14 AVR. 2023 AZKEN PUNTUA Klimaren ustezko manipulazioaz Iker IBARLUZEA Meteorologoa Agerikoa da azken hilabete luzeetan euri gutxi egin izanak gizartean eragindako kezka. Ez da erraza meteorologo garenon aldetik horrelako egoera bati azalpen zehatz bat ematea. Berotze globalaren eragina ote da? Fase lehorrago batean ote gaude? Buelta etorriko al da? Galdera asko eta erantzun gutxi oraingoz. Bada, ordea, sektore bat gizartean, eta ez nuke esango txikia denik, non gertatzen ari den euri falta norbanako batzuen errua dela defendatzen den. Kasu honetan geoingeniaritzaz ari naiz. Geoingeniaritza, teknika batzuk erabiliz, munduko ekosistemen alterazio txiki bat eragitean datza. Adibide gisara, kliman aldaketa batzuk eragitea lehorteak pairatzen ari diren lekuetan euria egin dezan. Lortu, lortzen da, baina oso une zehatzetan eta fidagarritasun eta jarraitutasun gutxirekin. Modan dago chemtrail delakoa, non hegazkinetatik zerura isurtzen den gai kimiko batek klima asaldatuko lukeen, baina kasu honetan okerrerako. Hau, noski, klima manipulatzen ari direla defendatzen dutenek defendatzen dute. Nik neuk ez dut horretan sinesten, ezta sinetsi nahi ere. Baina gizarte ustel batean bizi gara eta, munduko boterea nahi dutenen aldetik, ez nintzateke harrituko uneren batean halako zerbait gertatzea mundu mailan.