GARA Euskal Herriko egunkaria
JOPUNTUA

Zaindu zaintzan duzun hori


Zaintzak bizitzako oinarrizko eta ezinbesteko jarduerak dira, eta argi dago ezin ditugula beti gure gain hartu. Horrela, beste pertsonen zaintza-beharra unibertsala eta saihetsezina da, bereziki, gure bizitzaren hasieran eta amaieran. Era askotara zaindu daiteke: familian, zaintza pribatuak, komunitarioak, publikoak eta abar. Edozelan ere, zaintzaren beharrari erantzuten dion sistema gizarte zerbitzuen sistema da. Osasuna edo hezkuntza ez bezala, EAEko gizarte-zerbitzuen sistema ez dago administrazio bakar baten mende. Bai Eusko Jaurlaritzak, bai hiru foru aldundiek zein udal guztiek eskumenak eta betebeharrak dituzte. Beharbada horregatik ere oraindik kostatzen zaigu bere osotasunean irudikatzea eta ulertzea, beharbeste defendatzea, eta, zergatik ez, eskubidea dena exijitzea.

Aldundien zeregina funtsezkoa bada ere, ezin da ahaztu udalak direla herritarrengandik hurbilen dauden erakundeak, eta sisteman sartzeko benetako ateak direla. Izan ere, oinarrizko gizarte-zerbitzuetara jo behar da beste zerbitzu batzuetarako sarbidea izateko, nahiz eta foru-eremukoak izan. Hortaz, herritar guztiei zuzendutako zerbitzuak dira, dauden eskubide eta baliabideei buruzko informazioa, balorazioa eta orientazioa emateko. Finean, sistema osoak ondo funtzionatzeko oinarri-oinarrizkoak dira. Gainera, ikuspegi komunitarioaren garrantzian benetan sinesten badugu, arretaren fokua tokikoa izan behar da, gure herrietan eta auzoetan jarri beharko da, horiek baitira egunerokoan bizi ditugun espazioak.

Gure ingurunean artatuak izateko eskubidea izan beharko genuke; are gehiago, etxean ahalik eta denbora gehien egoteko pentsatuak dauden zerbitzuak indartu beharko lirateke. Hurbileko logika honek eskatzen du, halaber, dinamika eta egitura erlazionalak sortzea, elkarrekintzan oinarritutakoak. Zaintzaren eztabaida gero eta gehiago erdigunean egotea feminismoari zor diogu, baita zaintzaren krisiaren inguruko hausnarketa elkarrekiko menpekotasunetik abiatzea. Indarra jar dezagun, beraz, elkarrekintza espazioak indartzen.