GARA Euskal Herriko egunkaria

«Ta argiya iñ zan», Urumeako zentral hidroelektrikoen gaineko gogoeta

Zientzia eta sorkuntza artistikoa uztartu dituzte Eli Pagolak eta Ainhoa Gutierrez del Pozok “Ta argiya iñ zan” proiektuan. Hernanin hasi eta Ezkurran bukatu. Bidean aurkitutako hamabost zentral hidroelektrikoen inguruan eginiko bidaiaren kronika jaso dute. Beste zenbait elementu ere ikusgai jarri dituzte Hernaniko Biteri kultur etxean hilaren 28a bitartean. Herritarrekin -prozesuan lagun izan dituzte hainbat- partekatzeko unea iritsi da.

Denera hamabost zentral hidroelektriko bisitatu dituzte. (Eli PAGOLA - AINHOA GUTIERREZ DEL POZO)

Urtebeteko bidaia izan da. Errekan gora, tupustean bidean aurkitutakoak proiektuan integratuz joan dira Eli Pagola eta Ainhoa Gutierrez del Pozo. Energia Berriztagarrien Ingeniaritza ikasia, kazetaria da Pagola. NAIZ Irratian “Gelditu makinak” saioa egiten du. Zinemaren alorrean lanean ari da Gutierrez.

Hernaniko Udalaren sorkuntza bekari esker ondu dute proiektua. «Artistikoa, baina zientifikotik ere bazuen zerbait sortu nahi genuen. Arteak ez du zertan izan abstraktua, egon daiteke oinarri zehatzago batzuetan finkatuta. Horri eutsi diogu», azaldu du Pagolak.

Errentagarritasun energetikoa neurtu dute, baita horren ondorioak edo zentralen inpaktua ere. Beste zenbait elementurekin batera, arrain migrazioaren gaineko hiru minutuko ikus-entzunezko pieza eta film laburra dira erakusketaren osagaiak.

16 milimetrotan filmatu dute dokumentala. Eta filmatzeko moduak berak eraman ditu, ura errekan nola. «Zentraletan aurkitzen joan garen elementuak baliatu ditugu. Zentralak bisitatu eta datuak jaso genituen, guri zer sorrarazten ziguten ikusteko. Ze egoeratan dauden ere ikusi dugu», diote.

«Pelikulako 3 minutu dituzu, beraz aurrez ondo pentsatu behar duzu zer filmatu. Aldi berean analogikoan argia inprimatu egiten da paperean, beraz zentzua zuen gure proiektuarekin. Minutuak finitoak izatea ere gustukoa genuen harremantzen zelako energiarekin eta orain daukagun krisiarekin», azaldu dute.

Orainari lotutako proiektua da bi egileena. «Orain bizi dugun momentuarekin dute zerikusia. Lehen ibaiak agian beste egitura bat zeukan, presak ere aldatu dio hori, gerora ere beste bat izango du, eta une honetan dauzkan ezaugarri horietan ematen diren aktibitateak agertzen dira ikus-entzunezkoan», argitu du Pagolak. Erreka eremua zehaztu behar eta, Zikuñaga auzoan hastea erabaki zuten. «Bertan hasten da estutzen, eta hortik aurrera ditu ezaugarri berdintsuagoak bailarak. Bertako paper fabrikatik ibaiaren sorlekura arte, Ezkurra inguruan», kontatu du.

Bi egileen asmoa ez da lan honen bidez tesirik aurkeztea. «Tesi bat planteatu ordez irekidura bat egin dugu gaiaren inguruan. Zeintzuk dira osagarriak argindar berriztagarrian pentsatzean, gure kasuan hidroelektrikoen inguruan? Zer gertatzen da arrain migrazioarekin, presen oztopo ekologikoekin? Era berean beharrezkoa dugu energia eta sor lezakeen argindarra. Horren inguruan pentsatzeko espazioa sortu nahi izan dugu».

Irekitasun bera izan dute begiradan ere. Bidean topatutakoa proiektuan gehitzen joan dira. Bidea eginez osatu dute. Lagungarri gertatu zaie bertatik bertara lan egitea. «Bertan bizitzea lan honen zutabea izan da. Prozesuan gertatzen zirenak integratzeko orduan, jendearekiko izan dugun gertutasunagatik eta herritarrek jakin zezaten gu non geunden zerbait proposatzeko garaian», adierazi du Gutierrezek.

ABERASGARRIA

Landa-lana eramangarria egin zaie. «Gure aisialdia eskaini diogu eta aberasgarria izan da bertako bizilagunen kontuak entzuten egotea eta egunpasak egitea zentraletan; ez zait hain exijentea iruditu», esan du Pagolak. Parte hartzeko prestu aurkitu dituzte bai herritarrak, bai zentralen arduradunak. «Oso irekita egon da jendea, erraza gertatu da inplikatzea».

Pena dute, proiektua zentral hidroelektriko baten barruan aurkeztu ezin izana. «Hala nahi genuen, baina ez dugu lortu. Horrekin zentzu gehiago irabazten du proiektuak berak. Izan ere, pertsona asko ez dira inoiz zentral hidroelektriko batean egon. Oso gertu ditugu, baina era berean ezezagunak dira. Ez zaigu erraza egin bertan egin ahal izateko baldintzak bermatuko zizkigun ez jaberik ez instalaziorik aurkitzea», aitortu du Pagolak.

«Gogo hori geneukanez, zentralak erakusketa aretora ekarri ditugu. Erakusketak badu horretatik, estetika hori ekarri nahia», esanez amaitu du Gutierrezek.