GARA Euskal Herriko egunkaria
EDITORIALA

Agindua argia da eta gehiengoaren babesa du


Lakuako Gobernuak Hezkuntza Lege proiektua onartu zuen atzo. Orain, Jokin Bildarratz sailburuak adierazi zuenez, Gasteizko Legebiltzarrean «azterketa eta eztabaida» fase bat irekiko da, «guztion zerbitzura egongo den lege eguneratu eta moderno bat» onar dadin. Legebiltzarraren gehiengo zabalak emandako agindua oinarri hartuta, «eskola publikoa da proiektuaren funtsezko zutabea». Hizkuntza-eredu «eleaniztuna» defendatzen du, «euskararen inguruan artikulatua eta bi hizkuntza ofizialen eta, gutxienez, atzerriko hizkuntza baten arabera egituratuko den» eredua.

Orain arteko eztabaiden, polemiken eta zirriborroen bilakaera berrikusiz gero, argi dago lege proiektuan diskriminazio sozialari aurre egiteko eskaerak aintzat hartu direla. Ondorioz, legearen ataletan helburu hori berariaz jasoa dago. Euskararen atala, ostera, ez da behar beste landu, ez dago hain zehaztuta. Helburuak aipatzen dira, baina ez dago argi nola lortuko diren. Izan ere, «ikastetxe bakoitzak ekosistema soziolinguistiko guztiz desberdina» duela eta «Bilboko auzo batean edo Berastegin D eredua izatea» ez dela gauza bera esatea ez da asko esatea, agerikoa baita. Arnasguneak ahaztu gabe, politika publikoek azaldu behar lukete euskara egoera kaskarrean dagoen gune handi horietan egoerari buelta nola emango zaion, hain zuzen. Arauak arauemailea izan behar baitu, ez deskribatzailea. Errealitatea aldatzen lagundu behar du, bidegabeak diren egoerak onartu gabe. Horrek diskriminazio era guztientzat balio du, dela klasearekin, dela generoarekin dela kulturarekin loturikoentzat.

Paradoxikoki, atzo CCOOri eta Gobernuko kide PSEri entzunda, zaila zen aurkeztutako testuaz ari zirela sinestea. Jarrera negoziatzailearen itxurarik ere ez dute egiten, zuzenean oztopatu nahia erakutsiz. Bistakoa da zein interes darabilten esku artean, baita hezkuntzan eta demokrazian onartezinak diren balioek bultzatzen dituztela ere. Gutxiengo batek betoa ezartzea nahi dute. Hala ere, jendartearen gehiengoak datozen erronkei aurre egingo dien Hezkuntza Legea nahi du: bazterketa onartuko ez duena eta euskaldunduko duena. Agindu hori negoziatu, adostu eta aurrera eramateko ordua da.