GARA Euskal Herriko egunkaria
EDITORIALA

Euskal Herria kiroltasunez onartu dezaten


Datorren uztailean munduko txirrindulari lasterketarik ikusgarrienak Euskal Herrian hasi eta hemengo lurrak zeharkatuko ditu hiru egunez. Mundua begira izango du, kirolari apartak beren onena ematen izango baitira bertan. Frantziako Tourrak eskaintzen duen agertoki paregabe hori baliatu nahi du Gure Esku-k munduaren aurrean erabakitzeko eskubidea aldarrikatzeko. Lasterketa bere etorkizunaren jabe izan nahi duen herri baten lurretatik igaroko dela nabarmentzeko, ekimen bat antolatzeari ekin dio herri dinamikak, eta txirrindularitza munduko hainbat profesionalek harekin bat egin dute.

Atzo Errenterian, Euskal Herriko Itzuliaren hirugarren etapa abiatu zen udalerrian, Usoa Ostolazak eta Mikel Astarlozak beste zenbait euskal txirrindulariren izenean esan zutenez, Tourraren hasiera hori «aukera paregabea da Europako txoko honetan zazpi lurraldeko herri bat dagoela esateko». Aukera ona da, izan ere, munduaren aurrean herri hau den moduan agertzeko: txirrindularitzazale, egunotan Euskal Herriko itzulian erakusten ari den bezala, urte askoan hainbat lasterketatan erakutsi izan duen bezala, eta lasterketa frantsesari bezala beste herrialdeetako jendeari ere ongietorria egiten diona. Euskal zaleak egiten ohituta dauden zerbait egitera deitu zuten Gure Esku-ren ekimenarekin bat egin duten txirrindulariek: ikurrina aldean errepide bazterretara bil daitezela. Dagoeneko abian da inoizko ikurrinik handiena egiteko finantzaketa kolektiboa, Tourrean erakusteko asmoz.

Ikurrina da lasterketa frantsesak zeharkatuko dituen lur hauetako bandera eta hala islatuko dute ikurrin erraldoi horrek eta ezin konta ahala ikurrin txikik, Pirinioez bi aldeetan kirola eta aldarrikapena uztartuz, kirolariei txalo eginez eta munduari aldarrikapena helaraziz: herri txiki eta zahar hau bizirik dagoela, ez dela beste ezein baino hobea, baina beste edozein bezain herri dela, beste edozeinek adina eskubide dituela. Estatuei, berriz, herrien nazio eskubideak kiroltasunez onar ditzatela. Bide gorabeheratsu eta luzearen jakitun, Tourreko txirrindularien antzera maldan behera eta bide malkartsuan aurrera egiteko prest dagoen herria dela.