GARA Euskal Herriko egunkaria

«Gerra eta denbora», gerren aurkako aldarri ozena Arabako kulturatik

Arabako ehundik gora artista, poeta, kantari, filosofo, idazle eta herritarrek «Gerra eta denbora» erakusketa antolatu dute Vital Fundazioaren erakusketa zentroan. Martxoaren 19a arte egongo da ikusgai, eta haren inguruan hainbat jarduera izango dira Gasteizko zenbait lekutan. Mezu argi bat: Gerrari, gerra guztiei, ez. Jendartean gerraren inguruko hausnarketa zabaldu nahi dute, baita eskakizun argi eta ozena: irtenbide diplomatikoa.

«Gerra eta denbora» erakusketako hiru margolan. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Gasteizko San Martin ikastetxeko 11 urteko neskatila batek dioenez, gerrak «eskolako gatazkak bezalakoak dira, baina askoz handiagoak». Ikastetxe horretan gerraren gaineko gogoeta egin dute azkenaldion. Hor bakarrik ez; umeak arrazoi, gerrak eskolako gatazkak baino askoz handiagoak direnez, hausnarketa handia egin eta zabaldu behar dela uste dute Arabako hainbat artistak eta beste hainbat herritarrek.

Urtebete da Ukrainako gerra hasi zela, joan den otsailaren 24an, hain zuzen. Egun horretan mobilizazioak izan ziren Euskal Herriko kaleetan, askotarikoak, baina nagusi izan zen gerra hori eteteko eskakizuna. Joan da urteurrena, baina ez eskakizuna. Gerra hori eta beste guztiak eten daitezela eskatzen jarraitu dute Arabako ehundik gora herritar horiek. Ukrainako gerraren urteurren egunean 60 artistaren obrak bildu dituen “Gerra eta denbora” izenburuko erakusketa zabaldu zuten Vital Fundazioaren erakusketa zentroan. Martxoaren 19ra arte egongo da ikusgai. Erakusketa, hala ere, proiektu askoz zabalago baten parte bat baino ez da.

Duela lau bat hilabete, Espazioa erakusketa aretoko arduradun Jose Cosek proposatuta, kezka horren inguruan hitz egiten hasi ziren.

Ez dira gerra kezka duten bakarrak, ordea. Izan ere, Errusiako agintariek erasoa eraginkorragoa izatea dute gogoeta nagusi; Europar Batasuneko eta Mendebaldeko agintariek, berriz, Ukrainara Leopard tankeak ez ezik, gerra hegazkinak ere bidaltzeko aukera.

Kultura, aldaketarako tresna

Sorkuntza plastikoa, antzerkia, poesia edo musika lanbide nahiz afizio dituzten zenbait artista, arte kritikari, filosofo, bakezale eta herritarrek oro har guztiz bestelako hausnarketa egin dute beren kezkaren inguruan, eta horrekin batera aldarri ozena zabaldu nahi dute: «Ez gerrari. Eten gerra eta izugarrikeria».

Ez Ukrainako gerrari, ez beste guztiei, beste gerra asko baitago munduan, Ukrainakoak besteko atentzioa ematen ez badute ere, hala nola Yemengoa, Kongokoa edo Tigraykoa; nork daki Tigrayn bi urtean 600.000 milatik gora zibil hil zirela? Nork daki Tigray non dagoen ere? Ekimen horren bultzatzaileen mezua argia da: «Ez gerrari, ez telebistan dagoenari, ez ezkutuan daudenei eta ezagutzen ez ditugunei».

Kultura jendartea eraldatzeko bateratzailea eta adierazpen tresna den uste osoarekin, lau hilabeteotan euskal kulturaren arlo guztiei dei egin zieten hainbat jardueratan ordezkatuak izan daitezen, eta zenbait lan batzorde sortu zituzten: Ekitaldi, Elkargo, Propaganda eta Kartel batzordeak, Kalekoa, Poesia eta Musika errezitaldietarakoa, Argazki Erakusketarakoa eta Arazo Teknikoak konpontzekoa. Artista Plastikoen batzordea ere badago, zenbait egunetan Vital Fundazioaren Erakusketa Zentroan egingo diren bisita gidatuetarako.

