GARA Euskal Herriko egunkaria
KIROL ESKALADA

Chris Sharma, muturreko mailan 41 urteko espezialista handia

Martxoaren 28an, Herrialde Katalanetan bizi den eskalatzaile estatubatuarrak “Sleeping lion” bidea (Siurana) kateatu zuen. Marra horrentzat 9b+ mailako proposamena egin du.

Chris Sharma, «Sleeping lion» bidean, 9b+ mailakoan. (Ricardo GIANCOLA)

Chris Sharma lehen aldiz elkarrizketatu genuenetik ia hogei urte igaro dira. Gaztea zen, baina kirol eskaladan zein lehietan lehen lerroko espezialisten artean zegoen. Bere ibilbidean pixka bat arakatu ondoren, urteak joan ahala, ikusi dugu Sharma beti hedabide espezializatuen fokuen aurrean egon dela. Jakina, gorabeherak izan ditu; hots, bolada batzuetan estatubatuarraren izena gutxi entzun da. Baina hori ulertzekoa da; izan ere, gurasoa izateaz gain, enpresari bihurtu da.

Urte asko daramatza Herrialde Katalanetan. Bizilekuz aldatu izan da; gaur egun, Gava herrian sustraiak bota ditu. Han bertan rokodromo bat zabaldu du. Esan bezala, nahiko lanpetuta dabil, baina, maiz egin duen bezala, denbora ateratzen du xede oso gogorretan jarduteko. Martxoaren 28an, Siuranako El Pati sektorean “Sleeping lion” bidearen lehen igoera sinatu zuen. 40 metro luze den marra horrentzat 9b+ zailtasuna proposatu du. Muturreko proposamena da, baina estatubatuarraren ibilbidea eta nortasuna ikusirik, inork ez du iritzi hori zalantzan jarri.

Gainera, Sharmak egindakoari balio erantsia eman behar zaio, besteak beste, 41 urterekin gai izan delako mota horretako helburu bat biribildu ahal izateko. Ez da honako hau sinatu duen lehen 9b+. Ez: duela hamar urte, Olianan (Lleida), “La Dura Dura” errepikatu zuen. Alegia, 9b+ mailako bi bide: lehena, 31 urterekin eta bigarrena, 41 urterekin.

“Sleeping lion”-i buruz esan behar dugu 50 mugimendu dituela. Gainera, era askotarikoak dira: dinamiko bortitzak, orpoa jartzeko leku teknikoak, helduleku ñimiñoak… Baina horren guztiaren gainetik, marra horrek dituen blokeko bost sekuentziak azpimarratu behar dira: 7b+ bat, hiru 8a eta 8a+ mailako beste bat.

Aurreratu dugu 41 urterekin 9b+ zailtasuneko bide bat egiteak balio erantsia duela. Hala da, baina Sharmaren ibilbidea ikusita arrakasta horrek ez du inor ezustean harrapatu. Muturreko zailtasunean oso sasoiko behar da egon, eta hori protagonista honek ondo baino hobeto daki. Gava herrian rokodromoa zabaldu zuenetik, David Macia eta Alberto Ginesekin entrenamenduak partekatu ditu.

Bitxia bada ere, bi proiektu oso gogor zituen esku artean. Eta horietako baten alde egin behar zuen. Sharmak berak dio ez zuela zalantzarik izan: «Berez, Montrebeiko xedeak askoz ere zentzu handiagoa zuen. Eta hori diot, banekielako zintzilik utzitako kirol eskaladako hainbat helburutan ezin nuelako aurrera egin. Montrebeiko bide hori sinatu ahal izateko, makina bat bide oso gogor eskalatu behar ditut. Eta Siuranak horma ederrak ditu xede horretan sasoiko egoteko. Tarragonako eskalada eskola pixka bat albo batera utzita nuen, eta ‘Sleeping lion’-ekin berriro itzuli naiz».

Iazko azaroan El Pati sektorean ekipatutako marra horretara joaten hasi zen; astean hiru egunetan. Sharmak adierazi du patrikara eraman berri duen bide horretarako erresistentzia landu behar izan duela asko: «Lehenik eta behin esan behar dut ‘La Dura Dura’-k eta ‘Sleeping lion’-ek estilo ezberdinak dituztela. Lehenak sekzio zailena bidearen hasieran du. Bigarrenak, berriz, giltzara heltzen zarenean fresko egon behar duzu». Puntu zehatz horretan hamasei aldiz erori zen.

ESKAINTZA BEREZIA

Hamar urteko aldea dago bi bide horien artean. Eta aipatu dugunez, ezohikoa da 41 urterekin 9b+ zailtasuneko proiektu bat eskalatzea. Komentatu zaio hori lortu izanak eskalatzaileen komunitatea ahoa bete hortz utzi duela. «Horregatik guztiagatik, ‘Sleeping lion’ bidea 40 urtetik gora dituzten eskalatzaile guztiei eskaini nahi diet. Adin horretan normalena da ardura asko izatea: seme-alabak, lana… Bizitzan izan dudan erronka handi bat izan da. Eta ikusi dut ikasten zein akatsak egiten jarraitzen dudala. Lana, familia eta muturreko xede hori elkar uztartzea erokeria izan daiteke; alegia, kontraesana. Banekien ez zela samurra izango», adierazi du.



