GARA Euskal Herriko egunkaria

«Bichta éder», itxurakerien geruzetan nabigatu du Eneko Bidegainek

Lanketa luze baten ondotik sortu du Eneko Bidegainek «Bichta éder» eleberria. Intrigatik baduen lanak hausnarketa proposatzen du, gaia gaurkotasunez josia baitator. Eta, horretarako, itxurakeriaren jolasaz baliatu da. Garai batean jauregi bat izan zen hartan hotela ireki nahi da Lapurdiko kostaldean. Baina gauza ederrenak ere badu usteletik…

Eneko Bidegain idazlea eta irakaslea, atzo, Donostian, kaleratu duen lana aurkeztu berritan. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Duela hamabost urte pasatxo utzi zituen harietatik tira egitea deliberatu du Eneko Bidegain (Baiona, 1975) idazle eta irakasleak. Tira eta tira egin du, idazketa ariketa konplexua osatuz. Eta orain, ibilbidea heldu da amaierara: “Bichta éder” (Elkar) nobela.

Hiru geruzaz osatutako eleberria da honakoa, eta batak ezin du bestea gabe existitu. Bata bestea gabe ez da. Eta geruza horien guztien azpian, hari-muturrak. Zenbat ez zuen jakin zehazten egileak, baina «asko» direla erantsi zuen. Mamiak badu intrigatik, nahiz eta ez den ohiko nobela beltza edo thriller arrunta. Ur horietatik edan du, baina ez bakarrik.

Zenbait estilo literario uztartu eta nahastu ditu, istorioari zentzu zabalago bat emateko. Bai, jostari ibili dela ez zuen ezkutatu, errekurtso eta estiloekin. Hamabost urtez tarteka gorde, tarteka erreskatatzen zuen lanari behingoz bizia ematekotan zela, asmo guztiak irauli ditu bertan.

“Bichta éder” atzo aurkeztu zuen Donostian, Xabier Mendiguren Elkarreko editorearen eskutik. Lapurdiko kostaldean bada garatu nahi den higiezin-proiektu bat: garai bateko gaztelu eder eta noblea hotel bihurtzea. Eñaut Oihenart kazetariak, sustapenak usteletik baduela susmatuta, ikertzeari ekingo dio. Eta hortxe dator lehen geruza: «Proiektuak polemika handia sortuko du inguruan: ezkutuan dabiltza promotoreak eta inguruko aginteak».

Bigarren geruza proiektuaren izenarekin batera dator: «Bichta éder» edo gauza bera dena, «bista eder». «Euskararen eta Euskal Herriaren zapalkuntza aipatzen da zeharka zein zuzenean. Bizipenen bitartez eta Lapurdin kokatua, nola euskara izan den gutxietsia, eta nola zapaldu edo abandonatu arazi zieten euskara gure aitzineko belaunaldiei, eta nola izan den euskara batzuentzat min bat, zama bat. ‘Bichta éder’ horrela idatzita da erreferentzia honi guztiari. Bizirik dago erresistentzia bati esker, baina orain ikusten dugu Lapurdin ezker-eskuin sortzen diren edozein proiektu, etxe, hotel… gehienetan euskarazko izena ematen zaiola baina frantsesez ortografiatua. Uste dut euskarari egiten zaion azken erasoa dela, trufa bat». Jabetze kulturala, kontzeptu gisa, eztabaidatua da eta hausnarketarako deia egiten du.

Hegoaldean ere bada gauza berbera egiteko joera, Mendigurenek ohartarazi zuenez: «Bista eder» esamoldeak Bidasoaren alde honetan «basque nice view» itxura hartuko luke…

Azken geruza itxurakeriarena da. «Eta a ze zama hartzen duen itxura horrek! Gizartearen gehiengoak nolabait nahi dugu identifikatu edo agertu gehiengoaren itxurakoa, anitzetan gure izaerari uko eginez». Ariketa hori dakar pertsonaietara zein ondasunetara.

Denak justifikatua behar du

Liburuak adar asko ditu, eta zama handiagoa edo txikiagoa eduki, aipatzen dira Nafarroako Erresuma, Bigarren Mundu Gerra, Aljeriako gerra eta gerraostea… horiek denak ondo jostea izan da «dibertigarriena» baina aldi berean «konplikatuena».

«Idazten denean pasarte bat justifikatu behar da zergatik dagoen hor, eta uste dut justifikatuak direla. Dirudite bigarren mailakoak batzuek, baina gero ulertzen da zergatik eszena edo pertsonaia hori -azaldu zuen-. Gogoetarako leiho anitz proposatzen ditu liburuak. Politika, kazetaritza, euskararen egoera, harreman sentimentalak…».

Pertsonaia ugari daude eta nahasmena ekiditeko QR kode bat jarri dute liburuaren hasieran. Hortxe agertzen dira kapituluz kapitulu “Bichta éder”-en bizitza hartzen doazen pertsonaiak. Hona idazlearen aholkua: «Ez da komeni aurreratzea».