Lehenik, babesa adierazi nahi diete gerra sufritzen duten herritarrei: «Gure lanek biztanleria horri gure babesa adierazi nahi diote, gaur egun gerran dauden edota noizbait egon diren herriei».

Argia emateko asmoz, «gerrari begiratu eta hura erakutsi» nahi dute; horretarako antolatu zuten erakusketa eta haren inguruko jarduera ugariak. Erakusketa ikusgai dagoen bitartean hainbat ekitaldi izango dira, eta edozein leku aproposa da mezua zabaldu eta gogoetara gonbidatzeko: Vital Fundazioaren erakusketa zentroaz gainera, Artium museoa, San Martin ikastetxea, Espazioa arte aretoa, Vital Fundazioaren auditoriuma, Ignacio Aldekoa kultura etxea, Judimendiko auzo elkartea, Extitxu taberna eta Andre Maria Zuriaren plaza.

Irtenbide diplomatikoa

“Gerra eta denbora” erakusketa pintura eta eskultura lanez osatua da, bi kontzeptu horiek lotzeko asmoz. Hala diote argitaratu duten manifestuan: «Gerraren bilakaeraren eta igarotako denboraren aurrean gure erantzun eta pertzepzioei begiratzeari ekin nahi diogu. Hausnarketarako eta jakin-minerako erakusketa egin nahi dugu. Gerra eta bere iraupena erlazionatu nahi ditugu, gerra-gatazkaren jatorritik izandako aldaketak, jasandako izugarrikeriak, erantzukizunak aztertu, suntsiketa, erailketak. Gerraren denbora suntsitzaileari eta herrientzako errentagarritasun faltari erreparatu. Haren akuilatzaileak ezagutu, nori dakarzkion abantaila eta onura». Jose Cos proiektuaren bultzatzaileetakoak esan zuenez, «gure denbora ez da gerrak jasaten dituen jendearena».

Krisiaren bilakaerari begiratzen diote ekitaldi guztiek, «suntsiketaren zenbaterainokoari eta berreraikitzearen balioespenari». Gerraren denborak behatu eta neurtzea erantzukizuntzat hartzen dute: «Bortxakeriarekin harreman zuzena duten neska-mutilen buruko traumak ez alde batera utzi, emakume-bortxaketez ohartarazi, betiko zaurituez, hildakoez». Ondorioz, eskakizun argia zabaldu nahi dute: irtenbide diplomatikoa. «Berehalako su-etena».

Jendartera zabaltzeko asmoa

Gerraren aurreko erantzuna eskasa zela iruditu zitzaien biltzen hasi zirenean. Horregatik nahi dute erantzun hori modu kolektiboan eta antolatuan ematen lagundu. Modu sinbolikoan, sei pertsona gonbidatu dituzte eurekin batera parte hartzera, eta haien obrak ere erakusketan daude, jendartearen ordezkari. Izan ere, «partaidetzaren ideia horren arabera, ez dugu nahi ikusle horiek soilik ikusle izan daitezen, aktiboak izatea baizik, parte hartzea eta, kasu honetan bezala, obra sortu eta beren obraren bidez iritzia eman dezaten».

Jardueren egitaraua zabal eta askotarikoa da. Martxoaren 19a arte ia egunero egoten dira poesia eta musika emanaldiak, antzerkia, zineforuma, argazki erakusketak, performanceak eta hitzaldiak; larunbat eta igandeetan, artista taldeek beren obren gainean hitz egiten dute Vital Fundazioaren aretoan; San Martin ikastetxeko hesian bertako ikasleen erakusketa bat dago, eta ez da ikastetxeetako ikasleek egingo duten ekarpen bakarra, “Gerra eta denbora” erakusketan Langraiz Okako Badaia institutuko ikasleek sortu duten murala ikusgai baitago. Martxoaren 18an, erakusketa eta ekimena ixteko bezperan, txalapartak Andre Maria Zuriaren plazan izango den ekitaldi batera deituko du 12.00etan. Kantautoreek, antzerkiak, dantzak eta musikak osatuko dute ekitaldia, eta manifestua irakurriko dute.