GARA Euskal Herriko egunkaria
BERA BERA

«Disfrutatzearen» sinpletasunetik bilatuko du garaipenerako bide nekeza

Gaur, 18.00etan, Malagako Martin Carpena pabiloian, Bera Bera eta Elxek final-laurdenak jokatuko dituzte. Donostiarrek, sei Kopa irabazita, azken hiru urteetan ihes egin dien garaikurra bilatuko dute «ilusioz» baina «lasaitasunez», «gozatzea» lehenetsiz.

Bera Berako lehen taldea eta kadete mailakoa, Malagara abiatu aurretik. (GARA)

Irabazteko ohitura hartu -edo, hobeto esanda, erdietsi- duen talde batean, gerta liteke kirolaren gauza oinarrizkoenaz ahaztea: «Disfrutatzeaz». Ahaztea baino, lehentasuna beharko lukeena atzean uztea, bigarren planoan uztea.

Tati Garmendia Bera Berako eskubaloi arloko arduradunak GARAri onartu zion Malagara, Kopako azken fasera abiatu aurretik, irudipena daukala bere taldeak ez duela behar bezala «disfrutatu azken Kopa edizioetan» eta, beraz, aurten xede nagusia hori dela, «jakinda talde faboritoetako bat dela». Baina ez bakarra, hori ere ez du ahaztu behar talde donostiarrak: «Kontuan hartu behar da zortzi taldeetatik bostek -Bera Bera, Rocasa, Malaga, Elx eta La Calzada- jada badakitela zer den Kopa irabaztea, gero eta estuagoa dela txapelketa eta Bera Bera izan daitekeela faborito bat baina ez bakarra; lehen, agian, bakarra zen, baina orain, ez».

Beraz, disfrutatzeko deia egiten du donostiarrak, «disfrutatzen ez badute zailagoa delako gauzak alde izatea».

Ideia bera nabarmendu zuten June Loidi, Maitane Etxeberria eta Mariane Fernandes jokalariek. Ilusioa eta gogoa sobera dituzte eta azken hiru edizioetan finaletik at geratu izanak ere balio izan die presioa askatzeko, edo bai hori lantzeko behintzat. «Aurreko urteetan sentitu izan dut presio moduko bat; uste dut kanpotik datorrena dela, eta aurten horrek eragin ez diezagun saiatzen ari gara», adierazi zuen Lezokoak. «Dena ematera aterako gara, baina lasaitasunarekin», esan du tinko hegalekoak.

IRABAZTEKO GAITASUNA

Noski, irabaztea da Bera Beraren helburu nagusia, baina mezua helarazteko modua aldatu egin da, urtez urte Kopa irabaztea zein nekeza den erakutsi ostean. Taldeak gero eta hobeto indartzen dira eta dena estutu egiten da. Bera Berak alde dauka liga erregularrean aski erregularra izan dela, eta azken hiru jardunaldiak «prestaketa moduan erabili» dituztela onartu du Loidik, «poliki-poliki sentsazioak hobetzen joateko eta gure lanean enfokatzeko».

Bide beretik, Garmendiak azaldu zuen liga erregularra hiru jardunaldiren faltan irabazteak balio behar diela «sinesteko Kopa irabazteko gai ere badirela; gero, gertatuko da gertatuko dena; agian ostiralean [gaur] kanporatzen gaituzte, baina taldea prest dago lehiatu eta irabazteko».

Jokalarien ustetan, «taldea momentu onean» iristen da zita garrantzitsu honetara. «Kopa da, urte guztia gaude honi itxaroten eta irabazi egin nahi dugu», esan du Rio de Janeirokoak. «Pistan zoriontsu» izan nahi du brasildarrak eta argi dago honek irribarre egiten duenean gauzak ondo doazen seinale izaten dela.

Etxeberriak taldea «konfiantzarekin» ikusten du, «lasaitasunarekin eta gauzak ondo egiten; uste dut une oso onean gaudela, ilusioarekin». Bera ere, pertsonalki, dinamika bertsuan dagoela onartu du, talde eta jokalarien sentsazioak bi noranzkotan ibiltzen direla berretsiz.

Gainera, hegalekoak nabarmendu duen legez, dema estuetan bestelako lasaitasun batekin aritu dira, azken txanpa parekatu horiek hobeto kudeatuz. Kopan, dena 60 minutura murrizten denean, hil ala bizi, kale edo bale, garrantzitsua izango da zalantzazko une horien kudeaketa. Hala adierazi zuen Imanol Alvarez teknikariak ere.

Asko hitz egin da Elxi buruz, Joaquin Rocamorak lantzen duen defentsaz. Malagara abiatu aurretik ere ideia bera nabarmendu dute baina, batez ere, guztien ardatza izan da ondo egin dezaketen hori guztia ondo egitea. Loidik adierazi du Bera Beraren giltzarria defentsa dela eta Etxeberriak berretsi egin du: «Ondo defendatu eta korrika egin».