GARA Euskal Herriko egunkaria

NON ETA NOLA EGIN ZEN GIROKO TROFEOA? ZERGATIK DU KIRIBIL FORMA?

«Senza Fine» du izena Italiako Giroko garaikurrak. Munduko lasterketarik zaharrenetako baten historia amaigabea irudikatzen du; ertzetan ez du amaierarik, infinitua sinbolizatze aldera. 2000. urtetik maglia arrosa jantzi duten txirrindulari guztien izenak ageri dira. Lortzen lehena Stefano Garzelli italiarra izan zen.

Giroko trofeoa San Salvon, aurtengo edizioko bigarren etapako irteeran. (Jasper JACOBS | EUROPA PRESS)

Non eta nola egin zen Italiako Giroko trofeoa? Eta zergatik du espiral forma? Galdera horiei erantzuteko, 23 urte atzera egin behar da, hain justu, 2000. urtera. Izan ere, urte horretan eman zioten lehen aldiz garaikurra Giroa irabazi zuen txirrindulariari; Stefano Garzelli italiarrari, hain zuzen.

Italiako Giroa txirrindularitzak duen altxorrik preziatuenetako bat da, ibilbidea ederra eta aldi berean exijentea delako, Italian txirrindularitza modu berezian bizi dutelako eta irabazleen esku dagoen trofeoa ikusgarria delako. “Senza Fine” (Amaierarik gabea) du izena Italiako Giroko garaikurrak. Espiral forma du eta munduko lasterketarik zaharrenetako baten historia amaigabea islatzen du. Garaikurrak lasterketaren ibilbidea irudikatzen du; izkinetan ez du amaierarik, infinitua sinbolizatu nahian.

Horrez gain, berezitasun bat du: kiribil forma horretan 2000tik maglia arrosa jantzi duten txirrindulari guztien izenak ageri dira. Trofeoa irabazi zuten lehen hiru txirrindulariak italiarrak dira: Garzelliren atzetik (2000), Gilberto Simonik (2001) eta Paolo Savoldellik (2002) lortu baitzuten.

Garaikur hori maizen altxatu duen herrialdea, nola ez, Italia da; hamabi bider. Gero, gainerako guztien artean, Euskal Herria dago, Miguel Indurainen garaipen handiarekin. Behin irabazi duten beste herrialdeak hauek dira: Espainia, Errusia, Kanada, Kolonbia, Herbehereak, Erresuma Batua eta Ekuador.

54 ZENTIMETRO ETA 9,5 KILO

Trofeoa Italiako ipar-ekialdeko Vigodarzere herri txikian egiten da, Padua hiritik hamar kilometrora. Coppe e Trofei Penello Mario lantegian egiten dute, 1999. urteaz geroztik. Diseinua Fabrizio Gallik egin zuen; garaikur berri bat egiteko Italiako Kobre Institutuak antolatutako lehiaketa irabazi zuen.

“La Gazzetta dello Sport” egunkaria eta RCS Giroa antolatzen duen enpresa harrituta geratu ziren Gallik egindako bozetoarekin, eta trofeoa egiteko Mario Penelloren lantegia aukeratu zuten. «Lehen proposamen hura prototipo digital baten gainean egin zen, eta, beraz, ez zen erraza hori errealitatean gauzatzea. Gainera, kostuak ez ziren bereziki baxuak, baina saiakera askoren ondoren, lortu genuen», azaldu zuen duela urtebete Luca Penellok, Mario Penelloren semeak, “Rouleur” egunkarian.

Trofeoak 54 zentimetro ditu eta 9,5 kilo pisatzen du. Hilabete behar da berau egiteko. Lehen urratsa kobrezko barra bat biribiltzea da. Pixkanaka, tolesteko makina batekin forma ematen zaio, lehen leunketa egin arte. Ondoren, termikoki tratatzen da, eta bihurritu egiten da, kiribil forma emateko. Neurri zehatza lortu ondoren, oinarria gehitu eta leundu egiten da berriro. Giroa irabazi duten txirrindulari guztien izenak grabatzen dira laser batekin, eta azkenik, harea finezko hodi bat ezartzen zaio.

2017TIK HELMUGAN GRABATZEN DA

Luca Penelloren lana, ordea, ez da amaitzen hemezortzi kilateko urrezko garaikur ederra lantegian egindakoan. Izan ere, Italiako Giroko 2017ko edizioaz geroztik, Penello lasterketako helmugan egoten da -Milango Piazza del Duomon amaitzen da-, maglia arrosa irabazi duen txirrindulariaren izena eskuzko pantografo batekin irartzeko prest. «Niretzat ohore handia da lasterketa garrantzitsu, ospetsu eta historia handiko baten garaikurra egitea», azpimarratu zuen Luca Penellok.

Italiako Giroko garaikurra egiteaz gain, Coppe e Trofei Penello Mario lantegiak Milan-Sanremo, Milan-Turin, Strade Bianche eta Tirreno-Adriatiko lasterketako garaikurrak ere egiten ditu.