GARA Euskal Herriko egunkaria
ELKARRIZKETA
Entrevue
JAMIXEL BEREAU
Kalakan taldeko abeslaria

«Abestean zure gorputza bibrazioan jartzen da eta on egiten dizu»

Ustekabean eta ia inolako abisurik gabe kaleratu zuen 2022a bukatu aurretik “Ahotsez” izeneko diskoa Kalakan hirukoak. Bixente Etchegaray, Jamixel Bereau eta Xan Errotabeherek osatzen duten taldeak, erroetara itzuli, eta soinurik primitiboenekin landu du beren estudioko bederatzigarren lana.

(KALAKAN eta Gorka RUBIO FOKU)

Gogoeta asko eta sakonak egiten ditu Jamixel Bereau senpertarrak. Sortzen duen musikari buruz hizketan hasten den bakoitzean, argi uzten du bizitza-estilo baten parte dela bere sorkuntza. “Ahotsez” lan berriaren inguruan hizketan hasita, garbi geratu zaigu hori.

Txoriek lehen udaberria iragartzen zuten, orain ez dakit…

Eguraldia ez dakit erotzen ari den. Eguraldia ez da hainbeste berotzen ari, erotzen baizik. Gauza oso bitxiak ikusten ditut eta ez telebistari begira. Nire haurtzaroko eguraldiarekin alderatuz, nire inguruari begiratuz, txoriak begiratuz, aldatzen doa. Txori batzuk desagertzen ari dira. Ainarak ziren udaberriaren etorreraren adierazle nire haurtzaroan, herria kabiz beteta zegoen, baina gaur egun Senpereko herrian ez da ez ikusten ez entzuten. Baina ez da beroketa soilik, badira beste gauza asko.

«Xorietan büruzagi» abestiarekin irekitzen delako diskoa aipatu dugu hau guztia. Gizakiak gutxiegi erreparatzen dio egun txorien kantuari?

Gizaki bezala ez dugu ezer ere asmatu, kopiatu soilik egin dugu. Dena naturatik ikasi dugu, natura begiratuz eta kopiatuz. Gure kantatzeko gaitasuna txoriekin ere ikasi dugu eta kantu honekin txoriei eskerrak ematen dizkiegu. Kasu honetan txori erresinulari, bera delako kantarien erregea, manera oso berezi eta aberatsa du. Hori goraipatzeko egin dugu eta naturarekin arlo guztietan dugun lotura ez ahazteko.

Azalean bada halako irudi bitxi bat. Zer da, eguzkilorea?

Diskoa guztiz urratzen baduzu, eta lau aldeak bat egiten badituzu, zintzurraren edo ahotsaren txakra agertzen da bertan.

Kulturartekotasuna sustatzen du diskoak, beraz.

Kultura guztietan duzu egiaren zati bat. Kasu honetan baduzu zintzurraren edo ahotsaren txakra, kantuak on egiten diolako entzuleari baina batez ere kantariari. Gure eguneroko bizitzan, lanean, dutxaren azpian, pozik gaudelarik, triste gaudelarik, askoz ere gehiago kantatu beharko genuke.

Kantatzeak on egiten digu, gorputza bibrazioan jartzen duelako. Jendea gaizki dago bai mentalki bai fisikoki. Estresa, kezkak, tentsioa… gorputza ere gaixotzen da azkenean. Kantatzean zure gorputza bibrazioan jartzen da eta masaje batek bezala, yoga saio batek bezala, mantra batek bezala… zure gorputzari on egiten dio. Munduan ez delako besterik, frekuentziak eta halakoak. Hortaz, guk ahal hori badugu, gure gorputza bibrazioan jarriz lasaitzeko, zeure buruari on egiteko, bihotzari…

Kantuak sekulako boterea du; zure bizitzako momentu batean haur garaiko abesti bat kantatzen hasten zara eta hor agertzen diren oroitzapen eta emozioek zure gorputza astintzen dute. Indiako kulturan badira mudrak, zeure burua masajeatzen laguntzen dutenak, eta horrekin zure burua zain dezakezu, zure burua maitatu eta hori ere bibratzeko modu bat da. Hori guztia eskas daukagu gure munduan, eta kantuak hortik ere badu. Gure eskuetan gure buruari on egiteko sekulako gaitasuna dugu, baina beti besteen eskuetan uzten dugu, nahiz eta guk dakigun ondoen zer den ona guretzat.

Yin eta yang-a, askatasuna irudikatzen duen txoritik lotuta dagoen txoriaren abestira, «Txoriak txori»-ra.

