GARA Euskal Herriko egunkaria
PILOTA

Indar erakustaldi bat eginda lortu dute play offerako txartela

Partida oso lehiatu batean 22-18 irabazi zieten Peña-Mariezkurrenak aukerarik gabe geratu diren Ezkurdia-Martijari. Seina puntura berdinduta, lau bikotek azken jardunaldian erabakiko dute zein ordenatan sartuko diren.

Jon Ander Peñak partida handia jokatu zuen. (Jon UBE | FOKU)

Hirugarrenetik seigarrenerako postuak zein ordenatan beteko dituzten jakitea da aurtengo Binakakoari geratzen zaion bakarra, Peña eta Mariezkurrenaren aurka 22-18 galduta, inolako aukerarik gabe geratu baitziren Ezkurdia eta Martija, 2020ko txapeldunak. Tolosarrarekin eta Berriozarkoarekin batera, Urrutikoetxea-Albisu, Laso-Imaz eta Etxeberria-Rezusta seina punturekin berdinduta daude. Azken jardunaldian erabakiko da ordena.

Azken partida horretara indarberriturik helduko dira Peña eta Mariezkurrena, partida erabakigarrian itxura oso ona eman baitzuten Tolosan. Piloteoan nagusi izan ziren eta, larunbateko huts kopurua zertxobait gutxituta, aukerarik gabe utzi zituzten sakandarrak. Hasieratik oso indartsu ekin zioten lehiari Baikokoek eta 4-0 aurreratu ziren, gero partidan zehar etorriko zenaren aurrekari gisa.

Ezkurdia eta Martija ez ziren gaizki aritu, tarteka defentsa ikaragarria erakutsi zuten, baina txapelketa osoan zehar bezala, jarraitutasuna falta izan zuten. Euren akatsa ez zen atzokoa izan, aurreko asteetan izan duten lehiakortasun eza baizik. Bainaren bat jartzekotan, Ezkurdiari ezker gantxoarekin gehiago asmatzea falta izan zitzaion, orain arte bezala, baina saiatu zen partidaren erritmoa aldatzen, aurkariek zuzen jokatuta asko dominatu zutelako.

Kontua da, Jon Ander Peñak sekulako partida jokatu zuela etxean Inauteriei agur esateko jaialdian. Mariezkurrenak ere asko, ikaragarri eman zion pilotari; baina tolosarrak atzokoan defentsan egundoko lana egin zuen, baita batzuetan hainbeste kostatzen zaion zabalean ere, egun handietan hazi egiten denaren sentsazioa berretsiz.