GARA Euskal Herriko egunkaria
Entrevue
ASIER ENBIL ETA MIKEL YARZA
Asgarth taldeko abeslaria eta baxu-jotzailea

«Irudipen bat izaten dugu, baina publikoa da gidatzen gaituena»

Denbora luzez itxaron eta gero, Asgarth taldeak duela hilabete batzuk aurkeztu zuen ‘‘Zeldatik’’ diskoa. Pandemiaren aurretik hasi ziren martxan eta horrek luzatu du denboran. Dena dela, taldea berriz ere abiatu da zuzenekoetan ere. MusikHaria saioan izan dira odol zaharra eta berria: Asier Enbil eta Mikel Yarza.

(Artz LARREA | BEGIPUNTUAN)

Kaixo bikote, zer moduz zaudete?
Asier Enbil:

Gogotsu, beti bezala. Martxa hartzen. Emozioekin jolasten saiatu gara diskoan eta jendea ere gogotsu zegoela agerikoa izan da.

Mikel Yarza:

Oholtza gainean, hala ere, eztanda bat izaten ari da. Izerdia eta garagardoa uztartzen diren tokia da.

Aurreko etapan belaunaldi oso gazteetaraino iritsi zen zuen musika.
A.E.:

Hemen gaztea Mikel da, berak esango dizu hori hobeto.

M.Y.:

‘‘Crowdsurfing’’ delako hori, hau da, jendartean etzanda eta buruen gainetik ibiltzea, behin bakarrik egin dut, Donostian, 2009an, eta Asgarthen kontzertu batean izan zen.

A.E.:

Taldeak utzita zuen ordurako, gainera. Berezia izan zen.

M.Y.:

Orduan abeslariak seinalatu ninduen... eta, begira, ez nuen pentsatuko hamalau urte geroago oholtzan elkarrekin izango ginenik. Zaleak ginen garai haietan, eta nik neuk esan dezaket oso gertuko jendea direla. Oso ondo hartu gaituzte.

Diskoaren irekierako introaren inguruan idatzi duzuen azalpena eta azala bera tetriko samarrak dira, ezta?
A.E.:

Iker Bengoetxea da azala egin duena eta asko gustatu zitzaigun berak egindako lana, artista hutsa da. Horren zergatia azaltzea ere garrantzitsua zela uste dugu. Iker artista handia da eta dena ondo pentsatuta egiten du beti, buelta asko ematen dizkio irudiei, eta guk ere gerra dezente eman diogu.

Elektronika kutsua duen intro bat da, baina kolpe bat ematen duzue segidan ‘‘Zeldatik’’ kantuarekin. Kantu hau modernoa da edo klasikoa da?
M.Y.:

Nik esango nuke beteranoek oso argi dutela zein den formula eta beren kantak egiteko modua. Hortaz, konposatzen klasiko samarrak dira orokorrean. Konponketak akaso Etxahun eta biok modu berriago batean egin ditugu, eta Haritzen soinua ere modernoagoa da, ez 90ekoa.

A.E.:

Dena koktelera batean sartu eta atera dena da, ez dakit hainbeste sailkatu behar ote den kantu baten edo disko baten estiloa.

‘‘Zeldatik’’ kantuan ez dakit pandemiaren bueltan edota taldearen inguruan ari ote zareten hizketan.
A.E.:

Askatasun oihu bat bezala ulertu behar da, musikalki hori iradoki zidalako letra idazterakoan. Eztanda moduko bat da. Normalean beti musika doa lehendabizi eta horren gainean idazten ditut abesti guztien hitzak.

Atzetik ‘‘Izurri berria’’ dator. Gazteek ekarri dute iluntasuna zuengana, Asier?
A.E.:

Ideia originala Anderrena da eta Judas Priest taldearen kutsua ikusten diogu. Azken urte hauetan igarotako garai beltzari erreferentzia egiten diogu, nahiz eta jakitun garen ez garela originalenak.

M.Y.:

Nik zuzenean asko disfrutatzen dut hau jotzen, erdi tenpo batean.

Bada, baxuaren sakontasuna nabarmendu nahi nuen abesti honetan, lodi-lodi entzuten baita. Bilatua izan da?
A.E.:

Nik uste dut Mikelen lerroak oso landuta daudela eta Haritzek bere puntua eman ziola estudioan bertan.

M.Y.:

Nik orain arte lau sokako baxu batekin jo izan dut, eta Haritz, soinu astunagoetan, lodiagoa den noten bila ibiltzen da. Hortaz, soka bat gehitu zion guztiari. Bost sokako baxu batekin proba egin genuen, eta hortik hona halako batekin nabil, horrek ematen die abestiei entzuten den gorputz guztia.