Artzek ez zuen, nire ustetan, Euskal Herriko gatazka soilik aipatzen hor. Egia da garai horretan faxistak eta frankistak zirela hegalak mozten zituztenak, baina uste dut unibertsalagoa dela kantua eta maitasunari buruz ere ari dela. Askotan, nahi gabe, ohartu gabe, hegal batzuk mozten ditugu edota moztu nahi ditugu pertsona bat kontrolatzeko edota gure ondoan geratzeko. Bakarrik geratzearen beldur garelako. Gurasoen eta haurren artean ere gertatzen da hori, bikotean ere bai, lagunen artean ere bai, anai-arreben artean… Edozein harremanetan gerta daiteke hegalen moztea. Kontuz ibili behar gara inori hegalik ez mozteko. Askotan, maleruski, gure buruari ere hegalak mozten dizkiogu autozentsura puta horren ondorioz.

«Goizetan jaikitzen da» instrumentuak agertzen diren lehen kantua da. Oso gutxi baitira erabili dituzuenak. Oso ederra da tuntunarekin egiten den erritmo aldaketa.

Niri gustatzen zait limiteak ukaitea, koadro bat egitea eta ahalik eta elementu gutxienekin, minimalismoan, zerbait polita egitea. Kantu honen istorioa Aita Donostiaren bilduman ezagutu genuen eta melodia gustatu zait bereziki. Nota batzuk aldatu ditut, pare bat, lehen koplan eta bigarrenean kantatzeko manera aldatzeko. Arabeskoagoak diren doinuak bilatu ditut.

Halako orientalismoak gure musikan asko dira eta pila bat gustatzen zaizkit, eta normala da izatea, hainbeste urtez omeiekin edota musulmanekin auzoak izan garelako. Trukaketa asko egin ditugu eta hori asko gustatzen zait.

Eta «Ainhoarraren kantuak» zein garaitan kokatzen da?

Napoleonen garaikoak dira. Beti aipatzen da Hitler demoniorik handiena dela edota Putin, Ukraina inbaditu duelako. Baina Napoleon aipatzen badugu, Europan milioika pertsona hil ziren beragatik, duela 200 urte. Niretzat gerla da arazoa, bueno, gizakia da arazoa, berak duelako gerla egiten. Gizon-emakumeen barruetan zerbait aldatu behar da gerla desagerrarazi nahi badugu, ez delako ez gerla onik ez txarrik. Hitler eta Putin demonioak dira eta Napoleon lehendakari handi bat zela esatea edota Frantziaren prestigioa handitu duela esatea, kontraesana da. Jendea hil dute, odola isuri dute, gorrotoa elikatu dute eta ondokoen gerra prestatu.

Hortik doa nolabait «Foggy dew» kantu irlandarra ere.

Bertan opresio garai bat erakusten du. Gaur egun daukagun arazoa da gure batasun eskasa. Gure politikariak eta gure eliteak ez dira batere ondo portatzen. Gezurrak dira, lapurrak dira, ez dute moralik, armak saltzen dituzte eta gerrak sortzen. Ez dira moralki ondo portatzen, baina gurekin are okerrago. Denok kexatzen gara horren aurrean, baina bakoitza bere alde. Hori horrela izatea antolatua da, gizarte kapitalista horretara doalako. Bakoitza bere etxean geratzea, bere gauzekin, kooperatibismo izpiriturik gabe, bakoitzak berea erosi behar du eta ezin da elkarbanatu, denok behar dugu Netflix eta horrelako gauzak. Izpiritu mota horrekin eta halako antolakuntza batekin, batasuna lortzea oso zaila da, baina gure botere bakarra hori da, batzen bagara, elite guztiek ez dute gehiago botererik. Denok kritikatzen dugu Coca-Cola, pozoina dela esan, dena azukrez bete dutela eta denok gaixotzen gaituela eta abar. Baina denok erabakiko bagenu gehiago ez erostea, biharamunean akabo Coca-Cola.

Botere hori dugu, baina ez dugu erabiltzen, eta hori kasu askotan. Ez dugu gure gaitasun hori erabiltzen, baina gero kexatzen gara. Eta “Foggy Dew”-k hori du kontatzen. Ingelesen aurkako irlandarren iraultzan jende asko zapaldu eta hil zutelako, baina denen buruetan argitxo bat piztu zen eta batasunarekin zer nolako indarra zuten jabetu ziren eta hortik abiatu zen beren independentziarako bidea.

Aurkezpen kontzertuak nola doaz?

Abenduan hiruzpalau egin genituen eta berriekin ere hasi gara eta oso pozik gaude. Giro goxo betean egin ditugu, lasai-lasai, plazer hartzen. Kalakanen lana nahikoa exijentea da; danborra jotzea, oinekin ximitxak jotzea eta abestea ariketa berezia da eta fisikoki eskatu egiten du. Kontzentrazio eta indar handia eskatzen du. Hortaz, abestu soilik egin behar denean, lasaitasun handia hartu behar da. Martxoaren 4an Lakuntzan izango gara, 17an Lekeition eta 31n Okzitaniako Leognanen. Gero etorriko dira kontzertu gehiago.