GARA Euskal Herriko egunkaria
HUMANITATEAK, KULTURA, ARTEAK ETA GIZARTE ZIENTZIEN CURRICULUM NABARMENAREN SARIA

Eusko Ikaskuntzak Kirmen Uribe idazlea saritu du, bere ibilbideagatik

Kirmen Uribek hartuko du Eusko Ikaskuntzak Laboral Kutxarekin batera ematen duen Humanitateak, Kultura, Arteak eta Gizarte Zientzien curriculum nabarmenaren saria, nazioartean izan duen arrakasta handia txalotzeko asmoz. Euskal kulturaren enbaxadore paregabea dela iritzi dute, euskararen eta Euskal Herriaren berri ematen duelako beti.

Kirmen Uribe idazlea, 2021.eko irudi batean. (Jon URBE | FOKU)

Kirmen Uribe idazlea euskararen eta euskal kulturaren enbaxadore nagusietako bat dela adierazi du Eusko Ikaskuntzak atzo, Humanitateak, Kultura, Arteak eta Gizarte Zientzien curriculum nabarmenaren saria berari eman zionean. Izan ere, 1970eko belaunaldiko «erreferentzia» dela nabarmendu zuen. Erakunde honek Laboral Kutxarekin batera ematen du saria.

Epaimahaiak aipatu zuenez, «gure hizkuntza, balioak eta bizimoduak gure mugetatik harago zabaltzea lortzen duen diplomaziaren adierazgarri dira haren lana eta nortasuna. Eta umiltasunetik, naturaltasunetik eta sortzeko independentziatik abiatuta, idazlea gai da dimentsiorik intimoena eta kultura komunitate gisa munduaren aurrean dugun presentziaren inguruko hausnarketa existentzialista uztartzeko».

Adierazi zuten ondarroarraren lanak izaera «humanista eta irekia» duela eta kontzientzia «globala eta etikoa» antzematen direla, «zentzu kritikoa eta ezberdinen arteko elkarrizketaren aldeko apustua». Gainera, epaimahaiak balioa eman nahi izan zion «geuretik» idazteari, eta bizikidetzaren eta berdintasunaren alde egiten duen lana ere azpimarratu zuen.

EZAGUNA MUNDU OSOAN

Uriberen lanak hogeiren bat hizkuntzatara itzuli dituzte. Bere ospea Txina edo Japoniaraino iritsi da, eta plazaratu dituen eleberriak urteko onenen artean daude herrialde horietan. Unibertsitateko 500 bat ikasketek bere obraz hitz egiten dute. Beste genero batzuk ere landu ditu, hala nola poesia, saiakera, haur eta gazte literatura, musika, bai eta arte plastikoak ere.

Gaur egun Ameriketako Estatu Batuetan bizi da. Irakasle aritzen da zenbait unibertsitatetan, errezitalak eskaintzen ditu eta nazioartean hedapena duten literatura aldizkarietan argitaratzen ditu bere lanak, besteak beste, “The Paris Review” eta “The New Yorker” aldizkarietan. Azken honen webgunean bere poemetako bat euskaraz irakurri ahal izan zen 2020ko azaroan -ingelesezko itzulpenarekin-.

«Nire helburua beti izan da euskararentzat lurralde berriak irabaztea. Honek euskaldunok gure burua ikusgarriago egiteko balio baldin badu, primeran. Horrek indarra ematen dio kultura bati, hala kanpoan nola barruan», adierazi zuen idazleak orduko hartan.

2022ko udazkenean bere “Bitartean heldu eskutik” poema bildumaren ingelesezko bertsioa merkatu estatubatuarrean aurkeztu zuen, euskal kulturari «ikusgarritasuna eta duintasuna» emateko asmoz.

Uriberen lanek hainbat pertsona inspiratu izan dituzte, esate baterako, Cate Blanchett aktorea, zeinak aitortu baitzuen “Udako gau epela” poemak, “17 segundo” liburuaren parte denak, bere egitasmoetako bat sortzeko ideia eman ziola.

Bestalde, Iowako unibertsitateak nazioarteko idazleentzat duen IWP (International Writing Program) egitasmorako hautatu zuten 2017an, eta 2018an, berriz, New Yorkeko Liburutegi Publikoaren Cullman beka ospetsua eskuratu zuen.

Sari ugari jaso du, honako hauek, adibidez: Kritikaren Saria (2002an, 2009an eta 2016an), Espainiako Literatura Sari Nazionala (2009), 111 Akademiaren saria (2016), eta ‘Bitartean heldu eskutik’ poema-liburua finalista izan zen Estatu Batuetan argitaratutako poesia itzulpen onenaren sarian.

BEÑAT GARAIO, GAZTE SARIA

Eusko Ikaskuntza - Laboral Kutxa Gazte Sariaren irabazlea Beñat Garaio Mendizabal arabarrarentzat izan da, “Kia ora, takatāpui: māoriera eta euskararen biziberritze prozesuak elkarlotzen” ikerketa proiektuari esker.

Aurkeztutako ikerketa soziolinguistikoak ahalbidetuko du Zeelanda Berrian euskara eta maori hizkuntza biziberritzeko prozesuen azterketa konparatiboa egitea. Saria 6.000 eurorekin lagunduta dago.