GARA Euskal Herriko egunkaria

Musikaren segadak


Biko-k bekoz beko ikusi zituen hil zuten torturatzaileak. Peter Gabrielek Biko abestian dio “bikoz Biko”. Pasaiako segadan, bekoz beko ikusi zituzten lau fusilatuek hiltzaileak, eta baita bizirik atera zen hark ere, bekoz beko. Urteak igaro dira, hogeita hemeretzi, hiltzaileen aurpegiak aldaturik egongo dira, baina bekoz beko ikusitako metrailadunen begiak eta hazpegi erak iltzaturik egongo dira bizirik atera zenaren hipokanpoan. Segadak bekoz beko. Barrikada taldeak samina gehi aiherkundea adierazi zuen kantuarekin, eta asko geratu ginen sarraskiaren amorrazioarekin, besoak antxumatuta edukitzeko garairik ez dagoela, ezta amore emateko. Begietara begira aurpegi osoak ikus daitezke, eta kantu askotako letrek bekoz beko begiratuko dute beti, begiratzen duenak ikus dezakeelako, baina hiltzaileek edo estatuko botere betearazleek ez dute izan balen bestondorik. 113 bala-zulo lau gorputzetan. Bala erauntsiak ez zuen balakatu gobernua, losintxa txintik ere ez. Sirena urdinarekin doan legearen indarkeriak braust batean egin zuen segada. Soziedad Alkoholika taldeak argitaratutako bigarren diskoari jarri zion izenburuak garbi erakusten du gertakizunak desitxuratu nahi dituenean botereak, edo isilarazi, maiz kontrako ondorioa datorrela, “barrika hutsak azantza handiena du”. Bai, 39 urtera ere, exekuzioa izan zen Pasaiakoa eta beste asko, laurak exekutatu egin zituzten, eraitsi tokian denon bekoz beko, beacause hargatik. Bai, hori baita botere guztien nortasuna, gustuko ez duena ezabatzea.