16 FéV. 2023 AZKEN PUNTUA «Social (T)issues» Aitziber Pz. KARKAMO Kazetaria Bihartik aurrera Edurne Herran artistaren “Social (T)issues” erakusketa izanen da ikusgai Gasteizko Montehermoso kulturgunean. Arropak aitzakia gisa hartuta, artista arabarrak jendartearen begiraden inguruan hausnartzera bultzatuko gaitu. Asko aldatu da moda gure amonak jostunak ziren garaietatik. Baina, nolabait, haien garaiko zenbait arau sozialek iraun egiten dute. Emakumeen gorputzak estaltzeko balio zuten jantziak askoren begiradetan daude islatuta. Horrela, emakumeon titiburuak nabarmentzea edo erakustea gizarteak zigortutako tabua da oraindik. “Soilik baietz da baietz” legearen kontura gure erabakitze eskubidea bermatuko dela dioten horiek berak dira gure titiak estali behar ditugula diotenak. Eta aski ez balitz, zelan jantzi ere esaten digute: hain zuzen, denok janzkera bera eramateko moda ezartzen duten kate handietako arropak erosiz. Baina jantzien errebolta abiatu dute emakume hauetako zenbaitek. Inditex edo H&M taldeetako langileek deitutako grebaren aldarrikapena izaera ekonomikotik harago doa. Feminizatutako sektoreak mobilizatzen hasiak dira eta guri ere badagokigu, arropa saltzen digutenentzat soldata duinak eskatzea lez, jantziak josten dituzten beste herrialdeetako emakumeentzat bizitza duinak aldarrikatzea.