE KRISTALEZKO SABAI BAT HAUTSI DU

Lhakpa Xerpak hamar aldiz igo du Everest, azkenekoz iazko apirilean. Nepalgo emakumeak lortutakoak ez du izan harrabotsik, eta munduko mendi altuenera igo den bakoitzean ez du izan babesleen inolako laguntzarik. Aurten K2ra igotzea da haren asmoa.

Lhakpa Xerpa eskalatzailea, artxiboko irudi batean. (Prakash MATHEMA | AFP)

Xerpak Nepalgo eskualde menditsuetan bizi dira, eta ezagunak dira Himalaiara joaten diren espedizioetan laguntzaile moduan aritzen direlako. Askotan eskalatzaile profesionalak dira oihartzuna izaten dutenak munduko gailur handienetara igotakoan; ez, ordea, xerpak. Are gehiago, askotan haien izenak ez dituzte aipatu ere egiten. Lhakpa Xerpak -halako deitura eman diote ‘The New York Times’ egunkarian- iazko apirilean igo zuen Everest hamargarren aldiz: emakume batek inoiz egin duen igoera kopururik handiena. Lortutakoak, ordea, ez du oihartzunik izan, ezta gutxiagorik ere. Lasta bikoitza baitarama soinean Lhakpak: xerpa eta emakumea izatea.

Artzain eta etxekoandre baten 11 seme-alabetako bat zen, eta Makalu (Nepal) mendiaren magalean koskortu zen, munduko bosgarren mendirik altuenean (8.481 metro). Himalaiako izotz urdina zapaldu zuen lehen aldian oinutsik zioan. Izan ere, gurasoek ez zuten dirurik seme-alaba guztientzat zapatak erosteko, eta, beraz, anaiak soilik joaten ziren eskolara. «Ez genuen telebistarik, ez mugikorrik. Ardiak eta hegaztiak begiratzen pasatzen nuen eguna. Everest mendia ere ikus nezakeen nire herritik», adierazi du Lhakpak.

Mendira joateko etxetik irteten zen bakoitzean oinutsik eta bakarrik egiten zuen, amak hori gaitzetsi arren. Aita, aldiz, ohartu zen alabak zuen indarraz, eta udaberri batean Makaluko kanpaleku nagusitik gora bidali zuen arkumeak jasotzera. Han sokez eta pioletez jantzitako xerpekin topo egin zuen, eta geroztik haietako bat bihurtuko zela hitzeman zuen, nahiz eta emakume xerpei ez zizkieten halako lanak eskaintzen.

15 urterekin zamaketari moduan hasi zen zama astunak mendi malkartsuetan gora eramaten, eta bi urtetan, sukaldari bilakatu zen, -Lhakparen ibilbide profesional ezohikoaren erakusgarri-. Egun osoan mendian gora eta behera ibili ondoren, gero sukaldera joaten zen lanera. Hilean 50 dolar inguru -46,54 euro- ordaintzen zizkioten. 2000. urtean zamaketari bihurtu zenetik hamar urte pasatu gabe, Lhakpak eskatu zion Sujata Koirala Nepalgo ondorengo lehen ministroari herrialdeko emakumeen lehen espedizio bat finantza zezan, Everestera joateko. Urte hartako maiatzean, Everesteko Alabak izeneko zazpi emakumek hasi zuten munduko mendirik altuenerako igoera. Taldea gailurrera iristeko prest zegoen egunean, espedizioko sei emakume gaixorik zeuden, altitudeak eraginda. Lhakpa izan zen tontorrera iristen bakarra, eta, hala, bigarren emakume nepaldarra izan zen gailurrera ailegatzen, eta lehena kanpaleku nagusira itzultzen. Izan ere, 1993an Pasang Lhamu Xerpa izan zen lehena mendia igotzen, baina jaitsieran hil egin zen.

HAMARGARREN IGOERA

2022an nepaldarrak Whole Foods supermerkatuan egiten zuen lana utzi zuen, hamargarren aldiz Everestera igotzeko. 34 gizonek bakarrik lortu dute hori, eta haietako 26 xerpa jatorriko nepaldarrak dira. Lhakpak Himalaiako beste kristalezko sabai bat hautsi nahi zuen. Tamalez ez zuen babeslerik, emakumeen eskaladan ohikoa denez. Hamargarrenez loria dastatu nahi bazuen, bere kontura egin beharko zuen. Maiatzean Everestera igotzeko hiru egun apropos egongo zirela jakinarazi zutenean, egun horietako batean abiatu zen tontorrera, eta gaueko 22.00ak aldera 26.000 oin baino gehiago eginda zeuzkan. Shiny bere alaba kanpamentu nagusian zegoen walkie-talkie batekin, ama hamargarren aldiz munduaren gailurrera iristen zeneko une zehatza zein zen jakiteko -maiatzaren 12an izan zen, goizeko 6.30ean-.

Gailurrera iristea, baina, bidearen erdia besterik ez da. Lhakpak arriskuan jarraitzen zuen; ez zuen urik, erabat leher eginda zegoen, eta bere buruak esaten zion esertzeko, eta atseden hartzeko; baina ezin zuen, han geratuz gero hiltzeko arriskua oso handia baitzen. Lhakpak behin eta berriz borrokatu zuen bulkada hilgarri horren aurka, kanpamendu basera iritsi zen arte. Han, alaba ikusi zuenean, malkoak zituen masailetan. Lortutakoak eskaladako prentsan harrabotsa izan bazuen ere, babesleek ez zioten deitu. Hortaz, Connecticutera itzuli zen berriro: lanik gabe eta ordaindu beharreko fakturekin.

Lhakpa aseezina da, eta motz geratu zaio Everestera hamar aldiz igotzea. Izan ere, aurten K2 eskalatzeko asmoa du, Everestera beste saiakera bat egiteaz gain. Bi alabekin joan nahi du Everesteko kanpamentu nagusira, mundu osoko neska talde batekin: «Hogei 'alaba' eraman nahi ditut. Eskaladako teknikak irakatsi nahi dizkiet, eta erakutsi neskak gai garela mendiak eskalatzeko».