GARA Euskal Herriko egunkaria

Doinuele sarean batu dira euskara hutsezko plaza eta azokak

Euskara hutsean egiten diren Azkoiti, Baztan, Galdakao, Hernani, Lazkao, Sara, Zarautz eta Ziburuko liburu eta disko azokek indarrak batu eta Doinuele sortu dute, euskarazko plazen sarea. Elkarri babesa eta laguntza ematea du xede egitasmoak.

Garate, Hennebutte, Madariaga, Arrosagaray, Iruretagoiena, Ezponda, Iriarte eta Legarreta, aurkezpenean. (Oskar MATXIN | FOKU)

«Euskara hutsezko plazen sarea gara eta ongi etorriak zarete. Bidea elkarrekin eginez euskarazko bidea zabaltzen joan gaitezen», adierazi dute Doinuele sarearen aurkezpenean. Azkoitiko Geure Gelatik, Baztango (H)ilbeltza, Galdakaoko Sormene, Hernaniko, Lazkaoko eta Ziburuko Liburu eta Disko Azokak, Sarako Ikusi Mikusi eta Zarauzko Literaturia batu dira sarean. «Elkar sostengatzeko, elkarren berri ukaiteko, ideiak eta esperientziak trukatzeko eta egutegia adosteko» asmoz sortu dute. Julen Garate, Amaia Hennebutte, Joxepa Madariaga, Ladix Arrosagaray, Itziar Iruretagoiena, Xabier Ezponda, Elurre Iriarte eta Ane Legarreta Mendezek aurkeztu dute sarea.

Zortzi herri horietako azoka eta plazek osatzen dute sarea eta, azaldu dute, euskararen egoera desberdina dela bakoitzean, «batean euskara ofiziala baina derrigorrezkoa ez, bestean koofiziala edo soilik toleratua». Arazoa, ordea, berbera dela baieztatu dute, «legezko babes ofiziala ukan edo ez, euskara hutsez bizitzeko nekezia edo ezintasuna eta euskaraz (ere) bizitzeko lanak». Hori dela eta, azokek irauten duten tartean behintzat, hartzen dituzten herritarrei parada eskaintzen diete «euskararen herrian murgiltzeko eta hartaz gozatzeko, ez baita gutxi».

Azken hamarkadetako bilakaeraren analisia egin eta ondorioztatu dute euskararen ezagutzak gora egin badu ere ez dela berdin gertatu erabilerari dagokionez. «Gutxiengoan gaude euskaldunak euskararen herrian, gutxiago egunero erabiltzen dugunak, eta oraindik gutxiago euskaraz irakurtzen dugunak», azaldu dute.

Hala ere, badakite arazoa ez dela euskarria bera modan ez egotea, liburu edo diskoekin gertatzen den moduan. «Ez da txikia eta arriskurik gabea euskara hutsez aritzeko hautua egitea: sortzaileek, idazle nahiz musikariek, murritzagoa dute publikoa; editore eta diskoetxeek, apalagoa bezero kopurua; plaza eta azokek, bisitariena», azpimarratu dute.

Hautuari eusten diote egoera samurra ez bada ere, «euskara hutsak betetzen gaituelako», nahiz eta «nazkatuta» dauden aukeratutako bidea «azaldu, justifikatu eta defenditu beharraz». Euskararen normalizaziorik ezaren ondoriotzat dute eta, hain zuzen ere, euskaraz «normaltasunez, naturaltasunez eta lasaitasunez» bizitzeko nahia aldarrikatu dute.

Doinuele sareak azoka eta plazei ikusgarritasuna ematea ere badu helburu. Horretarako, komunikazioan, bakoitzaren logoaz gain sarearena ere agertuko dela azaldu dute, «Euskal Herri mailan koordinatuak garela adieraziz».