GARA Euskal Herriko egunkaria
KOLABORAZIOA

«Egunkaria» behar genuen


Behar genuelako sortu genuen. Oso talde indartsua eta eraginkorra bildu zen 80ko hamarkada hasieran “Argia”-n. Kazetari talde gaztea eta beterano pare bat. “Argia” «Zeruko zulotik» atera genuen lehendabizi, eta euskaldunok “Egunkaria” behar genuela erabaki genuen ondoren. Garbi genuen “Argia” bakarrik ez zela gai erronka horri heltzeko, eta Egunkaria Sortzen sustatu genuen. Hamar urte eta gaztaroa utzi genuen ahaleginean. Pozik, ordea. Bagenekien zer nahi genuen eta, asko kosta bazitzaigun ere, lortu genuen.

Gaurko egunez, otsailak 20, itxi zuten. Duela 20 urte.

Urte hauetan askotan galdetu izan digute zergatik itxi zuten “Euskaldunon Egunkaria”. Eta kontuak eskatu beharrean itxi zuenari, behin eta berriz ahalegindu izan gara erantzuten gure xalotasunean. Duela 20 urte jaio gabe edo jaio berri zirenentzat, eta ahanzturarako joera dugun helduagoentzat ere, txarra ez gogoratzea.

“Egunkaria” itxi zuten itxi nahi zutelako eta itxi zuenak, Espainiako Estatuak, itxi ahal zuelako. Euskal gatazkarik dagoenik ez zuten onartu nahi. Gatazkaren konponbide elkarrizketaturik ez zuten nahi. Garaile-garaitu eskema ezarri nahi zuten. Aznarrek gehiengo osoa zeukan Espainian eta Ibarretxeren asmo subiranisten aurrean plan oso bat zeukan: Ertzaintzaren konpetentziak ezabatu, EITBrenak eskuratu, autonomia desaktibatu... Orduan ez genekien zer zen 155. Artikulua... baina prestatzen ari ziren. Hori zen testuingurua. Nazioartean Bush eta Aznar, Golkoko bigarren gerratean sartzen.

Abisu bezala ere ulertu izan zen “Egunkaria”-ren itxiera. Aurretik AEK eta Elkarren atzetik aritu ziren, ondoren Udalbiltza etorri zen. Ondoren? Hori zen giroa. Beldurra. Eta, aldi berean, aurrera egin beharra geneukan giro itogarri horretan.

Zergatik “Egunkaria”? Herri eraikuntzan ari ginelako. Nazio eta Estatu eraikuntzan. Hizkuntza eta komunikazioa. Nortasun nazionalaren eraikuntza… Lan horretan ari ginen “Egunkaria”-n. Eta horren kontra jo zuten. Ahal zuten. Nahi zuten eta egin zuten.

Katalunian ikusi dugu 2017az geroztik proces delakoan. 155. Artikulua batetik eta Auzitegi Gorena bestetik. Orain berriz, Sanchezek Podemosekin duen gobernuarekiko ere antzera jokatzen ari direla ikusi berri dugu: polizia txosten batzuk, epaitegi depuratu gabeko batzuk, eta nahikoa dira helburu politiko batzuk aurrera eramateko. Tesia eraikia zuten: Estatuak eta Eusko Jaurlaritzak babesten dute euskara. Hortik kanpoko mugimendu guztiak ETAren interesetara ari dira.

Kriminalizatze ahalegin handia zegoen abertzale, euskaltzale… nazioa edo euskal estatua eraiki nahi genuen askoren kontra. Ez EAJren kontra zuzenean. Autonomismoa eta erregionalismoa onartzen zituzten -dituzte-. Hori gainditzeko ahalegina, aldiz, ez. Horrela egin zuten “Egunkaria”-ren kontra. Lehendabizi ETAren jardun armatua zegoen jomugan; ondoren, ezker abertzalea kriminalizatzen da; gero “Egunkaria”, euskalgintza… eta ondoren zetorren autonomiaren suspentsioa.

Perspektiba ezin da galdu. Katalunian eta, orain, Madrilen frogatu dugu marko politikoa ez dela aldatu. Euskal herritarrok ez dugula hori aldatzea lortu. Bada lana aurrera begira, bai herrigintzan, bai euskalgintzan, eta bi hauek osatzeko baita euskarazko komunikazio esparrua osatze gintzan.

Eskerrak, gurekin hasi ziren gazteagoek “Egunkaria”-ren sorrera bizi izan zuten. Ikusi eta ikasi egin zuten zer eta nola egin. Honela jakin zuten erantzuten itxieraren hurrengo egunean bertan, hutsik egin gabe, “Egunero” gogangarria harekin: «Itxia, baina ez isildua».

Euskaldunok Egunkaria behar genuelako Egunero.