GARA Euskal Herriko egunkaria
«BIDEAK» PODCASTA (IV)

Checkpoint: kontrolek fluxua trabatzen dute, baina ez gelditu

Gobernu frantsesak apiril honetan ebatziko du oraindik itxita dituen mugako pasabideak ireki ala ez. «Bideak» egitasmoaren laugarren atal honetan, NAIZ Irratiak eta Mediabaskek Parisen argudioak aztertu dituzte, itxuraren araberako kontrolak ugaritzeak dakarren eskubide urraketa, baita inguruko herrietan duten eragina ere.

Migratzaileen heriotzak salatzeko ekintza egin zuten Sortuk eta Africa United elkarteak joan den uztailean Santiago Zubian. Jean-Rene Etchegaray eta Iñigo Urkullu Elkargoko eta EAEko lehendakariek, aldiz, topaketa egin zuten toki berean, duela urtebete. (Andoni CANELLADA - Maialen ANDRES | FOKU)

Azken urteetan Euskal Herrian bi estatuen arteko mugako hainbat pasabide itxi ditu Frantziak, eta zabalik daudenetan kontrol zorrotzak ezarri ditu. Itxitako bideetako bat Irun eta Hendaia arteko oinezko pasabidea da. Schengeneko itunaren arabera, Europako barne mugak ixteko irizpide oso zehatzak bete behar dira, eta gehienez sei hilabeterako hartu ahal den neurria da. 2015etik Parisek behin eta berriz luzatu du erabakia. Azaroaren 1ean ebatzi zuen enegarren luzapena. Erabakiaren aurka ehunka herritar elkartu ziren Irunen eta Hendaian, bakoitzak bere aldetik zubirainoko bidea egin eta bi udalerriak bereizten dituzten hesiak puskatzeko.

«Kontrol arrazistak» salatu zituzten. «Pertsona migratzaileak bidean datoz bizimodu hobe baten bila, hiru egun egoten dira gehienez, eta Polizia frantsesa zain izaten dute. Azken bi urteetan gutxienez bederatzi lagun hil dira eta ez da ezer aldatu, migratzaileek presio onartezina jasaten dute, eta arriskua gero eta handiagoa da», ohartarazi zuten.

Zubiak irekitzea aldarrikatu zuten, kontrolak kentzea. Arduradun politikoek ere hala eskatu zuten, Euroeskualdeko Exekutiboak, Iñigo Urkulluk, Jean-Rene Etchegarayk, baita Akitaniako presidenteak ere.

«AITZAKIAK»

Iker Barbero Zuzenbidean doktorea da. Azaldu duenez, Gobernu frantsesak «une bakoitzean aitzakia ezberdinak» erabili ditu mugak itxita mantentzeko, eta terrorismo mehatxua behin eta berriz baliatu du. «Aitzakiak dira. Praktikan ikusten duguna da migratzaileak direla muga horien eraginak pairatzen dituztenak». Mikel Mazkiaran abokatua eta SOS Arrazakeriako kidea iritzi berekoa da. Algecirasko edota Kanarietako egoera eta Irun eta Hendaia artekoa bereizi ditu. Algeciras edo Kanarietakoa Europa kanpoko muga bat da, Schengen akordioaren arabera indartu behar dena. Bidasokoa, aldiz, barne muga bat da, teorian behintzat kontrolik behar ez duena. Zergatik dago kontrol hori, hortaz? 2015eko azaroan Bataclaneko atentatua gertatu zen Estatu frantsesean. Ordutik aurrera, egoera berezi batean dago. «Aitzakia bat da Gobernuak kontrola luzatzeko erabiltzen duena».

Parisek ukatu arren, Euskal Herrian eragile eta instituzio guztiek salatu dute Polizia frantsesak mugan kontrolak ezartzearekin batera hartu dituen neurriak. Ez dira ezkutuan ari, kontrolak mugan ez ezik garraio publikoan ere ezarri dituzte denbora honetan guztian, eta ohiko irudia da muga igaro berri duten pertsonak polizia ibilgailuetan sartu eta berriro Irunen, errepide bazterrean uztea.

Gorte espainiarretara eraman zuten udazkenean auzia, Madrilek Parisi presioa egin ziezaion. Madrilgo Gobernuak bere Senatuaren interpelazioari bide eman diola esan izan du, Parisi eskatu diola mugak irekitzea, eta norabide horretan urratsak izango direla berandu baino lehen.

Irregularki eman ohi diren itzuleren inguruan, ordea, ez da Madrilen salaketarik. Ez ikusiarena egiteko hautua egin duela dirudi. Gobernuaren Gipuzkoako ordezkariari galdetu diogu, Guillermo Echeniqueri, eta erantzun du beraiek dakitela behintzat Frantziak ez duela mota horretako itzulketarik egiten.

