GARA Euskal Herriko egunkaria

Mandeuliak


Bitxikeria baino gehiago da Hernaniko taberna horretakoa; zarata dela eta, udalak 22.00etatik aurrera musika jartzea debekatu eta, hara non, tabernariak balizko irtenbidea topatu duen: ordu horretatik aurrera tabernan sartzen den eta musika entzun nahi duen edonork tabernak berak jartzen dituen entzungailuak jantzi beharko ditu. Entzungailuetan hiru aukera musikal edukiko ditu, bezeroari egokiena iruditzen zaiona aukeratzeko. Irudika daiteke taberna jendez lepo, nor bere entzungailuekin, bere buruarekin, eta musika bera entzuten dutenekin,... dantzan? Zer bestela?

Ideia eraginkorra iruditzen zait tabernari irudimentsuarena; hizkuntza ez ahozkoaren erabilera bultzatzeko. Ustekabeko interbentzio artistiko borobila, gaur egungo jendartearen metafora bikaina, larritasunean bere biziraupena ziurtatzeko neurri etsia besterik ez bada ere. Hala ere, gabezia larriak ikusten dizkiot. Eta ez dut tabernetan gure adineko jendeak egiten dituen, eta ustez komunikazioarekin zerikusia duten gauzen apologiarik egingo. Kezka ekologikoa da nirea: zer gertatuko ote da taberna-ekosistema horretako mandeuliekin? Edozein musika-bolumen ikaragarriri aurre egiteko gai, eta beti esateko zerbait izanda, elkarrizketarako (bueno, bakarrizketarako) premia asetzeko entzulearen belarrira, ia-ia jateraino, hurbiltzeko (eta jarrera horretan, eta hizketa etengabean, orduak irauteko) dohaina duten taberna-zuloko harrapakari exotikoekin? Aldaketa klimatiko malapartatua!