GARA Euskal Herriko egunkaria

Ura


Basamortu guztiak ez dira berdinak, baso mortuak ez diren bezala. Europan “baso” hitzarekin lotzen diren paisaien antzik ez dute izango, baina ez dira inola ere mortuak. Denetariko bizitza bada haietan: landaretza, hegaztiak, ugaztunak, narrastiak, intsektuak. Basamortu izendaturiko inguru batean bizi direnek ondo dakite hori eta igarri ere igartzen dituzte aldaketak, sasoiak ekarritako horiek zein bestelakoak. Antropozenoaren garai honetan bestelako aldaketa horiek areagotu direla esango dizute tokikoek.

Ez naiz duela hiruzpalau belaunaldiz geroztik basamortu inguru batean bizi direnez ari, eremu horietan sorturiko kulturen partaideez baizik. Basamortu izendaturiko lurraldeetan klima aldaketaren eragina bortitza da zinez eta uraren kontrolaren gaineko gizakien arteko borrokek ez dute konponbiderik ekarriko.

Gaur egun AEBetako Arizona estatuaren eta Mexikoren arteko muga bezala ezagutzen den eremuan (beren hizkuntzan existitzen ez den mugan) kokaturik dagoen Tohono O’odham erreserbako kideek ondo dakite hori. Bidenek Colorado ibaiaren erabileraren gaineko kuota zorrotzak ezarriko ditu hartaz hornitzen diren estatuentzat. Erabakiak ez ditu Coloradoren inguruan kokaturik dauden komunitate indigenak kontuan hartzen, Tohono O’odham komunitatea tarteko, mendeetan zehar ibaiaren ongizatea bermatu duten horiek. Horregatik, navajoek auzitara eraman dute AEBetako gobernu federala, beren lurren lapurreta legeztatu zuten itunetan zehazturikoa ez betetzeagatik. Ikusteko dago arrakastarik izango duten.