ZAILA DA AUZITEGIETAN DEFENDATZEA

Barberok oroitu duenez, nazioarteko zenbait itun daude bidean diren migratzaileen eskubideak aitortzeko. Giza Eskubideen Europako hitzarmena, adibidez. Horiek bete beharko lituzkete estatu kideek, sinatu egin dituzte eta. Baina praktikan eskubide horiek urratzen dituzte. Gainera, oso zaila da gero auzitegietan defendatzea. Kontuan hartu behar da zapalketa hauen biktimak oso ahulak direla juridikoki, egoera irregularrean baitaude. «Egon dira adibideak non auzitegien aurrean eskubideak bermatu diren. Beste batzuetan, tamalez, nahiz eta bortizkeria agerikoa izan, Europako Giza Eskubideen Auzitegiak ez du hala interpretatu, eta pauso bat atzera eman du oinarrizko eskubideen aitortzan».

Migratzaileen kontrol neurriak mugaz harago eraman ditu Parisek eta, horrekin batera, diskriminazio kasu agerikoak diruditenak. Mazkiaranek baieztatu duenez, azalaren kolorearen araberako kontrolak dira. Lapurdiko garraiobide nagusietan izan dira. Bai Hendaiako Topoaren geltokian, bai eta Baionako autobus geltokian ere. Bertan sortu zen egoerak eragin zuen Baionako Herriko Etxearen esku-hartzea.

Jean-Rene Etchegaray alkateak zuzenean esku hartu zuen zenbait elkarte solidariorekin batera hainbat garraiobidetan etorkinei ezarri zitzaizkien mugapenen aurka.

Estatu frantsesak ukatu egiten ditu akusazio horiek. Urtarrilera arte Baionako suprefeta zenari, Phillipe Le Moing-surzurri, galdetu diogu, eta ez dela azalaren araberako kontrolik izan segurtatu du.

MUGA IREKIKO DUTE?

Parisek apirilean berritu beharko du mugen itxieraren inguruko ebazpena. Bartzelonan, bi estatuetako agintariek urte hasieran egin zuten gailurrean, Emmanuel Macronek aurreratu zuen aurrerapausoak izango zirela.

Itxita dauden mugako pasabideen irekiera dute mahai gainean, eta hala baieztatu die Gobernu espainiarraren Gipuzkoako ordezkariak, Guillermo Echeniquek, Mediabaski eta NAIZ Irratiari. Mugako herrietako alkateei ere norabide horretan urratsak egingo direla adierazi diete bi estatuetako ordezkariek. Zain dagoela esan du Jose Antonio Santano Irungo alkateak, eta egin duten presio handia nabarmendu du.

Parisek mugen kontrolerako tresna berrien ahaleginean kokatu du, ordea, mugen itxiera. Schengen akordioaren eguneratze baten beharraz ere hitz egin izan du Macronek. Eta Estatuaren tokiko arduradunek diote ez dagoela kontrolak bertan behera uzteko asmorik.

SINBOLIKOKI ZABALDU ZUTEN

Eñaut Aramendi sindikalista da, Bidasoa Etorkinekin kolektiboko kidea. «Azaroaren 1ean zubia ireki genuen sinbolikoki. Segituan itxi zuten berriro. Bagenekien horrela izango zela, baina ekimenak balio izan zuen arazoa mahai gainean jartzeko», oroitu du.

Arduradun politiko gehienek esaten dute ireki behar dela. Herritarrak kokoteraino daude. Estatuak du eskumena, baina sindikalistaren ustez horrek ez du kentzen arduradun politiko horiek herrietatik jasotzen dutena transmititzea.

«Hendaiako Herriko Etxeko langileei Poliziak deitu zien zuzenean, hesi horiek jartzeko. Ondoko egunean bildu ginen alkatearekin. Hortik akta bat atera dugu. Argi eta garbi esan du publikoki ez dela berriro gertatuko, hitz egin duela Paueko prefetarekin eta Poliziarekin. Posizionamendu horiek inportanteak dira». Izan ere, «norenak dira hesiak, herriarenak ala estatuarenak? Herriarenak badira, berreskuratu, zureak dira», adierazi du.

Mikel Mazkiaranek azaldu duenez, fluxuak betidanik izan dira eta kontrolek ez dituzte geldituko. Migratzaileak beti saiatuko dira zeharkatzen. «Zailtasun gehiago jartzen badituzu, diru gehiago kostatuko da. Zergatik daude mugalariak? Zuk oztopo pila bat jarri duzulako gurutzatzeko».

Zergatik pasa daitezke ukrainarrak, baina gainerakoak ez? Zergatik ez siriarrak? «Europar Batasunak horrela funtzionatzen du. Bi ikuspuntutatik begiratu daiteke: batetik, diskriminazioaren aldetik, tratua ez delako berdina. Bestalde, Europar Batasunak halako erabakiak hartuta frogatzen du migratzaileekin beste politika bat egin daitekeela», esan du abokatuak eta SOS Arrazakeriako kideak.