BURUAREN SUPERBOTEREA

Gaztetan zein gaur egun, Sharmak beti erakutsi du gaitasun berezia duela. Helburu bat aurrera eramaten duenean, prozesu horretan, mentalitate oso sendo batekin jarduten du. Hori muturreko edozein eskalatzailek menderatuta du, baina eskalatzaile honek filosofia ezberdin batekin. Eta beste behin, hori guztia “Sleeping lion” bidean indarrean jarri du. Hurrengo lerrootan, Sharmak berak hausnarketa egin du.

«Niretzat oso interesgarria da neure buruarekin izaten ditudan hizketaldiak. Jarrera baikorra izatea ezinbestekoa da. Eta, jakina, prozesuan gozatzea ere bai. Alabaina, une jakin batzuetan neure buruari esaten nion den-dena ondo ateratzen ari zela; hots, disfrutatzen ari nintzela. Baina zinez aitortu behar dut frustrazioaren mende nengoela. Gozatzen ari nintzen, baina era berean ez nintzen guztiz zoriontsu. Eta prozesu hori ondo kudeatu behar izan nuen. Buruari aitortu behar izan nion muga batzuk gainditu behar nituela. Uste dut hizketaldi horiek oso zintzoak izan zirela.

Siuranako bide horretan bizi izan dudan esperientziaren eiterik onena ondorengoa izan da: banekien 9b+ ez zela muga, baizik eta 9c. Ez nenbilen jokaleku global batean inolako lehia egiten, edo gazteenekin lehiatzen. Helburu pertsonala izan da; neure buruari demostratu nahi nion maila horretara berriro heltzeko gai nintzela. Ez dut ukatuko: proiektu horretan ego pixka bat bazegoen. “La Dura Dura”-n, adibidez, nolabaiteko lehia egon zen Adam Ondrarekin. Garai hartan munduko bide gogorrena zen, eta marra hori kateatzen lehenak izan nahi genuen. Azken proiektu honetan, aldiz, den-dena nire uzta izan da: nik ekipatu dut, nik neuk bakarrik probatu dut…

Kirol eskaladaren eta norberaren bizitzaren eboluzioa kontuan hartzen badut, argi dut gaur egun mundu hau oso zaila dela. Haatik, oso pozik nago azken urteotan eskaladarekin izan dudan hartu-emanarekin. Nire lanbidea da, eta une jakin batzuetan nire onena ematea, hots, bertsio onena indarrean jartzea, gustuko dut. Era horretan ekarpenak egin ditzaket. Eta nire uste apalean, nire ibilbide osoan hori egin dut. 1993. urtean hasi nintzen eskalatzen; hortaz, 30 urte igaro dira.

Frustrazio bati edo porrot bati behin eta berriz aurre egiten diozunean, zalantzak alde guztietan azaltzen dira. Une horretan, prozesu oso sakona hasten dut. Burua zein sasoia ebaluatu behar ditut. Baina argi dut prozesu horretan murgiltzea oso aberasgarria dela; izan ere, askatzailea da. Bide hori egitea zaila da oso, baina erabat konprometituta egoten naiz. Arrakasta lortzeko, prozesu horretan, emozio oso ezberdinak bizi izan ditut.

Marra horren lehen igoera erdietsi dut eta oso ondo dago. Baina azpimarra berezia aipatu dudan prozesuari ematen diot.

Garai batean mentalitate espiritual batean murgildu nintzen, eta meditazio asko egin nuen. Esperientzia hark asko moldatu ninduen. Eta “Sleeping lion”-en, adibidez, praktika horrek lagundu dit. Bizimodu berezi bat indarrean jartzen dut. Yoga praktikatzen dudan bakoitzean bezala, banekien prozesu horretan gorabeherak izango nituela. Hortaz, bidea probatzera joan eta praktika horretan murgiltzen nintzen.

Bide horretan porrotak iristen zirenean, ikuspegi negatiboa alde batera uzten saiatu eta eskaladan izandako sentsazioetan kontzentratzen nintzen. Arrokarekin hartu-eman egoki bat bilatzen dut. Azken urteotan, ez dut jarduera berritzailerik egin. Horregatik azken proiektu honetan alde positiboak bilatzen jardun dut. Progresio txikienari ere garrantzia ematen nion.

Beti iruditu zait eskalada progresio kontu bat dela. Hobetzea da helburua. Azken urteotan beste mundu batzuk esploratu ditut. Muturreko zailtasunari baino progresioari garrantzi handiagoa ematen diot. Eskaladarekin dudan harremanean sakontzeko maila sotilak daude. Konexio hori barneratzen jarduten dut, eta berdin dio egiten ari zarena zaila den ala ez. Beraz, argi dago eboluzionatzen jarraitzeko eta eskaladarekin dudan harremana sakontzeko era ezberdinak daudela». Andoni ARABOLAZA