GARA Euskal Herriko egunkaria
BERA BERA

Irabazteko ilusioz; ez, galtzeko beldurrez

Imanol Alvarez, argibideak ematen. (Gorka RUBIO | FOKU)

Bidebietan, Bera Bera klubaren egoitzan, sumatzen da aste berezia dela, txanpa erabakigarrian sartu dela lehia. Kopak ikusmina sortzen du, dena hiru egunetara murrizten delako eta adrenalina gorakada izugarria izaten delako. Irabaziz gero, betiere. Sentsazio horiek berreskuratu nahi ditu talde donostiarrak, Imanol Alvarezek atzo emandako prentsaurrekoan adierazi zuenez: «Partida bat irabazi, hurrengo egunean beste bat jokatu, irabazi... 48 orduan erabakitzen da eta sekulako adrenalina sortzen du. Horretaz disfrutatu nahi dugu berriro ere».

Pandemia aurreko garaitik ez du hori bizi izan, 2019tik, hain zuzen. Orduan irabazi zuen azken Kopa, baita azken finala jokatu ere. Orduan, zortzi final erreskadan jokatu zituen eta horietako lau irabazi. «Ordura arte bazirudien kasik derrigortuta ginela finalera iristera eta, azken urteetan zailtasunak izan ostean, presio hori askatuta goaz», azaldu zuen.

«Lehen bazirudien partidak galtzeko beldurrez kantxaratzen ginela eta uste dut irabazteko ilusioz jokatu behar dugula; ez, galtzeko beldurrez», nabarmendu zuen. Hori da Alvarez jokalariei helarazten ari den mezua, alegia.

FABORITOEN ARTEAN

Onartu du faboritoetako bat direla, ez baitute alferrik irabazi liga erregularra, eta talderik indartsuenetakoa direla ere badaki; «eta hori horrela dela erakusteko ere gogotsu gaude».

Lehendabizi, baina, Elx kanporatu beharko dute (ostiralean, 18.00etan, Malagan), azken urteetan beraien aurkari gogorrena izan dena horrelako kanporaketetan. «Gainontzekoekin alderatuta, oso eskubaloi ezberdina egiten duen taldea da», azaldu zuen Alvarezek. Onartu zuen ez dela aurkari egokiena txapelketa hasteko, «baina ezta bukatzeko ere». Argi dagoena da dibertimendurako emango duela Joaquin Rocamorarekin izango duen lehiak, betiere kirol legez.

«Oso ondo landuta dagoen taldea da, beti izan ditu jokalari onak eta aurten, gainera, besteetan baino talde luzeagoa dauka», esan zuen. Giltzarria beraien defentsa ondo interpretatzea izango da eta, noski, ahalik eta akats gutxien egitea. «Baloi-jabetza motzeko partida planteatzen du eta horrelakoetan akats bakoitza gogotik ordaintzen da».

Ligako lehen postua duela hiru astetik bermatuta dutela, azken jardunaldiak «ondo aprobetxatu» dituztela uste du ermuarrak. «Duela hiru jardunaldi baino hobeak gara».

Jokalariei dagokienez, Sara Gil da baja ziur bakarra eta Emma Boada zalantzan dago -belauneko minez-. Paula Arcosek ez du jarraituko hurrengo denboraldian, baina Alvarezek ziurtatu du horrek ez duela baldintzatuko Kopa.