GARA Euskal Herriko egunkaria
SURFA

Annette Gonzalez-Etxabarri zumaiarra txapeldun Europako Junior txapelketan

Joan den asteburuan jokatu zen Marokon aurtengo Europako Junior itzuliko lehen txapelketa. Annette Gonzalez-Etxabarri zumaiarrak irabazi zuen txapela nesken kategorian eta mutilenean, berriz, Tim Eter surflari alemaniarra nagusitu zen.

Annette Gonzalez-Etxabarri, ikurrina astintzen, bere ahizparen eta lagun baten sorbalden gainean. (WORLDSURFLEAGUE.COM)

 

Annete Gonzalez-Etxabarri zumaiarrak irabazi du aurtengo Europako Junior itzuliko lehen txapelketa. Mutilen kategorian, berriz, Tim Eter surflari alemaniarra atera zen garaile maiatzaren 3tik 7ra Marokon egin zen 20 urtetik beherakoen txapelketan.

Aurtengo denboraldian hiru txapelketak osatuko dute Europako junior itzulia. Casa Blanca hiritik gertu dagoen Ain Diab hondartzan joan den asteburuan egin zuten txapelketa, itzuliko aurrenekoa. Irabazleak nesken zein mutilen rankingetako buru jarri dira.Iaz bi euskaldunek eskuratu zuten Europako junior mailako txapela, Bitor Garitaonandia surflari debarrak eta Janire Gonzalez-Etxabarri zumaiarrak; alegia, joan den asteburuan Marokon gailendu zen Annetteren ahizpak. Beraz, ezin hobeto ekin dio itzuliari 16 urteko surflari gipuzkoarrak.

LEHIAKIDE ANDANA

Parte hartze zabala eta metro bateko olatuak izan ziren maiatzaren 3tik 7ra bitartean Marokoko Ain Diab hondartzan egin zen 20 urtez azpiko txapelketan. Esan bezala, aurtengo denboraldiko lehen WSL Junior txapelketa izan zen Marokokoa eta surflari gazteek indartsu daudela erakutsi zuten.

Nesken kategorian Maria Salgado portugaldarra eta Annette Gonzalez-Etxabarri euskal herritarra aritu ziren buruz buru finalean. Zumaiako olatu bihurrietan hazia den surflariak ez zion aurkariari arnasa hartzen utzi eta aise nagusitu zen bi puntuko aldearekin. Horrela, gipuzkoarrak 11,47 puntu bildu zituen finalean egin zituen bere bi olatu hoberenekin eta, ostera, portugaldarrak 9,50 puntu baino ez zituen bildu. Txapela zumaiarraren eskuetara joan zen horrela.

Nesken kategorian guztira 40 lehiakide jardun ziren eta haien artean asko euskal herritarrak ziren; besteak beste, finalerdietara iritsi zen Sarah Leiceaga biarriztarra. Gauzak horrela, egun Annette Gonzalez-Etxabarri da Europako nesken juniorren rankingeko buru eta Leiceaga, ostera, hirugarren postuan dago.

Mutilen kategorian parte hartzaile kopurua ia hirukoitza izan zen. Guztira 128 surflarik eman zuten izena eta, nesketan bezala, mutiletan ere euskal herritar anitz izan ziren. Iker Trigueros bilbotarrak lortu zuen haien artean emaitza onena, final-laurdenetara iritsita.

Hamasei txandaz osatutako lehen errondarekin abiatu zen mutilen txapelketa eta, azkenean, zortzi errondaren ostean, Tim Eter alemana eta Alfonso Antunes portugaldarra iritsi ziren finalera.

Eter alde handiz nagusitu zen. Olatu aukeraketan asmatu zuen eta ariketak bikain burutu zituen. Bi olatu onenekin 12,06 puntu eskuratu zituen Eterrek. Aitzitik, Antunesek 7,6 puntu bakarrik lortu zituen finaleko bi olatu hoberenekin eta, ondorioz, txapela alemaniarrak eraman zuen.

Aipatzekoa da iaz euskal surflariek Junior kategorian emaitza onak lortu zituztela. Janire Gonzalez-Etxabarri zumaiarrak eta Bitor Garitaonandia debarrak irabazi zuten 2022ko Europako Junior WSLko txapela, Azore uharteetan egin zen Europako Junior itzuliko laugarren eta azken txapelketaren ostean; izan ere, iazko itzulian aurtengoan baino txapelketa bat gehiago izan zen.

Joan den igandean Marokon nagusitutako Annette Gonzalez-Etxabarrik ere iaz denboraldi bikaina egin zuen. Europako junior itzuliko hirugarren lehiaketa irabazi zuen Bretainian eta, horri esker, hirugarren postuan amaitu zuen 20 urtetik beherakoen aurtengo zirkuitua.

Orain etenaldi bat egingo dute 20 urtetik beherako lehiakideek eta irailaren 13an berrekingo diote Europako junior itzuliari, Frantziako ipar-mendebaldean, Finistereko Plomeur hondartzan. Jarraian, Galizia aldera joko dute lehiakide gazteek, Razo Carballo hondartzan irailaren 20tik 23ra egingo den txapelketan lehiatzera, eta, horren ostean, Europako rankingeko lehen bi mutilak eta lehen bi neskak abenduan egingo den Munduko Junior Txapelketarako sailkatuko dira.

Bestalde Challenger Series txapelketa egiten ari dira egunotan Australian eta lehiakideen artean dira Ariane Ochoa eta Adur Amatriain.