GARA Euskal Herriko egunkaria
AZKEN PUNTUA

Emaitzak


Ez naiz futbolzalea, baina gorritxoek eragindakoa nabarmena da. “Osasuna” fenomeno soziologiko gisa aztertuko da etorkizunean. Nonbait idatziko dute Erriberak eta Baztanek bat egin zutela une batez. Aipatuko dute bertsoek eta jotek bat egin zutela askotarikoa eta aberatsa den Nafarroa izeneko plazan. Gerora, elkarbizitza esango diote fenomenoari.

Plazaratutako argazkien artean bada zerbait alda daitekeela pentsarazi didan bat. “Gizon bat, negar batean” izenda genezake, eta Osasunako entrenatzailea da gizon negartia. Une batez, imajinatu dut irudi horrekin amaituko direla patioan marikoi negartiari esaten dizkioten irainak.

Bestetik, albistegiek ez diote ia tokirik utzi Txileri. Horren txikia da... Ultraeskuinak irabazi ditu hauteskundeak. Horren txikia izanda ere garaiotan izan den odol isuria etorri zait gogora, Victor Jararen kantuarekin batera; “Yo pregunto si esta tierra es nuestra y no del que tenga más”. Eskerrak gurean hobeto gabiltzan. Iruñeko bi eskola kontzertatu notak manipulatzen ibili diren susmoa du Arartekoak. Baina halako ikerketa bati ekiteko baliabiderik ez dagoela diote ezkerreko gobernuko Hezkuntza arlotik.

Irratia piztu dut aurrera egin nahian, ea 1974ko Txiletik Portugalera jauzi egin eta “Grandola Vila Morena” kantua jartzen duten, iraultzari hasiera emateko.