GARA Euskal Herriko egunkaria
ESKUBALOIA

Bera Bera liderrak nagusitasunez irabazi dio Beti Onak-i Gascako derbian

Donostiako taldeak etxeko lanak egin ditu, eta lider sena agerian utzi dute Beti Onak-en aurka. Ligako sailkapeneko lehen postuan finkatuta jarraitzen dute. Atarrabiako taldea, aldiz, zulotik atera ezinik dabil, eta beheko postuetan jarraitzen du.

Bera Berako Fernandes, Beti Onak-eko defentsaren gainetik jaurtitzeko prest. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Super Amara Bera Berak etxeko lanak egin zituen atzo, eta aise irabazi zion Gurpea Beti Onak Azparreni Gascako derbian (33-19). Donostiako taldeak ez zuen aurkaririk izan, une oro joan baitzen aurretik markagailuan. Partidak emoziorako tarterik utzi ez bazuen ere, giro polita izan zen Gascan. Harmailak nahiko beteta egon ziren euskal derbiak zer ematen zuen ikusteko. Nafarroatik hainbat zale hurbildu ziren Donostiara beren taldea animatzeko asmoz.

Bera Berak sailkapeneko lehen postuan jarraitzen du, bigarrenari bederatzi puntuko aldea ateratzen diola, nahiz eta lehen postu horrek ez dion bermatzen Ligako txapelduna izatea -sasoi honetan lehiaketak berritasun bat du: ligako onenen artean kanporaketak jokatuko direla txapelduna nor den erabakitzeko-.

Atarrabiako taldeak ahal zuena egin zuen, eta saiatu zen markagailua apaintzen, baina Bera Bera bezalako talde baten aurka ez zen lan erraza. Beti Onak-ek sailkapeneko beheko postuetan jarraitzen du, zulotik atera ezinik, salbazioa lau puntura duela -ligako azken lau sailkatuek ere kanporaketak jokatuko dituzte erabakitzeko zein talde jaitsiko diren mailaz-.

Imanol Alvarezek jokalari guztiei minutuak emateko aukera izan zuen, eta seikote paretsuak atera zituen zelaira. Alde batetik, Arrojeria, Arcos eta Gavilan, besteak beste, eta bestetik, Menendez, Etxeberria eta Karsten. Hasieran partida nahiko motel hasi bazen ere, segituan lortu zuen Donostiako taldeak markagailuan aldea handitzea, 4-2tik 8-2ra pasatuta.

Lehen zatiko 10. minutuan Lyndie Tchaptchet Beti Onakeko pibotak min hartu zuen orkatilan eta zelaia utzi behar izan zuen minarekin. Zenbait hedabidek jakinarazi dutenaren arabera, Super Amara Bera Berak jada fitxatu du pibota datorren sasoirako. Tchaptcheten faltan, Loverak eta Sansek eman zuten aurpegia; lehenak hiru gol eskuratuta, eta bigarrenak, lau.

Bera Berak beste martxa bat eman zion partidari bigarren zatian, eta ez zuen kolorerik izan: biziago jokatu zuen, baloia azkarrago mugituz, eta kontraeraso azkarrak eginez. Hala, partidako partzialik hoberena egin zuen 25-14tik 31-14ra pasatuta, sei tanto jarraian eginez.

Denbora horretan Maitane Etxeberria, Paula Arcos eta Esther Arrojeria bikain aritu ziren, jaurtiketa ederrak sareratu baitzituzten aurkariaren atean. Arcos izan zen berriro ere gol gehien eskuratu zituena, seirekin, eta Etxeberria izan zen bigarrena bostekin. Bigarren zatiaren amaieran, Beti Onak-ek hiru tanto jarraian egin -neurketa osoan lehen aldiz- eta markagailua txukundu zuen 31-15etik 31-18ra pasatuz.