GARA Euskal Herriko egunkaria
PILOTA

Sotamanoka hasi zuen ibilbidea era berean itxi du Irribarriak Labriten

Aramarrak aspaldiko partidarik onena jokatu du Iruñeko bere agurrean eta Rezustarekin batera lortutako garaipenak erabakita utzi ditu play offetako kanporaketak. Aspekoekin batera, Laso-Imazek jokatuko dute finalerdietarako txartela ematen duen lehia.

Iker Irribarriak aspaldi ez bezala gozatu eta gozarazi zuen atzo Labriten. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Hemendik urte batzuetara Iker Irribarriaz galdetuta, haren txapelez harago, pilotazale gehienek Labriten, 2016ko apirilaren 30ean, Manomanistako final laurdenetako partidan, Aimar Olaizolaren aurkako 1-6ko sotamano hura izango dute gogoan, askorentzat inoiz jo den pilotakadarik ikaragarriena. Zazpi urte ere ez dira pasatu ordutik, baina dagoeneko aramarrak ez ditu halako gehiago joko; hori bai, despedida moduan edo, sotamanoka eta aspaldiko partidarik onena jokatuz agurtu zuen goierritarrak pilotaren olinpora igo zuen pilotalekua, bide batez, bere enpresari eta Binakako txapela jantzi zuenean atzelari izan zuen Beñat Rezustari azkeneko zerbitzua eskainita. Emaitza horrekin, gaur Astelenan gertatzen dena gertatzen dela, play offetako kanporaketak zehaztuta daude eta Peio Etxeberria-Rezustak Laso-Imazen aurka jokatuko dute ostiralean Zornotzan -irabazlea zuzenean joango da finalerdietara- eta atzo galdu zuten Peña-Mariezkurrenak Urrutikoetxea-Albisu izango dituzte parean ordu berean Zumaian.

Txapelketan azken bi jardunaldietan, baina bereziki atzo Labriten, emandako maila ikusita, are penagarriagoa egiten zaigu Iker Irribarriak pilota uzteko hartutako erabakia, baina bere onerako izango dela sinetsita ontzat eman beharrean gaude, nahiz eta faltan botako dugun pilota erraztasun horrekin atzeratzeko gai den pilotari bat gure kantxetan.

Aramarraren eskuin belauna izango da plazer hori gabe utziko gaituena, baina pilotariak berak asteazkenean Eibarren aitortu bezala, bere buruaren gain sentitu duen presio horrek ere -«espektatibak ez betetzearen garratza» aipatu zuen- kantxan gozatzea eta gozaraztea eragotzi dio goierritarrari.

LASAI

Erabakia hartzeak nolabaiteko liberazio bat sortu diola ere aitortu zuen Iker Irribarriak ondo prestatua zuen agurreko hitzaldian eta kantxan ere igarri zaio azken bi asteetan. Libre, inori ezer erakutsi beharrik gabe sentitu denean itzuli da aspaldiko Irribarria onena, eta atzo ere partida ikusgarria osatu zuen, 19 urterekin ezer galtzekorik gabe, Buruz Buruko gogoangarri hartan, Arretxe, Jaunarena, Olaizola II.a, Bengoetxea VI.a eta Urrutikoetxea gainetik kendu zituenean bezala.

Binakakoa zuen atzoko partida, baina bere hasiera hartako dohain guztiak erakusteko balio izan zion. Partida hasieran sotamanoka eutsi zien Tolosatik indartsu zetozen Peña-Mariezkurrenari, baita pilota bikain atzeratuz ere, Berriozarreko atzelariari pausua aldatu ere, nafarraren hutsak behartuz. Tolosan bezala, hasiera kezkagarria izan zuen Mariezkurrenak, asko jo baina era berean asko galdu zuelako, baina Beotibarren zuzentzea lortu bazuen, atzokoan behera egin zuen nabarmen bigarren erdian, Rezusta bizi baten defentsa izugarriaren aurrean, eta konfiantzaren depositua zulatuta helduko da datorren asteburu erabakigarria.

Eta hori, Jon Ander Peñak ederki lagundu zion arren. Asteartean bezala, tolosarrak aukerarik txikiena nahikoa zuen tantoa bikain amaitzeko, baina bigarren parte horretan erabat desagertu zen, bere atzelariarekin batera.

Izan ere, burua gorputza bezain garrantzitsua izaten da goi mailako kirolean eta Irribarria hazi zen bitartean, presioak eta ezinak jota, Baikokoak uzkurtu egin ziren. Azken txanpa horretan aramarrak aspaldi ez bezala gozatu eta gozarazi zuen, erasoan kamuts ibilitako garaiak ahaztu eta boleaz, gantxoz eta dejadaz ale ederrak utziz. Labriten gehiago ez jokatzeak pena handia eman behar du, baina hala uzteak baita poza eta harrotasuna ere.

EZUSTEKOA ISCARREN

Sailkapenean ezer gutxirako balioko die, baina Jaka eta Arangurenek ere badute Binakako hau harrotasunez uzteko motiborik, aste berean sailkapeneko lehen bi bikoteei irabazita. Partida nahiko arraro batean, 22-18 irabazi zieten Elordi-Zabaletari.

Lur oso bizikoa da Valladolideko kantxa eta deseroso aritu zen oso Zabaleta bertan. Denera, zazpi pilota galdu eta bost sake utzi zituen eramateke, horietako gehienak hasiera partean. Hala ere, partida kontrolpean zutela zirudien 17-11 aurreratu zirenean, baina Jaka-Arangurenek ez zuten etsi eta saria izan zuten.