GARA Euskal Herriko egunkaria
PILOTA

Konfiantzaren tanga betetzeko aprobetxatu zuen Lasok azken partida

Ezkurdia-Martija 16-6 aurreratu ziren, baina deskonexio une batek, txapelketa osoan izan baitituzte halakoak, garaipenarekin agur esateko aukerarik gabe utzi zituen. Eskirozek sari bikoitza izan zuen, Promoziokoan finalerdietarako sailkatu baitzen.

Unai Lasok azkenaldiko bolada txarra eten zuen. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Asteburuko gainerako emaitzek sailkapenerako zeresan handirik gabe utzi zuten atzoko Eibarko partida, baina txapelketako lehia guztiek izaten dute eragina ondorengoetan eta horren beharrik handiena duen Unai Lasok atera zion etekinik handiena Astelenako estelarrari. Azken lau partidak jarraian galduta aurkeztu zen Buruz Buruko gaur egungo txapelduna katedralera eta bolada hori eten eta ostiralera begira konfiantzaren tanga betetzeko aprobetxatu zuen Bizkarreta-Gerendiaingoak oso maldan gora izan duen partida.

Ezkurdia-Martijaren kasuan, nekez konpon zezakeen kafe on batek bazkari txar bat, baina aurtengo Binakakoaren azken tragoa ere garratza izan da 2020ko txapeldunentzat, zaporo gozoz amaitzeko eskuan izan zuten garaipenari ihes egiten utzi baitzioten era nahiko ulertezinean. Lana eta borondatea ezin zaie ukatu, baina berezkoa duten lehiakortasun eta sendotasunik gabe aritu dira txapelketaren zati nagusian, deskonexio handiak izan dituzte partiden zati handietan eta atzo, euren izaera berreskuratu izanaren trazak erakutsi ostean, harri berean estropezu egin zuten eta erabat amildu ziren 16-6 irabazten joan ziren partida batean.

Lehia gorabeheratsua izan zen oso Eibarkoa. Lehen erdi luzean eroso aritu ziren, markagailuan zein kantxan, Aspekoak. Atzean, aspaldiko partez Martija dominatzen ikusi genuen, pilota asko atzeratuz baino -errebotean jarritako pilotaren bat izan zen-, larrua ezkerparetaren kontra asko ezkutatuz. Eta horren aurrean deseroso aritu zena Iosu Eskiroz izan zen, Ezkurdiari aukerak eman eta sake batzuk erantzun gabe utziz. Eta aurreko koadroetan, aurkaria baino askoz baldintza egokiagotan, Joseba Ezkurdia ere nahikoa eraginkor aritu zen erasoan.

GIDOI ALDAKETA

Partida erabat bideratua zegoela zirudienean, ordea, inork oso ondo nola eta zergatik jakin gabe, gidoia goitik-behera irauli zen bat-batean. Arbizuarrak kanpora botatako bi paretako baten ostean sakea berreskuratu zuten gorriek eta partida berdindu zuten aitaren batean. Lehenengo, 17-12 gerturatu ziren eta Ezkurdiak sakez egindako falta baten ostean, hamazazpina berdindu zuten markagailua.

Tarte horretan gauza asko pilatu zitzaizkien Aspekoei. Alde batetik, atzean Martijari partida luze bezala egin zitzaion eta behera egin zuen nabarmen. Lasok jokoan sartzeko askoz aukera gehiago izan zituen eta etekin ederra atera zien, era guztietako tantoak amaituz, eta bitartean Ezkurdiak hutsak pilatzen jarraitu zuen.

Izan zuten gorriek beste susperralditxo bat eta 17-20 aurreratu ziren berriz ere, hein batean aurkarien opariei esker, baina txapelketa osoan bezala, ez zuten jarraitutasunik izan euren jokoan eta laugarren postuari ihes egiten utzi zioten.

PROMOZIO KANPORAKETAK

Atzoko jaialdian poz bikoitza eraman zuen pilotaria, dena dela, Iosu Eskiroz izan zen. Alde batetik, primerako ordezkoa dela berretsi zuen, Lasoren bizkartzain beste partida oso txukun bat jokatuta, baina kantxara irten aurretik lortu zuen, edo zioten, eguneko punturik preziatuena.

Izan ere, beste buelta izugarri bat izan zuen atariko partidan, Artola-Salaverrik -Larrazabalen eta bere ordezkoak- 22-21 irabazi zieten Exposito-Bikuñari eta puntu horrekin, Larrazabal-Eskirozek Promozio mailako finalerdietarako txartela eskuratu zuten, Salaberria-Oier Etxebarriarekin batera. Bigarren maila horretan ez da play-offik eta beste bi txartelak kanporaketa bidez banatuko dira. Bakaikoa-Morgaetxebarriak(3.) Exposito-Bikuñaren (6.) aurka jokatuko dute eta Agirre-Iztuetak (4.) Zabala-Gaskueren aurka.