GARA Euskal Herriko egunkaria
GAURKOA

Etxerako lanak, zalantzak eta kezkak


Gaur gurasoen artean eztabaida pizten duen gai korapilatsua dakarkizuet: etxerako lanak. Askorentzat, beharrezkoak; beste batzuentzat, aldiz, kaltegarriak. Zalantza edo kezkak ezin dira lerro bakarrean erantzun, eta erpin asko dituen gaia da. Ikerketa askok aipatzen dute etxerako lanek ikasleengan duten eragina. “Does Homework Improve Academic Achievement? A Synthesis of Research, 1987 - 2003”, Cooper, Patall eta Robinsonena, garrantzitsuenetako bat da, 1987 eta 2003 bitartean bideratutako ikerketa baita, emaitza akademikoetan duten eraginari buruzkoa.

Ikerketa horren helburua da etxerako lanen eta lortutako hobekuntza akademikoaren eta lorpenaren arteko erlazio-maila zehaztea, emaitzak aldez aurreko ikerketekin alderatuta.

Ikerketan etxerako lanen eta hobekuntza akademikoaren artean korrelazioa dagoela ondorioztatzen da, nahiz eta lortutako hobekuntza behatutako ikasturtearen arabera aldatzen den oso modu adierazgarrian. Hain zuzen ere, Lehen Hezkuntzako ikasleen kasuan (6-11 urte), etxerako lanek eragin negatiboa dute errendimendu akademikoan. Bigarren Hezkuntzako ikasleen kasuan (12-18 urte), aitzitik, erlazio positiboa ikusten da, eta, beraz, etxerako lanek azken kalifikazioak hobetzen dituztela planteatzen dute. Testuaren arabera, desberdintasunak hainbat faktoreren ondorio izan daitezke, hala nola gazteek zeregin horiek egiteko behar diren estimuluak aurkitzeko edo alde batera uzteko duten gaitasunaren eta ikasteko gaitasunen arabera.

Gai honi buruz hitz egiten dugunean, funtsezkoa da jakitea zenbat etxerako lan ordu behar diren emaitza akademiko onena lortzeko. Ikerketak berriro ere adin-tarteen arabera banatzen du etxerako lanen eraginkortasuna. Hala, Lehen Hezkuntzan eragin positiborik ez dagoela azpimarratzen du. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan onena astean 7-12 ordu bitartean bidaltzea dela ondorioztatzen du. Hamahiru ordutik gora hobekuntza esanguratsurik ez dagoela ondorioztatzen da.

Zentzu berean, ikerketaren arabera, Batxilergoan (16-17 urte) egunean bi ordu baino gehiago bidaltzeak ez du eraginik emaitza akademikoetan.

Kontuan hartu behar da datu horiek emaitza orokorrak ematen dituztela, eta hainbat alderdi kontuan hartu behar direla, hala nola eskualdea (ez da gauza bera Euskal Herria edo Afrika, adibidez), adina edota familia- eta gizarte-testuingurua.

Garrantzitsua da aipatzea, halaber, ikerketak etxerako lanen eraginkortasun nulua edo, are okerrago, kaltegarria izateko aukera bermatzen duela, agindutako kopurua gainditzen bada.

Cooper, Patall eta Robinsonen lan horrekin batera, ikerketa zientifikoaren arloan erreferentzia diren dozenaka argitalpen daude; hala nola “Visible Learning: A Synthesis of Over 800 Meta-Analyses Relating to Achievement”, John Hattieren 2009ko liburua, aurretiko ehunka ikerketari erreferentzia egiten diena eta ondorioak ateratzen dituena eta baieztapen oso interesgarria azpimarratzen duena: “Hezkuntzan benetan eraginkorra irakasle on bat da, eta ez etxerako lan asko izatea”.

ELGAren arabera, etxerako lanek eskola-desberdintasunari laguntzen diote, eta are gehiago markatzen dituzte ikasleen eta haien familien desberdintasun sozial eta ekonomikoak, familien baliabide faltak agerian geratzen direlako.

PISA eta TIMSS bezalako nazioarteko txostenek adierazten duten bezala, argi eta garbi geratzen da Espainiar estatua dela ikasleek etxerako lanak egiten denbora gehien ematen duten herrialdeetako bat. Denbora inbertsio hain handiak alferrikakoak direla agerikoa da, Espainiar estatuak emaitza kaxkarrak erdietsi baititu aipatutako txostenetan azken urteotan. Gainera, horrek ez du esan nahi ikasle espainiarren errendimendua handiagoa denik askoz ordu gutxiago inbertitzen dituzten herrialde batzuetako ikasleena baino. Frantzia ere ELGAren batezbestekoaren gainetik dago etxerako lan orduei dagokienez.

Bada, hala eta guztiz ere, Lehen Hezkuntzan etxerako lanen onuraz hitz egiten duenik ere. Irene Pan-ek A Coruñako unibertsatearen bidez egindako “Deberes escolares, aprendizaje y rendimiento académico en estudiantes de educación primaria” tesian (2016) bestelako ondorioa nabarmentzen du: bidalitako etxerako lanen kantitateak eta denboraren aprobetxamenduak errendimendu akademikoan positiboki eta modu esanguratsuan eragiten dute, onuragarriak direlako. Dena dela, gakoa ez da kopurua; gakoa betebeharren kalitatean eta ikasleek beren etxerako lanak egiteko moduan edo emandako denboraren kudeaketan baitago. Alde horretatik, irakasleen feedbacka funtsezkoa da, eta gurasoen laguntza garrantzitsua da etxerako lanetan, baina betiere kalitatearen arabera.

Etxerako lanak egokiak izatea eta horiek betetzeko behar den denbora gehiegizkoa ez izatea dira etxerako lan on batzuen bi gakoak. Eta tresna teknologikoen eta berrikuntzaren bidez bi helburu horiek ahalbidetu ditzakegu. Hezkuntza-sare sozialak eta ikasgela birtualak erabiltzea ideia ona da haurrentzat ondorio positiboak izango dituzten etxerako lanak sustatzeko. Baina lan horiek hautazkoak badira, hobe. Izan ere, ikasle askok ez dute baliabiderik izango egindakoa burutzeko, eta arestian aipatu bezala, horrek desberdintasunak areagotu besterik ez lukeelako egingo.

Klasean landutakoaren hautazko errefortzu gisa, gamifikazioa beste aukera interesgarri bat izan daiteke; izan ere, aukera ematen dio ikasleari berrikuntzaren bidez ikasitakoa finkatzeko edo indartzeko eta gainera ikaskuntza-prozesuari joko-dosi bat gehitzeko. Logikoa denez, neurri horietako edozeinek ikasgelaren aniztasunera egokituta egon behar du, bai adinaren arabera, bai multzoaren nortasuna edo gizarte-elementuak kontuan hartuta.

Laburbilduz, etxerako lan gutxiagorekin, etxerako lan hobeekin eta teknologia berriek eta berrikuntzak proposatzen dizkiguten aukerak aprobetxatuz, emaitza hobeak erdietsi ditzakete ikasleek. Ondo pentsa dezagun, beraz, etxerako lanak bidaltzekotan, zein helbururekin bidaltzen ditugun, eta ia benetan beharrezkoak ote diren.