GARA Euskal Herriko egunkaria
AZKEN PUNTUA

Tiki-taka


Denborarekin zer egiten da? Igarotzen da? Gastatzen da? Galtzen da? Seguru dudan bakarra da begiratzen zaiola. Lagun bati duela gutxi esan nion erloju bat erostea gustatuko litzaidakeela. Ez dut inoiz izan eramateko ohitura, eskumuturrekoak nahiago ditut eta. «Nik eramaten nuen azterketa garaian, eta gero geratu egin zen», erantzun zidan. Denborari begiratzen diogu une oro. Eta denborak guri. Bestela, galdetu egiozu Iruñeko Mercaderes kaletik pasatzen den jendeari. Tiki-taka, 78 egun sanferminetarako. Eta gero tiki-taka, 41 egun EHZ festibalerako. Tiki-taka, 95 egun oporretarako eta 110 lanera bueltarako. Bertigo sentsazio hutsa.

Umm Kulthum abeslariak ederki menderatu zituen denboraren orratzak. Egiptoar abeslari ospetsua zen -arabiar munduko ospetsuena?- eta panarabismoaren ikur bilakatu zen. 1960ko hamarkadan, Parisera kantatzera joan zen. Olympia musika aretoaren zuzendariak harrera egin eta galdetu zion zenbat abesti kantatuko lituzkeen. «Bat edo bi», erantzun zion Kulthumek. Jakin ez zekiena zen haren abesti bakoitzak gutxienez ordubete irauten zuela. Bi abesti besterik ez zituen kantatu. Denbora erlatibizatzen laguntzen zuen, alegia. Orain bai, sistema ummetrikoarekin gutxiago falta da.