GARA Euskal Herriko egunkaria

Txikikeriak 8


Txikeriek adierazten dute, gehienetan, noiz bihurtzen den eskarmentua arte. Eta, une hori iritsita, zaila izan ohi da ezberditzen zer den teknika hutsa, eta zer inspirazio dirdira. Alegia, zer den amarru, eta zer den unearen berezkotasunak eragindako magia txinparta. Adibidez, zuzeneko emanaldian indioilar-larrua eragin, eta aulkitik altxarazita, beste milaka lagunekin batera, eztarria lehertu beharrean oholtzako kantariaren hitzak ozen errepikatzen jarri zaituen une ahaztezin hori. Beti gogoratu eta lagunei kontatuko diezuna Nork ziurta dezake ez denik bulegoren batean gohitik behera, kontu, eta profesionaltasun, askorekin diseinatutako egoera bat? Emanaldia, alde horretatik, une gailen horretara iristeko gertakari-segida bat litzateke. Maisutasun eta profesionaltasun handiarekin garatutakoa.

Bai, ikuskizunez ari gara, eta ikuskizunaren ezaugarri nagusienetakoa izan behar du benetakotasuna, bestela ez baitu inork sinestuko, beraz, aintzat hartuko. Oso elementu umil, txiki, eta gehienetan, ikusezina da Ikuskizunaren planifikazioaren oinarrian dagoen elementu ezinbestekoa. Teknologiarik aurreratuenrk erabat baldintzatzen duten inguru horretan, eszenatokian lurrean itsatsitako folio batean idatzitako kantu-zerrenda delako emanaldiaren bizkarrezurra. Eta merezi du poliki eta ongi aztertzea, beharrezkoa denean moldatuz, hori baita musikariak ikuskizuna nahi duen eran bideratzeko armarik eraginkorrena. Hura erabiltzen jakin behar… baina ikasten da.