GARA Euskal Herriko egunkaria
PILOTA

Euskal selekzioa ofiziala izateko, estatutuak aldatzea aztertuko dute

Euskal Pilota Federazioak nazioartean onar dezaten eskabidea egin du eta, lehen aldiz, hori aztertzeko Ezohiko Batzar Orokorra deitu du Nazioarteko Euskal Pilota Federazioak. Azken honek estatutuak aldatu beharko ditu, Euskal Federazioa sartzekotan.

CIBJ erakundearen Munduko Txapelketan parte hartu zuen Euskal Selekzioaren ordezkaritza. (EEPF)

Euskal Pilota Federazioak nazioartean lehiatu ahal izateko lehendabiziko urratsa egin du: Nazioarteko Euskal Pilota Federazioari (FIPV, gaztelerazko siglak) bertan onartua izateko eskaera luzatzea. Ez da egiten duen lehen aldia, baina bai, ordea, eskabidearen aurrean erantzun bat jasotzen duen aurrenekoa.

Nazioarteko Euskal Pilota Federazioak Ezohiko Batzar Orokorra egiteko konpromisoa agertu du, euskal erakundearen eskaera aztertzeko eta, hala behar izanez gero, estatutuak aldatzeko.

«Zuzendaritza Batzordearen gaurko bileran [astelehenean], erakundeko presidentearen eskariz, adostu da Ezohiko Batzar Orokorra deitzea 90 eguneko epean, Mexiko Hirian, Nazioarteko Euskal Pilota Federazioaren estatutuen aldaketa proposatzeko, Euskal Pilota Federazioak nazioarteko erakundean sartzeko egindako eskabidea dela-eta», dio komunikatuak, Xavier Cazaubon presidentearen sinadurarekin. Biarriztarrak 2014tik zuzentzen du nazioarteko erakundea. Orotara, 31 federazio biltzen ditu eta Euskal Federazioak 32.ena izan nahi du.

Auzi honi buruz galdetuta, baikor agertu zen Gotzon Enbil, Euskal Pilota Federazioko presidentea, GARAren deiari erantzunez. Duela hilabete bat egin zuten eskaera eta astelehen honetan jaso dute erantzuna. «Batzordeak erabaki du gaia aztertzea, lehen aldia da Ezohiko Batzar batean gai hau tratatuko dena. Gu nazioarteko erakundean sartzeko beharrezkoa da estatutuak aldatzea eta hori eztabaidatuko dute», azaldu du Enbilek.

KIROL LEGE BERRIAREN BERMEA

Izan ere, nazioarteko federazioaren estatutuak dio estatu bakoitzeko federazio bakarra egon daitekeela eta, kasu honetan, Espainiakoak -eta hein handi batean, Frantziakoak- betetzen du ordezkaritza hori, euskal selekzioaren -eta, oro har, estaturik gabeko nazioen- aukerak oztopatuz. Estatutuak moldatzea proposatuko da Ezohiko Batzar Nagusi horretan, eta ordezkarien gehiengoak erabakiko du horiek aldatu edo ez.

Joan den urtean, Estatu espainoleko Kongresuan onartu zen Kirol Lege berriarekin, Euskal Pilota Federazioak Espainiakoaren babesa jasoko luke, «errotze historikoa eta soziala duen kirol espezialitatea izateagatik». Ofizialtasunaren aldarrikapenak Espainiako Kirol Kontseilu Gorenaren (CSD) babesa eduki zezan adostu zen baldintza nagusietako bat izan baitzen hori -bestea, surfarentzat baliagarriagoa dena, Espainiakoa sortu baino lehenago nazioartean lehiatu izana da-.

Beraz, Enbilek esan duenez, beren asmoen berri eman zioten Kirol Kontseilu Gorenari -honekin aurreakordio bat egotea beharrezkoa delako- eta «legea onartuta dagoen aldetik, ez legoke arazorik».

Iaz ireki zen «leiho berri hori» aprobetxatu nahi izan dute aurten, berriro, nazioarteko atea jotzeko. Orain, Nazioarteko Federazioaren teilatuan dago pilota.

Iaz Biarritzen jokatu zen Munduko Txapelketa, euskal selekziorik gabe. 2026an Argentinan izango da hitzordua eta 2030ean, Bizkaian.