GARA Euskal Herriko egunkaria

Zinema aretoetan ez dago euskaraz gozatzeko aukera handirik

Pantailak Euskarazek eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiak iaz euskarak zinema aretoetan izan zuen presentzia aztertu eta ondorio adierazgarria atera dute: euskarazko jatorrizko bertsioan, bikoiztuta edo azpidatzita eskaini den estreinaldi kopurua ez zen %2ra iritsi.

«Irati» filma iragan ostiralean ailegatu zen zinema aretoetara; berez, iazko azaroan estreinatzekoa zen. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Joan den ostiralen iritsi zen zinema aretoetara “Irati”, Paul Urkijoren azken filma, eta honek «euskal ikuslerian sortu duen poza eta itxaropena» probestu nahi izan dituzte Pantailak Euskarazek eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiak 2022. urtean zinemetan egon den euskarazko eskaintzari errepasoa egiteko. Ondorioa «adierazgarria» dela ohartarazi dute: 2022 osoan ez zen euskarazko fikziozko film bakar bat ere estreinatu.

Pantailak Euskaraz euskal ikus-entzunezkoen aldeko ekimenak 2022an Hego Euskal Herriko zinema komertzialetan egondako estreinaldi kopurua eta eskainitako filmen hizkuntza aztertu ditu, «eta datuak gordin bezain kezkagarriak dira», adierazi zuen atzo ohar bidez.

Jasotako datuen arabera, euskarazko jatorrizko bertsioan, euskarara bikoiztuta, edo euskarara azpidatzita eskaini den estreinaldi kopurua ez da %2ra iritsi. Gazteleraz edo gaztelerara azpidatzita, aldiz, filmen %100 eskaini da.

Iaz, 751 estreinaldietatik, jatorrizko bertsioa euskaraz 4 filmek izan dute, euskarara bikoiztuta beste 11 eskaini dira, eta elebidunak edo hirueledunak direnak beste 2 izan dira. «Beraz, azken hauek kanpo utzita, estreinaldien %1,99 izan da euskaraz Hego Euskal Herriko zinema areto komertzialetan. Honi gehitu behar zaio euskarazko filmek izaten duten pase kopurua gaztelerazkoek dutena baino askoz ere txikiagoa izaten dela; beraz, emanaldi kopuruari begiratuz gero, euskarazko eskaintza are txikiagoa litzateke: %1ekoa».

Ipar Euskal Herriko egoera «okerragoa dela pentsa daiteke», iradoki dute, datu zehatzik eskuratu ez den arren.

Bestalde, «hainbat udalerritako erakundeen eta kultur kudeatzaileen lanari esker, hauetako udal areto, kultur etxe, eta zinema geletan euskarak presentzia handiagoa izan duela» eskertu dute. Baina argitu dutenez, ikerketa honetan hiriburuetako zinema komertzialeko datuak aztertu dira, «hauek baitira ikusle gehien dituztenak».

Legez bermatzeko arauak

Ikus-entzunezkoetan euskara babestu eta hizkuntza eskubideak bermatze aldera Nafarroan zein EAEn legeak egon badaudela gogorarazi dute, eta hauek betearaztea eskatu. «Erakunde publikoen ardura da herritar guztien hizkuntza eskubideak zinemetan ere babesteko neurriak hartzea: beharrezkoa da euskararen presentzia legez bermatuko duten arauak jorratzea», adierazi dute.

Gainera, ohartarazi dute ikus-entzunezkoek «gero eta denbora gehiago» hartzen dutela gure aisialdian.