Zure kantaera ere aldatu da, Asier, ez dakit oldarkorragoa den definitzen duen hitza.
A.E.:

Egia da urteekin zerbait ikasi dugula. Lehen askoz ere garbiagoa zen, aurreneko diskoetan fina ere bai. Baina gustuko ditudan abeslariak entzunez-eta, bilatu egin dut urratze hori eta askoz ere erosoago sentitzen naiz. Abestien estiloak holako ahots bat eskatzen zuen.

Metalaren oso arlo desberdinetako teknikak nahastu dituzte gitarra-jotzaileek abestietan.

A.E.: Unaik ekarri zuen ideia nagusia abesti honetan eta modu berezia du konposatzeko garaian. Estilo propioa dauka, oso markatua eta tenpo erdiko kantetan duen domeinua handia da. Segituan asmatzen dut berea den edo ez. Estilo asko kontsumitzen ditugu eta, ideiak etortzen direnean, denak uztartzen dira.

Lehen hiru abestiak bat balira moduan ulertu ditut, ez dakit gaiagatik den, estiloagatik den… Dena dela, argi dagoena da ‘‘Kale gorrian’’ kantuan salatzen duzuena okerrera baino ez doan kontu bat dela.
A.E.:

Letrekin bakoitzak bere pelikula egitea ere interesgarria izaten da, nahiz eta kantuak nahikoa zuzenak diren. Letrak nik egiten ditut, taldekideek hobetzen laguntzen badidate ere. Ez dut beste batzuk duten idazteko gaitasuna. Gorka Urbizuk esaldi batean laburtu dezake nik bost esalditan esango nukeena. Baina zuzena izaten saiatzen naiz.

M.Y.:

Asierren alde esango dut nik ere egiten ditudala irakurketak. Eta, esate baterako, abesti hau eta ‘‘Abdoulay’’ lotuta egon daitezke. Nire lanagatik ezagutu ditut kale gorrian bizi direnak, itsasoa gurutzatu duen jende horren drama, eta oso gertu sentitu ditut bi abesti horiek.

A.E.:

Bai, gai oso sozialak dira diskoan tratatu ditugun guztiak.

Adoulayren blokearen aurretik, ordea, ‘‘Ezin bizi’’ aipatu nahi nuke. Heavytik eta hard rocketik badu kantu honek.
M.Y.:

Hard & heavy esaten zuten batzuek.

A.E.:

Ahotsetik sortu zen abesti hau, ostiral arratsalde batean ziur. Noiz ez dakit, baina subidoi horrekin nengoela grabatu nuen. Eta bidali nien eta polita izan zen gero beste elementuak gehitzen ikustea. Abesti bizia da.

M.Y.:

Bitxia da abesti hau hasieran zuzenekoetatik kanpora utzi genuela. Baina publikoak eskatu digu eta aurreko batean, Oñatin, zuzenekora eraman genuen.

A.E.:

Guk irudipen bat izaten dugu, baina, ondoren, publikoa da benetan beste bide batzuetara gidatzen gaituena.

‘‘Abdoulayren agurra’’ kantua ere aipatu behar da. Abdoulayren dramaren zati bat, abiatzea, kontatzen du kantuak. Halako istorioak entzutean, zirrara berezia sortzen da.
A.E.:

Abdoulayk istorioa zuzenean kontatu zidan, Pasai San Pedron, garagardoa eskuan nuela. Irribarrea du beti aurpegian, haurrekin ondo konpontzen da… Oso maitatua da herrian. Eta, bizi izan duen guztia eta gero, bizitzarekin duen jarrera benetan mirestekoa den zerbait da.

‘‘Ispilu zelataria’’ kantuan estiloz aldatzen da berriz guztia. Bertan salatzen dena da azpimarratu beharrekoa, trabestitzen den baten paperean jartzen zarelako, Asier.
A.E.:

Gai hau landu beharreko beste bat da, gizarte gaiak lantzen ditugun heinean. Heavy mundua ilunagoa da, eta askotan esan izan digute zaldunez eta ezpatez bakarrik hitz egiten dugula. Bada, saiatu gara pertsona horren azalean jartzen. Ez gara jarri gaur egun hori bizitzen dabilenaren azalean, abestian esan arren gaur egun pausoak eman direla, emango direla eta eman behar direla. Frankismoaren garaian, gisa horretan, oso ezkutuan zebilenaren paperetik abestu dugu.

Oñatin izan zineten. Hemendik aurrera zein datoz?
A.E.:

Martxoaren 25ean Tolosako Bonberenean izango gara, Niña Coyote eta Chico Tornadorekin. Eta maiatzaren 13an Vertigo Rocken izango gara, Ermuan. Data gehiago ere agertu dira, baina kontatuko ditugu. Bitartean, diskoa bandcampean eskura daiteke.