10 MAI 2023 LIGA F Agur esateko unea helduko zaio Iraia Iparragirreri denboraldia amaitzean Ostadarren eta Añorgan jokatu ondoren, hegaleko lasartearrak zortzi denboraldi eman ditu Realean. Elastiko zuri-urdinarekin Kopa eskuratu zuen orain dela lau urte. «Oso lasai, bakean eta pozik» hartuko du erretiroa. Iraia Iparragirre, Zubietan, lansaio batean. (REAL SOCIEDAD) Amaia U. LASAGABASTER Egunak luzatzen doazen heinean agurren garaia heltzen da futbolean. Behin betikoa izango da Iraia Iparragirrerena, erretiroa hartuko baitu denboraldi amaieran. 1995ean Lasarte-Orian jaioa, Zubieta begi-bistan izan zuen txikitatik, alboko ikastolan ikasi baitzuen. «‘Hor bukatu nahi dut’ esaten nuen eta hor bukatu dut», gogoratu du. Haurtzaroan esku-pilotarekin txandakatu ondoren, futbola aukeratu zuen hegalekoak, herriko Ostadar taldearekin debutatzeko. Handik Añorgara jauzi egin zuen. Baldintzak gaur egungoak ez baziren ere, asko gozatu zuen talde bietan, baina Añorgan laugarren denboraldia jokatzen ari zela etapa hori amaitzear zegoela sentitu zuen. «Adin batera heltzen ari nintzen, etorkizunean neure burua non ikusten nuen pentsatzen hasi nintzen eta futbola uztea erabaki nuen. Mendiko kirolak oso gustuko ditut eta Durangon ikastaro bat egiten hasi nintzen begirale izateko», azaldu du. Eta une hartan bertan Garbiñe Etxeberria Realeko kirol zuzendariaren deia jaso zuen. «Ez nuen sinesten, hain justu erabakia hartu nuenean. Baina nire ametsa egia bihurtzeko aukera daukadanean pasatzen utziko dut? Ezta pentsatu ere». Hala, ustekabeko dei batekin eman zion hasiera bere bizitzako ametsari. Zortzi urtez bizitzeko aukera izan du eta tartean une gozo zein latzak bizi izan ditu: Partida asko jokatu, kapitainaren besokoa jantzi, igoeraren ondoren Realak ospatu dituen bi lorpen handienetan parte hartu -Kopa eta Txapeldunen Liga jokatzeko sailkatzea-... eta futbolaren alde txarrena sufritu, eskuin orkatilako haustura bikoitzaren ondorioz denbora gehiago eman baitu azken denboraldiotan erizaindegian berdegunean baino. Bere bi denboraldi onenak bete ostean -2018/19an partida gehienak jokatu eta Kopa altxatu zuen eta pandemiak 2019/20koa bertan behera utzi aurretik finkoa zen hamaikakoan- kurbaz beteriko tarte batean sartu zen, eskuin orkatilan bi haustura kateatuz, biak ere errekuperazio-prozesu luzeak izan zituztenak, ondorio mingarri bezain garbiekin: azken hiru denboraldietan, 18/19an adina norgehiagoka jokatu ditu. JARRERA BAIKORRA Iparragirrek nahiago du ikuspegi baikorra izan. «Denari bere alde ona ikusten, edo ikasten, saiatzen naiz. Eta, ikuspuntu horretatik, lesioak pentsatzeko aukera asko eman dit eta bizitza beste era batera planteatzeko», adierazi du. Lesioa gaindituta, erretiroa zelaian hartu ahal izango du hegalekoak. Eta «oso lasai, oso bakean» ekingo dio une horri. «Hainbesteko pisua duten erabaki hauek ondo pentsatu behar dira. Realean jokatzeko aukera behin gertatzen da eta nik disfrutatu dut ahal bezain ondo, eta oraintxe bertan lekukoa emateko unea iritsi dela sentitzen dut. Jakin behar da horrelako uneak heltzen direnean etapa bat amaitzen dela konturatzen edo zure bizitza beste bide batetik bideratuko duzula esaten. Gauza on asko atera ditut eta sentitzen dut oraintxe bertan nire bizitza beste bide batetik bideratu nahi dudala», azpimarratu du. Ez du zelaian egin duenak soilik pozten eta harrotzen Iparragirre. «Borrokatu dut ahal izan dudan guztia eta nik uste dut orain urratu dugun bide hori gazte hauei eskaintzeak asko asebetetzen nauela. Tamalez, nire lehen urteetan gure lan-baldintzak ez ziren oso duinak, ez geneukan lan hitzarmenik… Realean bai, gure egoera nahiko ona zen beste batzuekin alderatuta, baina orokorrean hartuta emakumezkoen futbolean egoera oso txarra zen. Eta urte gutxi batzuetan nolako aldaketa eman duen eta ni horren parte izatea ere…». UNE BAKOITZAZ GOZATU Lasartearrak aste pare bat ditu oraindik bere ondarea handitzen jarraitzeko. Eta asmoa, eta taldekideei opa diena, «une bakoitzaz gozatzea» da. Azken batean, bizitza osoan egiten saiatu dena. «Oso exijentea naiz eta, exijentzia maila horretan ere disfrutatzea lortuz, gaur naizena izatea lortu dut. Une txikiak disfrutatu, gauzak hain ondo joan ez diren uneetan gauza onak ateratzea lortu… Ni hori naiz eta oso harro eta oso pozik nago», azaldu du. ARGAZKIAK��Une txiki oroz gozatzen�� saiatu bada ere, bi irudi aukeratzen ditu lasartearrak bere ibilbideari begiratzean: ��Kopa altxatu nuenekoa�� eta ��Realarekin sartu nuen lehen gola, Logro��on. Galtzen gindoazen, bigarren zatian irten nintzen eta korner batean burukada batekin sartu nuen. Gero Maddik bigarrena sartu, eta berdintzea lortu genuen��.