GARA Euskal Herriko egunkaria

Sentibera


Irakurle bat galdu dut. Gehiago galdu dute bere bikotekide Mari Karmenek eta senideek; mundu hau hobetzeko esperantza dutenek aliatu bat galdu dute Joakin Arregi “Txe” zendu denetik. Eskaut mugimenduaren zale ez naizen arren, haren sortzaile Baden-Powell ingelesak «mundua hartu duguna baino hobeto uzten saiatu behar genuke» erran zuen. Eta, hari horretatik, Txek printzipio hori betetzen zuela argi dut, enpatiaz bestearen oinetan jarri eta haren hobe beharrez ekinaz.

Gizon sentibera, konprometitua zen zizurkildarra, entzuten zekiena eta gustura entzuteko modukoa, elkartasunaren eta borrokaren indarra Euskal Herritik Venezuelaraino. 25 urtez erbestean, erraz erraten da. «Kantauri zain egon arren, Karibe ezin dut utzi, bi hamarkada eta erdi ez baita denbora gutxi», Habanera doinuan eskaini zion bere Venezuela maiteari honat ailegatu aitzin. «...Chavez aipatzea ere uste dut zilegi dela/ bizitza markatu didan erreferentzi itzela/ bera defenditzen inoiz ez naiz izango epela/ sinesgarritasuna du idatziko dut honela/ eta iraungitze data ez da iritsiko bela/ han dago Euskal Herria ta hemen Venezuela/ berdin zait, bakarrik dakit ‘chavista’ izango naizela».

Azken arnasa eman arte, aupa Chavez! Poesiaren aldeko ikuspegia, bertsoak ulertu eta sortzeko dohaina, artearen ertzetan ibiltzeko trebezia, marka hori utzi dit Txek. Banekien astero irakurtzen zidala, urteotan seinale eman didalako. Ez dakit hau leituko duen; badakit bazekiela maite nuela. Genuela.