GARA Euskal Herriko egunkaria
ITSASOA

Owen Wright: Eredugarria bilakatu den kondairazko surflariak agur esan du

Hamarkada bat baino gehiago egin du goi mailan lehiatzen. 2015ean istripu larri bat ukan zuen Pipelinen eta surfa utzi behar izan zuen. Suspertzea lortu eta indartsu itzuli zen, baina orain, osasunagatik, adio esateko ordua iritsi dela iragarri du.

Bizkarka ere nabarmendu da Wright. (WORLDSURFLEAGUE.COM)

Martxoaren 22an eskaini zuen prentsaurreko batean eman zuen bere erabakiaren berri Owen Wrightek: «Gaur jakinarazi nahi dut goi mailako lehiari adio esateko asmoa dudala». Bells Beacheko txapelketa hautatu zuen hamarkada bat baino gehiagoko ibilbide profesionalari amaiera emateko eta, hirugarren txandan kanporatua izan zen arren, pozarren agertu zen surflari mitikoa. Gainera, nesken kategorian bere arreba Tyler nagusitu zen; hortaz, poza bikoitza zela aitortu zuen, jarraitzaileei eta lagunei eskerrak emateko bere familiarekin egin zuen agerraldi publikoan.

Egun 33 urte dituen australiarra 2010. urtean igo zen lehen mailara eta sarri puntako postuetan izan da. Ordea, 2015ean istripu larria izan zuen Wrightek, Pipelinen buruarekin arrezifea kolpatu zuenean. Lan handia egin zuen guztiz osatu eta lehen mailara itzultzeko, baina lortu zuen. Aitzitik, helburua lorturik, familiarekin bere entrenatzailearekin eta medikuekin hausnartu ostean, adio esateko unea iritsi zela erabaki zuen australiarrak.

Horrela mintzatu zen kondairazko surflaria prentsaren aitzinean egin zuen agerraldian: «Nire garuneko lesio traumatikoaren ondoren, nire buruari eta munduari erakutsi nahi nien oraindik gai nintzela, eta heriotza eragin zezakeen gertakari hori gainditzeak nire susperraldia eragin zuen. Orain, zortzi urte geroago, erronka eta lorpenen ondoren, atzera begiratu dezaket zorionez helburu hori lortu nuela jakinda, baina gaur, surf mailarik gorenean lehiatzetik erretiratuko naizela, berria jakinaraztera nator».

Australia hegoaldean hazitako Wright familia ezaguna da surf munduan, Mikey eta Tyler anai-arrebak, esaterako, goi mailan lehiatzen dira, eta Bells Beach haien etxetik nahiko gertu dago. Horregatik, munduko txapelketako antolatzaileek parte hartzeko aukera eskaini ziotenean, adio esateko leku ezin hobea zela iruditu zitzaion Wrighti: «Nire azken lehiaketa Rip Curl Pro Bells Beach-en izango da. Nire ibilbidea ospatzearekin batera, nire zale, lagun eta senideei eskerrak eman nahi dizkiet, emandako babesarengatik».

Erabakiaren oinarrian bere osasuna dagoela azaldu zuen Wrightek: «Buruko lesioarekin eta burmuineko kommozioekin, planetako olatu astunenetan lehiatzea ez da onena nire osasunerako. Baldintza horietan nabarmendu nintzen nire ibilbidean zehar, baina surf mota honekin lotutako arriskuak handiegiak dira nire egoeran dagoen norbaitentzat».

Hala ere, gauza bat argi utzi nahi izan zuen surflariak: «Ez diot surf egiteari utziko, baina olatu arriskutsuak alde batera utzi beharko ditut. Nire bizitza osoan nabigatzen jarraitzea espero dut. Oraindik asko gustatzen zait surf egitea, eta kirol honi eskerrak eman behar dizkiot , daukadan guztiagatik».

KARISMA HANDIA

Bere izaera eta surf egiteko moduagatik zaletu asko ditu Wrightek eta gainerako surflarien artean ere itzelezko errespetua du. Garaia da (1’90 metro), baina hala ere estilo oso garbia du eta edozein motatako ariketak egiteko gai da. Brasildarren estilo elektrikoaren kontrako surfa egiten du Wrightek. Horrela, olatu zail eta indartsuetan lortu ditu bere karrerako emaitza onenak, gehienetan aurpegiz, ezker surflaria baita, esate baterako, Fiji eta Tahitiko ezker olatu biribiletan; baina bizkarka ere estilo berezia du.

Tokioko Olinpiar Jokoetan zilarrezko domina irabazi zuen Wrightek, eta hura sekulakoa izan zen, istripua izan ostean denbora batez lehiaketatik aldenduta egon baitzen. Istripua 2015eko abenduan gertatu zen Pipelinen. Lehen mailako itzuliari amaiera emango zion txapelketarako prestatzen ari zen, olatu batean erori eta labazko uharria buruarekin jo zuenean. Bere kabuz irten zen uretatik, baina geroago konortea galdu zuen. Ondorioz, oroimen galera larria pairatu zuen, bere izena ere ahazteraino.

Garuneko lesioak denboraldi batez lehorrera eraman zuen. Baina errekuperazio prozesu luze baten ostean uretara itzuli zen: «Duela egun batzuk surf egin nuen lehen aldiz, munduko gauza dibertigarriena izan zen, nahiz eta zutik ozta-ozta jarri nintzen, olatu oso txikiak ziren. Baina Teahupon bezala sentitu nintzen».