GARA Euskal Herriko egunkaria
SASKIBALOIA

Baskoniak Olympiacosi irabaziz gero, Euroligako final-laurdenetan izango da

Neurketako epaileetako bat Gytis Vilius lituaniarra izateak egonezina sortu du, Zalgiris Kaunas baita gasteiztarren aurkaria Top 8ra bidean.

Jokalari bakoitzaren «bertsiorik onena» beharko du Baskoniak Atenasen. (Raul BOGAJO | FOKU)

«Geuregandik baino ezin dugu ezer espero». Jose Gervasio Artigas Uruguaiko independentziaren heroi nazionalaren ahotsa entzun daiteke Gasteizen gaur. Ez dira berehalakoan iritsiko arratsaldeko zortziak Bakearen eta Adiskidetasunaren -edo «Bi Gezurren»- pabiloian. Saski Baskoniak esku-eskura dauka, 2018/19 denboraldiaz geroztik aurrenekoz, Euroligako final-laurdenetako kanporaketa jokatzeko aukera, partida hau irabaztea nahikoa baitu.

Denboraldi osoan zortzi onenen barruan mantendu da talde gasteiztarra; abendu amaieran aurreneko posturaino iritsi ere egin zen. Zeinek jakin, beste zenbait aldeko emaitza baleude, bosgarren posturaino ere igo liteke talde gasteiztarra.

Bestetik, ezin da ahaztu Olympiacos Euroligako liderraren kantxan jokatu behar dutela arabarrek eta, hori aski ez balitz, Zalgiris Kaunasek, Saski Baskonia final-laurdenetatik at laga dezakeen taldeak, bihar gauean, 20.30ean hasita, ezertxo ere jokoan ez duen eta martxoaren 7tik hona Euroligako norgehiagokarik irabazi ez duen Bayern Munichen kantxan jokatu behar duela.

Eta zirkuan bageunde bezala, are eta zailago jarriko dugu ariketa! Hain zuzen, epaileetako bat Gytis Vilius lituaniarra izango dute gasteiztarrek gaur, Kaunasen bertan 1988ko martxoaren jaiotakoa. Euroligak susmorik saihestu nahi bazuen, hanka nekez sar zezakeen barrurago.

IZAERA

«Horixe dugula galtzekorik!», azpimarratu zuen Joan Peñarroya Saski Baskoniako entrenatzaileak atzo partida bezperako prentsaurrekoan. «Egia da Euroligako talderik saskiratzaileena garela -87,0 puntu partidako- eta ikuskizuna eman dugula. Egia da denboraldi osoan Top 8an sartuta egon garela. Horregatik guztiagatik irabaztea eta final-laurdenetako play-off horietan egotea da gure desioa», berretsi zuen.

«Olympiacosi irabazteko gu geu izan behar dugu. Ezin dugu 60 puntu sartzera jokatu, aurten halako Baskoniarik ez baita izan. Ahal bezainbeste eragotzi behar diogula saskiratze errazak lortzea? Jakina! Baina ezin dugu gure jokamoldea aldatu aurkaria edo partidaren garrantzia dela-eta. Gu geu izateak ekarri gaitu honaino», nabarmendu zuen Terrassako entrenatzaileak.