GARA Euskal Herriko egunkaria

Arrasatek Kopako finalera iristeko Aguirreri eskatutako bide-orria

Denboraldi honetan bezala, Osasuna eta Athletic Kopako finalerdietara iritsi ziren 2005ean. Nafarrek gol bateko errenta defendatu behar izan zuten etxetik kanpo Atletico Madrilen zelaian. Giro gaiztoari aurre egin zioten eta, sufritzea egokitu zitzaien arren, taldearen historiako lehen finalerako txartela lortu zuten.

Joaneko partidan Valdok Sadarren egindako gol bati esker, Osasunak bere lehen finalerako sailkapena lortu zuen 2005ean. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Osasunak Kopako final bakarra jokatu du bere 123 urteko ibilbidean. Esperientzia handiagoa izango du Athleticek, baina bi taldeak finalerdietara heldu ziren aurreko aldian nafarrek eskuratu zuten txartela. Osasunak Javier Aguirreren Mallorcaren kontra neurtu zituen indarrak ostiral iluntzean. Partida amaitzean elkar agurtu zuten entrenatzaileek telebistaren aurrean eta Jagoba Arrasatek finalera iristeko bide-orriaren inguruan galdetu zion txantxetan.

Aguirrek Osasunako entrenatzaile gisa bete zuen hirugarren denboraldian lortu zuen finalera heltzea. Hurrengo urtean Txapeldunen Ligan jokatzeko sailkatuta utzi zuen taldea. 2002ko Munduko Kopan Mexikorekin lan ona egin ondoren, Iruñera heldu zen, Patxi Izko presidente berriaren eskutik. Aldaketa garaia zen. Miguel Angel Lotinak Osasuna Lehen Mailara itzultzea eta bi denboraldiz jarraian mantentzea lortu zuen, baina klubaren asmoa estutasunak alboratu eta maila bat igotzea zen. Gorabeherak eta zailtasunak gainditu behar izan zituen arren, Javier Aguirrek mentalitate aldaketa ekarri zuen eta ezinezkoak ziruditen emaitzak eskuratu zituen bere umore eta jarduteko modu xelebrearekin. Entrenamenduetan jokalariek gozatzea zen bere metodoetako bat. Lehen sasoian, Kopako finalerdietara iritsi ziren 2003an, baina Lucas Alcarazen Recreativok ametsa zapuztu zuen. 2-0 galdu zuten joaneko partida Huelvan eta Sadarren ezin izan zioten buelta eman kanporaketari.

BIGARREN AUKERA

Entrenatzaile mexikarrak arazoak izan zituen hastapenean bere estilo erasokorra Ligako erritmo eta jokora egokitzeko. Kaleratua izateko arriskuan izan zen hainbat aldiz eta 2005 hartan ere alanbretik erortzeko zorian zebilen, irabazi gabeko 12 partidarekin eta gol gehien jaso zituen taldea izanik Ligan. Zalantza ugari zeuden eta atezainen eginkizunean ere eragin zuzena izan zuen. Juantxo Elia izan zen gehien jokatu zuena, baina Sanzolek ere partida mordoa izan zuen.

Javier Aguirrek, motibatzaile aparta dela erakutsiz, egoerari buelta eman eta taldekideen artean lehiakortasuna bultzatzen asmatu zuen. Horren adibide, Ligan hamaikakoetan gutxitan sartzen zen Iñaki Muñozek Kopa hartan egindako bost golak. Finalerdietan Atletico Madrilekin neurtzea egokitu zitzaion zozketan eta ‘Chengue’ Morales aurrelari uruguaitarrak begi onez hartu zuen. Denboraldiko izarretako bat izan zen eta 9 gol egin zituen Ligan. Milosevic serbiarra eta Aloisi australiarra aulkian utzi zituen eta nafarren erasoko erreferente nagusia izan zen Webo kamerundarrarekin batera.

Garai latzak ziren Atleticorentzat. Fernando Torres zen kapitain eta ikur nagusia 21 urterekin, eta Ibagaza argentinarra, jokalaririk arriskutsuena. Osasunak gose handiagoa zeukala agerian utzi zuen joaneko partidan eta merezitako garaipena eskuratu zuten. Valdo eskuin erdilariak egin zuen gola lehen zatiaren erdialdean korner batean. Atletico Madrileko jokalariak bueltarako giroa berotzen saiatu ziren. Fernando Torresek, adibidez, Osasunari joko zikina egitea leporatu zion. Gorritxoei beldurra sartzen saiatu ziren, Ligan hiru gol sartu zizkietela gogora ekarriz eta harmailetako bultzadarekin kanporaketa gaindituko zutela ziurtzat emanez. Aldi berean, Iruñeko zaleei sarrerak saltzeari uko egin zioten eta Osasunaren autobusari harriak jaurti zizkioten.

Talde nafarrean Pablo Garcia erdilari uruguaitarra bezalako jokalariak zeuden, inoiz kikiltzen ez direnak. Maila mantentzea ziurtaturik, ez zeukaten galtzeko ezer eta aukera paregabea zela argi zeukaten. Aurrera egiteko gol bat egitea derrigorrezkoa izango zela esan zuen Javier Aguirrek atarikoan, baina gorritxoek oso partida serioa jokatu zuten eta defentsako lan bikaina eginez erantzun zuten. Elia izan zen atezaina eta defentsan Unai Exposito, Krutxaga, Josetxo eta Clavero aritu ziren. Pablo Garcia eta Patxi Puñal sartu ziren zelai erdian, Valdo eskuineko hegalean eta Delporte ezkerrean. Webo eta Morales izan ziren aurrelariak eta aulkitik Iñaki Muñoz, Moha eta Milosevic atera ziren.

Javier Aguirrek azpimarratu zuenez, bere taldeak «arima» utzi zuen zelai gainean eta golik ez jasotzea nahikoa izan zen. «Asko sufritu» arren, «sari potoloa» Osasunak irabazi zuela goraipatu zuen mexikarrak. Krutxagak eta Eliak taldearen nortasuna eta aldagelan sentitutako poztasun eta alaitasuna nabarmendu zituzten. Finalerako txartelarekin batera, Europan jokatzeko aukera eskuratu zuen Osasunak. Izan ere, Betisek Athletic kanporatu zuen San Mamesen eta Txapeldunen Liga jokatzeko sailkatu zen denboraldi amaieran. Talde gorritxoaren jarraitzaileek Gaztelu plazan ospatu zuten lorpena.