GARA Euskal Herriko egunkaria

PUNTISTEN PROFESIONALIZAZIOAN LEHEN ALEA EREIN DU «ERAMAN!» ENPRESAK

«Eraman! Jai Alai Gara» elkartea ez da geldirik egon orain arte. Berak antolatu ditu Winter Seriesak. Orain, profesionalizaziorako oinarriak sendotu asmoz, urrats bat harago joan da: zazpi puntista enpresa-kide dira eta gazte mailakoekin zein emakumezkoekin ere konpromisorako hitzarmena adostu du. Mugarri izateko jaio da.

Gernikako Jai Alai pilotalekuan batu ziren enpresa-kide izango diren zazpi puntistak bai eta zenbait gazte mailako eta emakumezko ere; elkarlanerako hitzarmena adostu dutenetako batzuk. (ERAMAN JAI ALAI)

Egin behar zen urrats natural bat da. Pilotarien beraien eskakizun bati erantzuten dio. Gu orain arte Winter Serieseko antolakuntzan aritu gara, ondo funtzionatu duen produktu bat izan da eta horrekin konformatu gintezke. Baina, arriskatu eta kirol honenganako konpromiso bat erakutsi nahi izan dugu, pilotariei estruktura bat eskainita», adierazi zuen atzo eginiko aurkezpenean Gaizka Muniategik, Gernika Jai Alaiko ordezkariak. Alegia, puntisten profesionalizaziorako oinarriak sendotu asmoz jaio da “Eraman!”.

Oinarria, oraingoz, zazpi puntistek osatuko dute. Aritz Erkiaga, Imanol Lopez, Xabier Barandika, Unai Lekerika, Iñaki Osa Goikoetxea, Jon Zabala eta Julen Del Rio dira enpresaren «fitxaketak» -kirol zuzendariaren ikuspegitik eta emaitzak kontuan hartuta, «zirkuituko onenak»-,baina puntistekin adostutako elkarlanerako hitzarmena profesional horiengandik harago doa.

Hiru atalak indartu nahi dituzte: profesionalena, baina baita Pro-am eta emakumezkoena ere. Hala, urte osoan egutegi finko bat izatea bermatuko dute eta aurten sortu den Jai Alai League formatuari -Euskal Herri osoko lau txapelketak batu eta ranking bateratu bat egitea- jarraipena ematea dute asmo nagusi. Datorren urterako, adibidez, txapelketa gehiago izango dira puntuagarriak -batzuk maila altuagokoak eta beste batzuk, baxuagokoak-.

«Jarraitutasun horrekin, zesta-denboraldi bat eskainiko diegu pilotari zein zesta-zaleei. Ulertzeko eta jarraitzeko erraza izango den denboraldia», azaldu du. Bidasoaz iparraldeko pilotariekin ere adostasun bat lortu dute, horiek ere txapelketa gehiagotan lehiatu asmoz. «Goi-mailako kirol koadro bat egonkortzen ari da», enpresaren aburuz, eta horrek bermatzen du «momentuko kirolari onenekin osatutako ikuskizun bat eskaintzea».

«SEGURTASUN» BERMEA

Jon Zabala markinarraren hitzetan, «segurtasun» edo «berme» bat da “Eraman!” enpresa barnean egotea. Aitortu du aspaldi zebiltzala aldarrikapen horrekin; Daniako pilotalekua itxitakoan, Euskal Herrian urrats bat egin behar zela ikusten baitzuten. «Modu naturalean» eman dela adierazi du eta GARAri nabarmendu dio, esaterako, orain pilotariak min hartzen duenean «egonkortasun» bat izango duela, «ez lehen bezala, nahiko baztertuta geratzen baitzinen».

Era berean, kirol maila igoko duela ere iritzi du eta Euskal Herri osoko liga bateratua are gehiago indartzeak «motibazioa» dakarrela: «Ranking bateratu bat egonda, motibazio bat dago urte osoan lan egin eta zaintzeko».

Guuk Jai Alai Experience proiektuaren sortzaile da markinarra -Euskal Herriko pilotalekuetara zesta-punta hurbiltzeko xedearekin sortu da-. Aurten hasi du ibilbidea eta «oso ondo» doala adierazi du: «Ia hurbiltzen direnetako batzuek pilota eskoletan izena ematen duten», dio.

«PRODUKTU HAU ESKAINI»

«Enpresa bezala, talde bat daukagu eta produktu hau ahalik eta pilotaleku eta udal gehienei eskainiko diegu», dio Muniategik. Bide horretan, noski, gazteek eta emakumeek lekua izango dute eta hor sortzen da aipatu lankidetza, oraindik ere profesionalen ildo horretan sartu ez badira ere, profesionalekin lehiatzea eta maila altuko egutegia bermatuko baitzaie. «Zubi-lana» egin du “Eraman!” enpresak.

Pro-am txapelketari dagokionez, urriaren 23an Zumaian jokatuko da finala eta irabazleak Winter Seriesen sartuko dira. Gazteen txapelketan parte hartuko duten bikoteetako bat da Mutrikuko Elite txapelketako irabazlea, Aaron-Bailo, eta gainontzekoak Markinan eta Durangon jokatuko direnetatik aterako dira.

«Aurrepauso bat da. Ikusten dugu ahalegin bat dagoela gu ere zirkuituan sartzeko. Motibazio bat da guretzat», adierazi du Gorka Mugartegi “Atain II.ak”. Profesionalekin alderatuta, «arrakala» handia delakoan dago eta urrats honekin, alde hori murriztu daitekeela uste du; «lana eginda», noski. Baina lehen ezkor egotetik orain, aukera moduan ikusten du Markina-Xemeingoak.

Bide beretik mintzatu da Eneritz Lizardi mutrikuarra. Emakumezkoen txapelketa gehiago jokatu eta etorkizun hurbilean, ranking bat egitea ere bada enpresaren asmoa. Oraingoz, «jaialdiak egin eta gero final handi bat Durangon jokatzea» da intentzioa: «Urte osoan martxan egoteko berme bat da; gainera, ikusgarritasun handiagoarekin». «Hasieratik esan dugu otsailean hasi genuen ibilbide horri jarraipena eman behar zitzaiola eta hau da lehen urratsa», dio.

Xedea profesionalizaziorako «borrokatzea» da, baina Lizardi jakitun da oraindik ere gazteegiak direla. Bera da zaharrena, 18 urterekin: «Guk ez dugu sekula etorkizunik irudikatu, orain gertuago ikusten dugu eta hemendik urte batzuetara posible izan liteke. Gazteak gara; adin jakin batera iristean, ikusiko da. Baina, noski, borrokatuko dugu», adierazi du tinko.