24 FéV. 2023 AZKEN PUNTUA Hilabeterik hotzenak Iker IBARLUZEA Meteorologoa Negu klimatikoa bere amaierara heltzen ari den honetan, badirudi urtaro honek azken ostikadak eman nahi dizkigula egun hauetan zehar. Urteko egunik hotzenetan gaude eta halako egoerak normalak izanagatik, jendeak asko egiten didan galdera bat erantzutera nator gaur. Egunak luzatzen badoaz, zergatik ditugu hauek egunik hotzenak eta ez abenduaren erdikoak? Egunak hotzagoak edo beroagoak izateak eguzkiaren energiarekin du zerikusia. Urte osoan zehar eguzkiak beroa ematen dio lurrazalari egunez, eta gauez lurrazalak beroa galtzen du, hoztuz. Egunik laburrenetan eguzkiaren inklinazioa oso baxua da; orduan ez du nahikoa indarrik lurra behar bezala berotzeko, gauean lurrak galtzen duen bero kopurua irabazten duena baino handiagoa delako. Gauza da martxo hasiera arte bero balantze hori negatiboan mantentzen dela; hau da, lurrazalak galtzen duen beroa irabazten duena baino handiagoa dela. Horregatik dira urtarril amaierakoak eta otsailekoak egunik hotzenak eta horregatik otsailean izaten da elurte gehien Euskal Herrian. Bero balantzea positibo bilakatzen hasten da martxotik aurrera; punturik beroena uztail amaieran edo abuztu hasieran izaten da eta ondoren negatibo bilakatzen hasten da berriz.