GARA Euskal Herriko egunkaria
UPV/EHUKO EUSKARA INSTITUTUAK AURKEZTU DU «EGUNGO EUSKARAREN HIZTEGIA»

Euskara modernoaren hiztegirik zehatzena egin du Ibon Sarasolak

Hamabost urteko lan isilaren emaitza da Ibon Sarasolaren «Egungo Euskararen Hiztegia» (EEH), UPV/EHUko Euskara Institutuak atzo aurkeztu zuen proiektu erraldoia. «Online» soilik kontsulta daitekeen euskara-euskara hiztegi honen dimentsioez jabetzeko: paperean argitaratuko balitz, 30 bat liburuki beharko lituzke.

Ibon Sarasola, Miren Azkarateren eta Eva Ferreiraren artean. (FOKUOskar MATXIN)

Ibon Sarasola hizkuntzalari, euskaltzain eta unibertsitateko katedradunaren bizitzaren zati handia hartu du atzo Bilbon prentsaurrekoan aurkeztu zen “Egungo Euskararen Hiztegia” (EEH) proiektuak. Are gehiago, bizitza akademiko bati amaiera bikaina eman dion lantzat har daiteke: Koldo Mitxelenak hauspotuta egin zuen “Orotariko Euskal Hiztegia” (1987-2005), eta orain gauzatu duen “Egungo Euskararen Hiztegia” (2023) honekin zirkulua itxi du. Aurrekoa, paperean argitaratu zen; XXI. mendeko hau, “online” bakarrik dago eskuragarri.

Erabilera errealean oinarrituta, “Egungo Euskararen Hiztegia” hamabost urteko lanaren emaitza da. 2008. urtean abiatu zen une honetan euskara-euskara hiztegirik zehatzena bihurtu dena. Interesa duen orok -akademikoak, irakasleak, ikasleak, kazetariak...- kontsulta dezakete UPV/EHUren webgunean sartuta. Ez dago webgunearen portadan ikusgai, baizik eta Euskara Institutuaren sailean, eta lotura honetan: www.ehu.eus/eeh.

Testuingurua edo adiera?

Miren Azkarate katedradun eta euskaltzainak atzo aipatu zuenez, «adierak baino gehiago, hiztegi batek eman beharko lukeena -eta gaurko lexikografian nabarmena da joera hori- hitzak testuinguru batean deskribatzea da. Nik hiztegi bat kontsultatu dudanean, batez ere oso ondo menderatzen ez dudan hizkuntza batean, ikaragarri eskertzen dut ez bakarrik hitz horren esanahia, baizik eta hitz hori zein testuingurutan ageri den adieraztea eta adibideak ematea. Horrela askoz gehiago ikasten da, ikusita hitz hori zein testuingurutan izan daitekeen egokia eta zeinetan ez, hitzaren adiera soila emanda baino».

Hiztegiak egungo euskararen lexikoa jasotzen du. Izan ere, “Egungo Euskararen Hiztegia” 2000-2006 urte bitartean publikatutako 25 milioi testu-hitzez osatutako corpusean oinarritzen da. Eta aldi berean, oinarri bezala “Ereduzko Prosa Gaur” corpusa hartu da, hori ere Euskara Institutuak garatua. Corpus horretako hitz guztiak jaso dituzte, eta horrek eman dio proiektuari duen tamaina. Aparta da neurri aldetik, paperean argitaratuko balitz, kalkulatzen baita 30 bat liburuki beharko liratekeela, 16.000 bat orrialde. Denera, 70.751 sarrera, 251.153 adiera, 529.227 adibide eta 663.172 hitz multzo aurki daitezke.

Bi lagunen artean

«Pazientzia behar da hiztegi bat behar bezala erabiltzeko», gehitu zuen Miren Azkaratek. Eta pazientzia handia behar da ere hiztegi bat egiteko. Ibon Sarasolak ondo-ondoan izan du Josu Landa, eta azken honek egindako lana ere eskertu nahi izan zuten atzo. Galdera da, ordea, nortzuk osatu duten proiektu erraldoi honen lantaldea. «Ibonek eta Josuk batez ere. Hiztegiaren lana, lexikografia lana, Ibonek egin du, eta Josuk prestatu dio material guztia», horixe da erantzuna. «Ni kasualitatez nago», gehitu zuen Sarasolak. «Nik ez nuen inongo asmorik horrelako saltsatan sartzeko. Nik linguistika matematikoa egin nahi nuen, baina Koldo Mitxelena delako batekin topo egin nuen eta esan zidan: ‘Nik ditudan fitxekin ez naiz moldatzen eta lagunduko zenidake?’. Horrela hasi nintzen, bere fitxa guztiak antolatzen. Zer pasatu zitzaidan? Askotan pasatzen dena, zaletu egin nintzela, hor sartu nintzen droga horrekin».

Honela sortu zen Euskaltzaindiak, Koldo Mitxelenaren ardurapean eta Ibon Sarasola lantaldeko buru zelarik, kaleratu zuen “Orotariko Euskal Hiztegia” ospetsua. Euskararen aro eta euskalki guztietako idazkietako lexikoa jaso eta antolatzea xede zuen hiztegi historiko hura paperean atera zen 1987an. Internetez eskaintzen da egun hiztegiaren oinarrizko bertsio elektronikoa.

Oraingo hau, Euskara Institutuarekin garatu duena, erabat modernoa da eta “online” formatuan dago. Ezinezkoa izango litzateke paperean argitaratzea. Egungo teknologiei esker sortutako proiektu bat da, zalantzarik gabe. Sarasolaren hitzetan: «Nire bizitza da hiztegiak egitea. Niretzat hitz bat ez da berez semantikoa, baizik eta hitz hori ager daitekeen testuingurua. Hortik jo dut eta horretara dedikatu naiz, hiztegi berri mota hau egitean. Eta oso ondo pasatu dut».

Baina nola egiten da hiztegi bat? Askok pentsatuko genuke A letratik hasiko zirela. Baina ez, Azkaratek argitu zuenez, «F letratik hasi zen, gero jarraitu zuen C eta gero K, L..., eta horiek egin zirenean, gainerakoak; eta azkena egin zuena A izan da». Bazegoen beste arrazoi bat L hizkitik hasteko: proiektua prestatzen hasi zirenean beldur ziren beste norbaitek lehenago helduko ote zion. Hartara, proiektua zapuztuko zitzaien. Orduan F-a hautatu zuten, motzagoa zelako. A-rekin hasiz gero, bidean gelditzeko arriskua zegoen.