18 AVR. 2023 Gorroto delituek gora egin dute eta eraso arrazistak dira gehienak Ertzaintzak erregistratutako gorroto delituek gora egin zuten 2022an. Pertsona arrazializatuak izan ziren eraso gehien pairatu zituztenak, batez ere arabiar jatorrikoak. EAEn erregistratutako gorroto gertakariak 438 izan ziren. Bilbon arrazakeriaren aurka martxoan egindako mobilizazioa. (Monika DEL VALLE | FOKU) GARA BILBO «Euskadiko Gorroto Gertakariei buruzko 2022ko Txostena» aurkeztu zuen atzo Josu Erkoreka Lakuako Segurtasun sailburuak. EHUko Giza Eskubideen eta Botere Publikoen Katedraren zuzendariak, Jon Mirena Landak, egin ditu txostenaren zuzendari eta koordinatzaile lanak. Ertzaintzak 2022an erregistratutako 438 gorroto «gertakari» aztertu dituzte dokumentuan. Gertakari horietatik hiru gorroto izaerako arau hauste administratiboak dira eta gainerako guztiak, 435, hain zuzen ere, gorroto delituak dira. Eraso bat gorroto gertakaritzat jotzen da biktima arrazializatua izateagatik, genero edo sexu identitateagatik, edo sexu orientazioagatik jazartzen dutenean, besteak beste. Horrela, joan den urtean Ertzaintzak erregistratutako gorroto delitu gehien-gehienak arrazakeriak eta xenofobiak bultzatutakoak izan ziren (231 kasu, erasoen %52, 2021ean baino %42,6 gehiago). Eraso horietako 68 arabiar jatorriko pertsonek pairatu zituzten, txostenak jakitera eman duenez. Jarraian, sexu orientazio eta identitateagatik egindako erasoak daude (96 kasu, %21,6, 2021ean baino %31,5 gehiago). Era berean, izan dira ideologia politikoarengatik, aniztasun funtzionala izateagatik, adinagatik edo aporofobiagatik egindako erasoak ere, nahiz eta gainontzekoak baino askoz ere gutxiago diren. Gehien errepikatu zen delitu mota lesioak izan ziren, kasuen %41,3, hain zuzen ere. Mehatxuak %20,69 izan ziren, eta derrigortze delituak %11,5. Delitu gehienak kalean jazo ziren, guztizkoaren %43,5, alegia, eta segidan etxebizitzan (66 kasu, %15,1). Gainerakoak, gutxi batzuk, ostalaritza lokaletan, dendetan, ikastetxeetan, jai barrutietan, kirol instalazioetan, telefonoz edo Internet bidez egindako erasoak dira. Txostenean aztertu dituzten 435 delituetatik bederatzitan diskriminazio anizkoitzak erregistratu ziren; hori dela eta, kolektibo babestuen aurkako delituak guztira 444 izan ziren, gertaerak gutxiago izan baziren ere. Kopuru hori 2022an erregistratutako gorroto delituen kopurua baino handiagoa da, txostenaren arabera. Lakuak 2016an egin zuen txostena lehenengoz, eta, urte horretakoarekin alderatuta, delituen kopurua esponentzialki igo dela adierazi dute, batez ere 2021etik 2022ra bitartean. Igoera hori, alde batetik, gorroto delituak ugaritu izanari egotz dakioke, baina baita gizartearen kontzientziazio handiagoari eta tolerantzia txikiagoari ere, Erkorekak aurkezpenean azaldu zuenez. ATXILOTUAKIaz 44 pertsona atxilotu zituen Ertzaintzak, 2021ean halako bi. Gorroto delituak egiteagatik 246 inputatu zituen. Epailearen esku utzitako pertsonetatik 148 EAEkoak dira, gizonak %76,8, eta 18-50 adin tartekoak %67,4.