GARA Euskal Herriko egunkaria

Darfurko buruzagi errebelde batek «irtenbiderik gabeko gerra» uztera deitu du


Darfurko talde matxino nagusietako baten buruzagiak, Abdel Wahid Nourrek, Sudanen boterea lortzeko gerran dauden bi jeneralei borrokari uzteko eskatu zien, «ezin baita irabazlerik egon». «Desastre hutsa da», gaineratu zuen.

Negoziazio saiakerak ugari izan diren arren, gatazkak bere horretan jarraitzen du. Ez hori bakarrik, apirilaren 15ean hasi zirenetik, borroka gogorrenak atzo izan ziren, astebeteko su-etena hasi behar zen egunean. Orain arte 550 pertsona hil dituzte, batez ere Khartumen eta Darfurren, Txadeko mendebaldeko mugan. Ehunka mila sudandar desplazatuta edo errefuxiatuta daude orain inguruko herrialdeetan.

Juban bizi da Abdel Wahid Nour, erbesteratuta, Hego Sudanen. Haren ustez, Abdel Fattah al-Burhan Armadaren buruaren eta Mohamed Hamdan Daglo Laguntza Azkarreko Indar (RSF) paramilitarren buruaren arteko gerra aurreikus zitekeen. «Militarizatu den borroka politikoa da», adierazi zuen. 2019an, bi jeneralek Omar al-Bashir diktadorea boteretik kentzen parte hartu zuten, kaleko presiopean. Gero, trantsizioaren gidaritza hartu zuten gobernu zibil batekin. Baina, 2021eko urrian, kolpeak bide demokratikoa itxi zuen. Ondoren, bi militarren arteko gatazka berpiztu zen, FSR Armadan sartzeko baldintzen inguruko desadostasunagatik.

Abdelwahid Nourrek bi gizonak ondo ezagutzen ditu, 2003an hasi zen Darfurko gerra garaitik. Gobernuaren eta gutxiengo etnikoen matxinoen arteko gatazkak 300.000 hildako eta 2,5 milioi desplazatuta utzi zuen. Bashirri genozidioa eta gerra krimenak leporatu zizkioten, eta une horretan Burhane Darfurko buru militarra zen eta Daglo yanyawiden burua, gutxiengo etnikoen kontrako sarraskiekin Darfur suntsitu zuten miliziano arabiarrak.

Nourrek gogoratzen duenez, Armadak eta Burhanek berak yanyawiden sorrera antolatu zuten, eta gaur borrokatzen duten bi aldeak Bashirren errepresioaren beso armatuak ziren. Nourrek haien kontra borrokatu zuen gutxiengo ez arabiarren Sudango Askapenerako Mugimenduan.

Gaur egun oraindik Darfurrek pairatzen ditu gatazka gogorrenak, soldadu, paramilitar eta zibil armatuen artean. Ehun hildako baino gehiago izan dira azken egunotan, eta arpilatzeak hedatu dira merkatuetan, ospitaletan eta giza laguntzako biltegietan.