GARA Euskal Herriko egunkaria

Txitxarro harroa eta atun tuntuna: bizitza onomatopeia da

Barruan dugun umeari atea irekitzeko gonbidapena da «Txitxarroa eta atuna» diskoa. Onomatopeiak eta sonoritateak nagusi dira Leire Bilbaok Jabier Muguruzarentzat idatzi dituen hamar kantuetan. Bizitzaren gauza handiei eta txikiei sormenetik heldu diete.

Leire Bilbao eta Jabier Muguruza atzo, Mikel Azpiroz, Karlos Arancegui eta Jean Marie Ecay musikariez lagunduta. (Jon URBE | FOKU)

Izan zen umeari buruz hausnartzen jarri zen nonbait Jabier Muguruza eta, “Txitxarroa eta atuna” disko berria eskuartean zuela, bere buruari egin zion galdera biluztu du. «Jabier izeneko ume hark zer desiratzen zuen? Gaur nagusitzen den ideologiari jarraituz, argi dago: askatasuna. Baina memoria egiten hasi naiz eta... ez ba. Nik ez nuen askatasunik bilatzen, nik besteen arreta nahi nuen, batez ere gurasoena. Adibidez, arreta eta goxotasuna triste sentitzen nintzenean, arreta eta konpainia beldurrez nengoenean, arreta eta kezka bizitzan galdu eta kokatu ezinik sentitzen nintzenean. Bai, bai, tristura, beldurra, kokapen falta, amorrua, zeloak, inbidiak eta abar, horiek guztiak sentitzen nituen nik ere. Izan ere, haurtzaro zoriontsuaren mitoa… mito hori gezur handi bat da. Ume hauskorra nintzen, ume guztien antzera, eta helduleku bat bilatzen nuen, ez askatasuna», aitortu zuen atzo, argitaratu duen lanaren aurkezpenean.

Barrualdera begira hasi zen ondoren, kanpoaldera begira jartzeko. Eta gonbita egin zuen. Guk geuk inguruan ditugun umeei erreparatuz gero, konturatuko gara gauza bertsuak edo oso antzekoak desiratzen dituztela.

Ez da kasualitatea bere ibilbide artistikoa umeei eskainitako sormenari lotuta egotea. Bizi du. Ez dio inoiz ume izateari utzi. «Haurrei opariak egiteko sortu nuen Mara Mara diskoetxea. Ez dira opari materialak, musikaz eta hitzez egindako opariak baizik. Zer beste osagai sartzen da opari hauetan? Maitasuna, konplizitatea, jostaketa, babesa, askatasuna, lagun egitea, arreta goxoa eta, jakina, maila profesional handia», esan zuen lan berriaz.

Leire Bilbao idazleak jarri ditu hitzak, «jostalariak, bihurriak, ederrak», aurreratu zuen. Musikaz arduratu dira Mikel Azpiroz, Jean Marie Ecay eta Karlos Arancegui. Jabier Muguruzak ahotsetan bidelagun izan du berriz ere Nieves Arilla.

Emozioak onomatopeiez

Diskoa hamar kantuk osatzen dute, eta askotariko gaiak plazaratzen dira. Harro-harroa da txitxarroa; eta atuna, tuntun hutsa. «Poztasuna dago, baina baita tragedia ere. Hori kontatu behar zaie, umeei hitz egin behar zaie bizitzaz, maitemintzeaz, heriotzaz, bizitzako harrokeriaz eta tuntunkeriaz, txitxarroan eta atunean agertzen den bezala».

Kantuen letrez harago, Muguruzak haurren betaurrekoak jantzi eta adierazi zuen esanahia ez dela hain inportantea, ez modu hain kontzientean behintzat. Onomatopeien eta musikalitatearen aldekoa denez, instrumentalizazioa mimo handiz konposatua da.