GARA Euskal Herriko egunkaria
BINAKAKO FINALAREN ATARIAN
Entrevue
Unai laso
Baikoko aurrelaria

«Oldarkor eta libre jokatuta, zintzoa naiz nire buruarekin»

Bizkarreta-Gerendiaingo aurrelariak gorriz jantzita jokatuko duen lehenengo finala izango da igandekoa, Buruz Burukoa irabazi zuen leku berean, Nafarroa Arenan jokatuko dena. Baikok hala erabakita, asteburuaren aurretik egindako elkarrizketa honetan -osorik NAIZen- bera izatearen garrantziaz mintzo da txapelduna.

(Iñigo URIZ | FOKU)

 

Unai, ia urtebete daramazu gorriz. Bizi izan duzu txapeldunaren presio hori?

Beheraldi txiki bat etortzen da, eta gero maila horretara itzultzea kosta egiten da. Baina horretarako entrenatzen dugu fisikoa, burua, dena... Uste dut gorriz ez dudala partida txarrik egin. Agian ez dut aurreko urteko maila eman partida batzuetan, askotan bai. Baina zaila zen urte hain ona errepikatzea, hiru finaletara helduta. Kanpotik erraza ematen du baina oso-oso zaila da, maila handia baitago. Begira, Binakakoan bikote oso onak kanpoan geratu dira eta gu heldu gara finalera. Harro nago horretaz.

Eta enpresako erreferentzia izate hori?

Ez. Askotan esan dut nik niretzat jokatzen dudala. Batzuetan bai pentsatzen duzu enpresarentzat ona litzatekeela honek irabaztea, baina nik uste pilotariak bere buruarentzat jokatzen duela. Ni naiz maila ona eman nahi duen lehena, ni naiz sariak lortu nahi ditudana. Anbizio handikoa naiz eta beti nire mailarik onena eman nahi dut. Azkenean ez dut presioaz pentsatzen, ze momentu txar asko pasatu ditut eta orain gertatzen ari den guztia opari bat da. Horrela pentsatzen saiatzen naiz eta, egia esan, hala pentsatzeak lagundu egiten dit.

Zure jokoa ere halakoxea da, librea.

Bai, hori da, gozatu eta nire jokoa ateratzea. Azkenean, nire jokoa ateratzen badut, zintzoa naiz nire buruarekin; ez badut ateratzen, etxera joaten naiz «frontoian ez naiz ni izan» pentsatzen. Nire joko ona horrelakoa da, oldarkorra, pixka bat librea, eta horrela saiatzen naiz jokatzen. Askotan ezin da joko hori atera, edo txarto ateratzen da, ze asko arriskatzen dut, edo batzuetan bururik gabe gauza batzuk egiten ditut. Baina ni izan behar naiz.

Azken partidak mugan jokatuta atera dituzue aurrera.

Bai, hala da, eta horregatik irabazi ditut baita ere. Uste dut aurpegia eman dudala, eta Gasteizen, nahiz eta 12-4 galtzen hasi, sentsazio onekin geunden; gure jokoa atera gabe ginen oraindik, eta gero buelta eman genion. Egia da Tolosa ere jaitsi zela, Altuna ez zegoela eroso... Momentu asko pasatzen dira partida batean zehar, eta azken partidetan asko gozatu nuen, ikusten zen kantxan. Horrela gozatzen egonda, gauzak ondo atera dira. Gero, Labriten, nahiz eta nik ia perfektu jokatu, begira ze emaitzarekin amaitu genuen... Eta Elordi oso urduri zegoen, Josek [Javier Zabaletak] sekulako partida jokatu zuen; eta 22-19 irabazi genuen, nik ia perfektu jokatzen. Bikote oso gogorrak daude.

Peio Etxeberria eta Rezustaren aurkako play-offeko partida mugarri bat izan zen?

Bai. Uste dut hura izan zela momentu kritikoena txapelketan. Zorionez, ondo irten zen. Galtzen ari ginen 21-19, eta irabazi egin genuen. Mariezkurrena nola zegoen ikusita, irabaztea zaila izango zela uste genuen eta, egia esan, momentu kritikoa izan zen. Baina ondo irten zen. Eta ez zen irten zorteagatik bakarrik. Iruditzen zait ez nuela partida ona egin, baina asmatu behar zen momentuetan asmatu nuen. Oso nekatuta nengoen, baina ausardia horrek eman zidan azkenean garaipena.

Labriteko zenbait partidatan Jokin Altunak txistuak entzun ditu. Zer da, gaizki ulertutako norgehiagoka bat?

Frontoi guztietan errespetua behar da. Badakigu partidan gauza asko gertatu ahal direla, baina ezin dira irainak egon. Azkenean, errespetua izan behar da. Batzuk nire aldekoak izango dira, beste batzuk Altunaren aldekoak, Ezkurdiaren aldekoak... Baina euren artean errespetua behar da. Norgehiagoka beti izango da, baina Altunaren aurkako finalerdi eta finaletan gure zaleak beti ondo konpondu dira, eta errespetuz. Eta horixe da nahi duguna, ez dugu hooliganik nahi.