GARA Euskal Herriko egunkaria
PILOTA

Dejadak zorrotz kalibratuz nagusitu da Dario, Jaka oldarkorraren aurrean

Buruz Burukoa partidarik irabazi ezinda amaitu bazuen ere, lizartzarrak aurrerapauso bat eman eta bere burua topatu zuen kantxan, nahiz eta eskuinez justu antzean amaitu. Errioxarrak ostiralean ezagutuko du bere finalerdietako aurkaria, Bilbon.

Dario Gomez sasoiko helduko da bere bigarren finalerdietara. (Gorka RUBIO | FOKU)

Txapelketaren eta denboraldiaren egungo momentura iritsita, atzokoa bezalako partidek onura baino arrisku gehiago izaten dute normalean. Hala ere, Adarragako jaialdiari zuku apur bat atera ahal izan zion Dario Gomezek; Erik Jakari 22-18 gailenduta, jokatutako partida guztiak irabazita eta bere errematerako dohainak -batez ere, dejada- kalibratuta itxarongo dio ostiralean Bilbon Laso/Elordi partida irabazten duenari.

Aurreko jardunaldietako distirarik gabe, pilota eskuinez gozatzea gehixeago kostatu zitzaion, baina Ezkaraikoak ia hasieratik lortu zuen markagailuko agintea eta, eskuak gehiegi zigortu gabe, beste garaipen bat poltsikoratu zuen, bere ibilbidean bigarren aldiz finalerdiak jokatu aurretik.

Esan daiteke Erik Jakak ere, bere eran, atera ziola onura atzokoari; izan ere, nahiz eta garaipenik bildu ezinik jarraitu eta eskuinez justu amaitu, hein handian, aurrerapauso bat emanda bere burua topatu zuen Adarragako kantxan. Tantoa gehiegi luzatu nahi ez zuen Darioren aurka -pilota harrotu eta gozatzea ere kosta egin zitzaion errioxarrari- oldarkor aritu zen lizartzarra eta, aspaldiko partez, txapeldun izatera eraman zuten joko eraren trazak ikusi genizkion, atzera begiratu gabe eta lehen aukeran tantoa amaitzera joan eta dezente asmatuta gainera.

Atzo ere jokoan ez zen aurkaria baino askoz gutxiago izan, baina hasiera samarrean izan ezik (4-2 aurreratu zen) partida osoan markagailuan atzetik joan zen eta ez zen lehia berriz berdintzeko gai izan. Sakez lau tanto zenbatu genizkion arren -hiru bat, Dariok eraman beharrekoak- Baikoko pilotariak ez zuen nahi beste asmatu lehen pilotakadarekin eta hortxe joan zitzaion partidaren zati bat.

BAKOITZAK BEREA

Dariok ere izan ditu egun hobeak lehen pilotakadarekin, baina batez ere partida erdialdera asmatu zuen pilota paretara sartzen, eta hortxe lortu zuen gerora ondo kudeatzen jakin izan zuen abantailatxoa.

Saketik bietako inork hautsi gabe, tantorik gehienak lehiatuak izan ziren eta bakoitza bere joko moldea ezartzen saiatu zen. Ez da gaur egun gehien erabiltzen den postura, baina dejadek eraginkorrak izaten jarraitzen dute Buruz Burukoan, behar den unean eta taxuz eginez gero, eta sei tanto ere amaitu zituen errioxarrak ñakuarekin. Finalerdietan zaindu beharreko beste arrisku bat.