GARA Euskal Herriko egunkaria

Zaku banaketa


Dispertsioa deitzen nion, eta Herrera de la Mancharekin lotzen nuen, Juankar Alberdi ‘‘Krakas’’ herrikidea han hil zelako; Joseba Sarrionandiaren ‘‘Kartzelako poemak’’ ederrean «esna kantu bat abestu genion gure aberriaren sehaska hutsari. Eta goiz batez El Puerto de Santa Maríako kartzelan esnatu ginen» horrek marka utzi zidalako eta 1992 hartan hilabetez gose greba egin zuten 12 euskal presoek Salto del Negro izena iltzatu zidatelako. «L’éloignement» deitzen zionik bazela jakin nuen gero, urruntasuna, Fresnes eta La Santé gatibuen ikur bihurtuta. «Sakabanaketa» berantago etorri zen; oroitzen dut etimologiarekin kezkatutako nerabea, kartzeletara zakuekin joateagatik ote zen galdezka, zakubanaketa.

«Ante la dispersión solidaridad» ere ezagutu genuen, «association de solidarité avec les prisonniers politiques basques» bezala, maitasunaren aldeko maitasuna. Eta euskal seme-alaba zintzoak bakardadeari aurre egiten, ziegan. Errepidean hildako senideak, malkoak, mina, ezerk ezabatuko ez duen dolua arimari erantsia. Eta kantuak… Negu Gorriak-en «Maite zaitut, nire poltsarekin, autobusera abiatzen naizen bakoitzean» edo aspaldi idatzi nuen «Zuk barrutik nik kanpotik tira lehenbailehen ekarri behar dira presoak Euskadira» hura, lehenbailehen izan ez dena. Lerrokada hau etorri zait ofizialki dispertsioa bukatu dela jakitean; bakoitzak izango du bere memoria halakoz betea. Baina goazen aurrera. Orain, etxera.